Emmy Hennings | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Flensburg, 1885eko urtarrilaren 17a |
Herrialdea | Alemania |
Heriotza | Sorengo, 1948ko abuztuaren 10a (63 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Hugo Ball |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | alemana |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, idazlea, aktorea, cabaret performer (en) , editorea, abeslaria eta chansonnier (en) |
Parte-hartzailea
| |
Mugimendua | dadaismoa |
Izengoitia(k) | Charlotte Leander |
Emmy Hennings (Emma Maria Cordsen jaioa; Flensburg, Alemania, 1885eko urtarrilaren 17a- † Sorengo, Suitza, 1948ko abuztuaren 10a) alemaniar artista eta poeta izan zen. Cabaret Voltaire sortzaileetako bat izan zen.
Gazte ezkondu zen Wilhem Vio ibiltariarekin, eta alabatxoa ere izan zuten, Anne Marie. Viorekin ezagutu zituen lehenengo kabaretak, taberna zuloak eta kasinoak. Goseak jota, prostituta ere aritu zen. Bremen hirian ohartu zen, baina, sexua salduz antzerki enpresari, zuzendari eta kritikarien mesedeak lor zitzakeela. Lur jota zegoenean, elizetara jotzen zuen, beirateetako santuak marraztera, hondo beltz eta sakonetik azaleratzeko asmoz. 1910ean, Koloniara joan zen, eta John Hoexter poeta homosexual, judu eta suizida ezagutu zuen. Haren bitartez, morfina, opioa eta eterra ere probatu zituen, droga saltzailea baitzen. Hoexterrek, halaber, mugimendu espresionistan murgildu zuen. Hala, garai hartako izen handiekin erlazionatu zen; tartean, D'Annunzio, Marinetti eta Cocteaurekin. Gero, Munichen eta Berlinen, garai txarrak bizi izan zituen, baina ragtime erritmoekin ere zoratu zen, eta panpinak eraikitzen zituen emakume batekin maitemindu zen. Azkenik, 1914an, Hugo Ball ezagutu zuen, Municheko "Simplicissimus kabaret" ezagunean. Laster, abentura dadaista hasiko zuten elkarrekin, Zurichen, Lehen Mundu Gerrarekin batera. Antzerki dadaistako aktore guztiak ezagutu zituen bertatik bertara, Janco, Richard Huelsenbeck, Hans Arp eta Tristan Tzara, besteak beste —Tzararen eta Henningsen artean sekula askatu ez zen tentsio sexual nabarmena tenkatu zen—. Arte eta gizarte burgesaren kontrako mugimendu berritzailean ere gizonezkoak nagusitu ziren, eta haien arteko norgehiagokak ere piztu ziren; esaterako, Ball, Huelsenbeck eta Tzararen arteko liskarra dada izena nork asmatu zuen argitzeko. Bada, Henningsek asmatu zuen dada hitza. Ballekin erabiltzen zuen etxeko kode bat zen: kalera atera nahi zuenean, «dada» esaten zion senarrari haur baten ahoskera erabiliz, da-k han esan nahi baitu alemanez.[1]
63 urterekin hil zen, Luganon, alaba eta ilobak ondoan zituela. Ballen ondoan lurperatu zuten. Hiletara ez zen dadaista bakar bat ere agertu.[1]