Fernando Belaúnde Terry (Lima, Peru, 1912ko urriaren 7a - Ib., 2002ko ekainaren 4a) politikaria eta arkitektoa izan zen. Peruko Errepublikako lehendakaria izan zen 1963-1968 eta 1980-1985 bitarteetan.
Arkitektura ikasi zuen Estatu Batuetan, eta arte hori Perun sustatzeko lan handia egin zuen. El arquitecto peruano aldizkaria, Peruko Arkitektoen Elkargoa eta Peruko Hirigintza Institutua sortu zituen horretarako. Politikagintzan, Peruko Fronte Demokratiko Nazionaleko diputatu izan zen, 1945etik 1948ra bitartean. 1956an Herri Ekinbideko Alderdia sortu zuen, eta Peruko lehendakari izan zen 1963tik aurrera, militarrek kargutik kendu zuten arte (1968).
Hainbat urtez Argentinan eta Estatu Batuetan erbesteraturik egon ondoren, 1977an Perura itzuli zen, eta 1980ko hauteskundeetan Errepublikako lehendakari aukeratu zuten berriro. Peruko ekonomia Nazioarteko Diru Funtsaren mende jartzeak eta Peruko Alderdi Komunistako gerrillari taldearen aurka gerra zikina erabiltzeak herritarren babesa kendu zioten, eta 1985ean haren alderdiak galdu egin zituen hauteskundeak. Orduz geroztik, ez zen gehiago aurkeztu lehendakari izateko, baina buru-belarri jardun zen politikagintzan.