Florisbadeko garezurra, batzuetan Homo helmei izenez aipatua, 1932an aurkitu zuen Thomas Dreyer irakasleak Florisbad aztarnategian, Bloemfonteindik 50 bat kmilometrora, Hegoafrikan.[1] Fosilak aurpegiaren eskuinaldea, kopeta gehiena eta goiko gangaren eta alboko hormen zati bat gordetzen ditu. Zuhurragin bat aurkitu zuten garezurrarekin; eta 1996an hagin horretako bi esmalte lagini egindako datazioak dioenez, orainaldia baino gutxi gorabehera 259.000 urte lehenagokoa da.[2]
Dreyerrek Homo helmei izenez deskribatu zuen, Homo sapiens fosilekiko eta beste Homo espezieekiko dituen desberdintasunak nabarmentzeko.[1][3] Gerora H. sapiens arcaicus gisa sailkatu zen edo Homo heidelbergensis edo bere homologo afrikarrari esleitu zitzaion Homo rhodesiensis. Izan ere, Florisbadeko garezurrak H. heidelbergensis edo H. rhodesiensis eta H. sapiensen arteko tarteko forma du: Günter Braüerrek Afrikan H. sapiensera izan duen bilakaera aztertzeko esparrua proposatu zuen, bi fase antzemangarrirekin: lehenengoa, Kabwe (H. rhodesiensis prototipoa) eta Elandsfontein (Saldanha inguruan) eta Afrikako ekialdeko beste zenbait garezurrek irudikatua; hurrengo fasearen ordezkaria, berriz, Florisbadeko garezurra litzateke.[4]
2020an, bere morfologia neurokranealaren azterketa batek aurkitu zuen aurrealdeko eskalaren kurbatura gizakien bariazio modernoaren barruan dagoela, nahiz eta aurreko garezur-hobia oso zabala den, neandertalenaren parekoa. Aitzitik, lobulu parietala eta sare baskularrak gizakien espezie arkaikoagoetan ikusten den morfologiaren antzekoak dira, hala nola, Homo heidelbergensisarena. Emaitza horietan oinarrituta, Homo sapiens populazio oso goiztiarra edo beste giza leinu paralelo bateko talde desagertua irudika liteke.[5]
Robert Foleyk eta Martha Mirazón Lahrrek uste zuten H. helmei gizaki modernoek garatutako lehen teknologien jatorriarekin eta Afrikatik hedatzearekin lotzen zela.[6] Sally McBreartyk eta Alison Brooksek giza portaera modernoaren agerpenaren eta bederatzi fosilen taldearen arteko harremana aztertu zuten, Florisbadeko garezurra barne, H. helmei izendatutako taldea.[7]