Gabriel Celaya | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Hernani, 1911ko martxoaren 18a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Madril, 1991ko apirilaren 18a (80 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Amparo Gastón |
Hezkuntza | |
Heziketa | Unibertsitate Zentrala |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, idazlea, ingeniaria, prosalaria, antzerkigilea eta saiakeragilea |
Jasotako sariak | ikusi
|
Genero artistikoa | olerkigintza saiakera |
gabrielcelaya.com | |
Gabriel Celaya[1], izen osoa gaztelaniaz Rafael Gabriel Juan Múgica Celaya Leceta Cendoya,[2] (Hernani, Gipuzkoa, 1911ko martxoaren 18a - Madril, 1991ko apirilaren 18a) gaztelaniaz idatzi zuen Euskal Herriko idazlea izan zen.
Gabriel Celaya Hernanin jaio arren, egun gutxi zituela ekarri zuten Donostiara, eta han igaro zuen haurtzaroa. Aitak, Luis Múgica Leceta, jatorri apalekoa izanagatik, industriarekin lotutako enpresa bat sortzea lortu zuen. Ama, Ignacia Celaya Cendoya, aitarena baino klase goragoko mediku, musikari eta abenturazale familia batekoa zen.[3]
Izen osoa Rafael Gabriel Juan Múgica Celaya Leceta Cendoya zen. Lehengo liburua Rafael Múgica bezala sinatu zuen, izatez, Celayak berak adierazi zuenez, "gerora, jada, familiaren enpresa batean lanean ari nintzela, Administrazio Kontseilutik esan zidaten ingeniari batek bertsoak idazten zituela jakiten bazen, horrek kalte egin ziezaiokeela enpresaren sinesgarritasunari. Hortaz, nire bigarren izen-abizenetara jo nuen, eta horrela jaio zen Gabriel Celaya".[4] Hala ere, Juan de Leceta bezala sinatu zituen zenbait liburu ere, hots, hirugarren izen-abizenak erabilita, Gabriel Celaya izenarekin behin betikoz geratzea erabaki zuen arte.
1936. urtean, gerra hasi baino lehen, Gustavo Adolfo Bécquerren mendeurreneko saria eman zioten La soledad cerrada (Bakartasun itxia) poema liburuagatik (1947an argitaratua). 1927ko belaunaldiko poetekin harremanak izan bazituen ere, bera 36ko belaunaldiko poetatzat hartua izan da. «Poesia soziala» delakoaren teorizatzaile eta bultzatzaile nagusietako bat izan zen hasieran. Alegia, Celayarentzat, «poesia, mundua aldatzeko tresna da». Azken urteetan, ordea, joera horretatik aldendu eta lurrarekin, itsasoarekin eta paisaiarekin lotuago sentitzen du bere burua. Bere kezka nagusia da gizona kosmosaren barruan kokatzea. Filosofo presokratikoek eraginda, Celayak berak orfikoa deitzen duen poesia mota egin zuen, orduan. Ehun liburu inguru idatzi zituen guztira, genero guztietakoak (poesia, antzerkia, eleberria, saiakera); gainera, gaztelarazko idazle klasikoen azterketak eta gaztelaniarako itzulpenak ere egin zituen (Rimbaud, Paul Éluard, Rainer Maria Rilke). Celayaren literatura teoria ulertzeko ezinbestekoak dira saio liburuak irakurtzea: Poesía y verdad (1960), Inquisición de la poesía (1972). Hauek ditu lan nagusietako batzuk: lehena, Marea del silencio (Ixiltasunaren itsasaldia, 1935), Las cartas boca arriba (Kartak ahoz gora, 1951), Cantos Iberos (Iberiako kantuak, 1955), Baladas y decires vascos (1965, Euskal baladak eta esaerak), Cantos y mitos (Kantak eta mitoak, 1983), etab. 1990ean azken poema liburua argitaratu zuen, Orígenes, gaztelaniaz eta euskaraz. Lehentxeago argitaratu zuen Gaviota (Kaioa) argitarapen elebiduna hau ere, Celayaren obraren antologia nagusia.