Garazi Murua Astorkiza (Getxo, 1995eko urtarrilaren 24a) bizkaitar futbolari ohia da, atzelari postuan jokatzen zuena.[1] 2011n Lezamara iritsi zenetik kadete mailan, hamar denboraldi eta 178 partida jokatu zituen, eta 2015-2016ko ligako azken txapeldunetako bat da. Penalti jaurtiketetan espezializatu zen, eta zortzi gol sartu ditu bere ibilbidean.
Andra Mari Ikastolan eta Bizkerre Futbol Taldean ekin zion futbolari. 15 urte zituela, Athletic B taldean hasi zen jokatzen. Lehen taldera heldu baino lehen, bost hilabetez Ameriketako Estatu Batuetako ligan ibili zen, East Tennessee State Unibertsitatearen taldean. Ondoren, 2014-2015eko denboraldiko bigarren itzulian egin zuen debuta Espainiako Lehen Mailan, Juanlu Fuentesen eskutik, Collerenseren kontra. Hurrengo sasoian, talde zuri-gorriak, denboraldi bikaina eginda, liga irabazi zuen. Bide horretan, Muruak norgehiagoka guztiak jokatu zituen, eta Lehen Mailan egonkortu zen. Geroztik, Athleticeko lehen taldeko kapitaina izan da urte askoan, harik eta disko hernia baten ondorioz 2023ko martxoan ebakuntza egin zioten arte. Azken partida 2022ko maiatzaren 15ean jokatu zuen, Lezaman, Sevillaren aurka.[2]