Helena Cortesina | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Elena Cortés Altabas |
Jaiotza | Valentzia, 1903ko uztailaren 17a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Buenos Aires, 1984ko martxoaren 7a (80 urte) |
Hobiratze lekua | La Chacarita hilerria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | aktorea, film-zuzendaria, zinema ekoizlea eta dantzaria |
Helena Cortesina edo 'valentziar Venusa', jaiotzaz Elena Manuela Dolores Cortés Altab (Cabanyal, Valentzia, 1903ko uztailaren 17a – Buenos Aires, 1984ko martxoaren 7a) dantzaria, kupletista, zinema- eta antzerki-aktorea eta Espainiako lehen emakume zinema-zuzendarietako bat izan zen. 1923an "Flor de España edo La historia de un torero" filma egin zuen, eta 1918an "Thais" filma zuzendu zuen Elena Jordirekin batera, Espainiako zinemaren aitzindarietako bat izan zen.[1]
Valentzian jaio zen 1903ko uztailaren 17an —zenbait iturriren arabera, Cabanyal-Canyamelarren jaio zen. Bi ahizpa gutxienez izan zituen, Ofelia eta Angélica, lehen film mutua egiten lagundu baitzioten. Oso ezaguna izan zen XX. mendeko bigarren hamarkadatik eta laugarrenera, "Venus valenciana" ezizenarekin; ezizen hori geroago Carmen Gimeno Presencia vedetteak ere erabili zuen.[2]
Oso goiz hasi zuen bere dantzari ibilbidea: 1916an, jada iragarri zen prentsan bere emanaldia, bariete ikuskizun batean.[3]
1920an, José Buchsek zuzendutako La venganza del marino film baten paper txiki batean egin zuen debuta zineman. Gero, zuzendari beraren La inaccesible filmeko aktore nagusia izan zen.[4][5]
Urtebete geroago bere produkzio-etxea sortu zuen (Cortesina Films), eta 1922an José María Granada klerigo-dramaturgoaren gidoiarekin, Flor de España edo La historia de un torero film mutua egin zuen, Espainiako emakue zinemagile batek egindako lehen filma.[6] Madrilen eta Aranjuezen filmatu zen, eta bertan Helena bera aritu zen Ofelia eta Angelica ahizpekin batera.[4]
1922ko abenduaren 12an estreinatu zen filma lehenik Bartzelonan eta ondoren, Madrilen.[7] 1929an artean Bartzelonako pantailetan emititu zutela jakin arren, produkzio-etxea film bakar hori egin ondoren likidatu zen.[8][9] 2015. urtean, filmaren partitura —Mario Bretonek, Tomás Bretónen semeak— berreskuratu eta aztertu egin zuen, eta filma berreraikitzeko balio izan zuen.[10]
1930ean, Martínez Sierrarekin batera, María Lejárragak Triangulo lana interpretatu zuen, Catalina Barcenarekin batera.[11]
1933an Buenos Airesera joan zen Manuel Fontanals lankide sentimental eta eszenografoarekin. Lola Membrives-en konpainian García Lorcaren zenbait obra interpretatuz jardun zuen, horietako batzuk Lorcak berak zuzenduak.[12]
Espainiako Gerra zibila hastean, Kultura Defendatzeko Intelektual Antifaxisten Aliantzarekin elkartu zen.[9] Cortesina Argentinara itzuli zen, ordukoan erbesteratu gisa, eta antzerki- eta zinema-aktore jarraitu zuen. 1938an, Edmundo Guibourg-ek zuzendutako Bodas de sangre filmean parte hartu zuen, Margarita Xirgú, Amelia de la Torre edo Enrique Diosdado bezalako erbesteratuekin batera.[13]
1940an, Andrés Mejutorekin batera, Cortesina-Mejuto konpainia sortu zuen, eta 1950eko hamarkadan Espainiara itzuli zen noizean behin, film batzuetako bigarren mailako paperetan agertuz.[14]
1984an hil zen Buenos Airesen. Gorpuzkiak Chacaritako hilerrian daude.