Ida Barney | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | New Haven, 1886ko azaroaren 6a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | New Haven eta Hamden, 1982ko martxoaren 7a (95 urte) |
Hobiratze lekua | Grove Street Cemetery (en) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Yale Unibertsitatea 1911) Doktoretza : matematika Smith College 1908) Artean graduatu |
Tesi zuzendaria | James Pierpont (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | astronomoa, matematikaria eta unibertsitateko irakaslea |
Enplegatzailea(k) | Yale Unibertsitatea Rollins College (en) (1911 - 1912) Smith College (1912 - 1921) Lake Erie College (en) (1917 - 1919) Meredith College (en) (1919 - 1920) |
Jasotako sariak | |
Kidetza | Yale University Observatory (en) |
Ida Barney (New Haven, Estatu Batuak, 1886ko azaroaren 6a - ib.1982ko martxoaren 7a) astronomo estatubatuarra izan zen, ezaguna egin zena 22 bolumenetan 150.000 izarren neurketa astrometrikoak egin zituelako.[1] Smith College-n eta Yale Unibertsitatean ikasi zuen. Yale Unibertsitateko Behatokian egin zuen lan eta 1952an Annie Jump Cannon Astronomia saria jaso zuen.
1886ko azaroaren 6an jaio zen New Havenen (Connecticut). Bere gurasoak Ida Bushnell Barney eta Samuel Eben Barney ziren. Ida Barney hegazti behatzaile amorratua zen eta New Haven Bird Clubeko presidentea ere izan zen. Yalesetik erretiratu ondoren, New Haven-era itzuli zen bizitzera, eta bertan hil zen 1982ko martxoaren 7an, 95 urte zituela. New Haveneko (Connecticut) Grove Street hilerrian dago lurperatuta.[2]
Barney Smith College-n graduatu zen, 1908an, Arte Lizentziatura titulua lortuta. Han, Phi Beta Kappa eta Sigma Xi ikasle sozietateetako kidea izan zen. Lizentziatu eta hiru urtera doktoregoa lortu zuen, matematiketan, Yale Unibertsitatean.
1911-1912 bitartean, Barney matematikako irakasle lanetan aritu zen Rollins College-n. Ondoren, bere alma mater-ean Smith College-n egin zuen lan matematikak irakasten. 1917an Lake Erie College-n kontratatu zuten irakasle eta han egon zen 1919ra arte. 1920an, Smith College-ra itzuli zen irakasle laguntzaile gisa. 1922an, Yale Unibertsitateko Behatokiak Barney ikertzaile laguntzaile izendatu zuen, eta kargu hori bete zuen 1949ra arte, ikertzaile izatera heldu zen arte, hain zuzen ere.[3] Behatokiak argazki kamaradun teleskopioak garatzen zituen eta baliabide garrantzitsuak bideratzen zituen astronomiara. Astronomia karreraren hasieran, Barney-k Frank Schlesinger-en zuzendaritzapean egin zuen lan. Orduan, argazki-plaketan markatu zituen izarren posizioak eta haien zeruko koordenatuen kalkuluak landu zituen plaketako posizioetatik.[4] Zeregin neketsua zen, eta Schlesingerri egokia iruditzen zitzaion ikerketa teorikorako kualifikatuta ez zeuden emakumeentzat. Hala ere, Barneyk argazki plakak automatikoki zentratzen zituen makina bat erabiltzen zuen eta hainbat metodo garatu zituen, neurketen zehaztasuna eta abiadura handitzen dituztenak, besteak beste. Yale Behatokiaren Zonako Katalogoan ekarpen handia egin zuen 23 urtetan zehar egindako bere lanak. 1939tik 1983ra Yale Behatokiak izar katalogo sorta bat argitaratu zuen, ia 400.000 izar biltzen zituena eta Bright Star Katalogoan eragina izan zuena. Izarren katalogo hauei egindako Barney-ren ekarpena, gutxi gorabehera 150.000 izarren posizio, itxurazko magnitude eta mugimendua erregistratzean datza. Zehaztasun handia duenez, gaur egun ere erabiltzen da katalogoa eta mugimenduak aztertzen dira. 1955ean bizitza akademikotik erretiratu zen. Ellen Dorrit Hoffleit izan zen Barney-ren oinordekoa.