Irn-Bru Eskozian oso ezaguna eta edana den edari freskagarri bat da. A.G. Barr. eskoziar enpresak ekoizten du. Edari hau bere salmenta merkatu nagusiena den Eskoziako lurralde osoan zabaldua dago, Eskozia ordezkatzen duen edari ezagunenetakoa bilakatu delarik.[1] Gainera Erresuma Batua osoan eta munduko beste hainbat herrialdeetan ere salgai egon ohi da.
Irn-Bru Eskozian Coca Cola eta Pepsi estatubatuar edariekin horpoz-horpo lehiatzen den edaria da.[2] Betiko Irn-Bru bertsio klasikotik at, adibidez, azukrerik gabeko Irn-Bru 32 bertsioa ere salgai badago.
1901an A.G. Barr. enpresaren sortzailea zen Robert Barrek Falkirk hirian edari hau ekoizteari ekin zion, ordutik gaur egun arte bere ezaugarri nagusia den kolore laranjarengatik nabarmentzen da. Hasiera batean Glasgow hiriko burdin lantegietako langileentzako edari egoki gisa saldu zen, horregatik bere lehenbiziko izena Iron Brew izan zen ("Burdin Legamitua"). Robert Barren semea eta Glasgowko burdin lantegi garantzitsuenetako baten nagusia zen Robert Fulton Barr edaria Eskozia guztian salgai jartzeko aitarekin ados jarri zen. Edari freskagarri bizigarri modura iragarri eta bere lehenbiziko irudia atletabatena izan zen, gerora Cambridgeko arraunlari bat izan zelarik. Bestaldetik, Iron Brew izena zitrato ferriko amoniko gutxieneko kopuru bat daramalako ere badu.
1942an Bigarren Mundu Gerraren ondorioz Iron Brew edaria salgai egotetik utzi eta bere ekoizpena eten zen. Ondoren, edari hura berez legamitutako edaria ez zenez eta Britainiar Gobernuaren legediaren arabera legamitutako edariak ez zirenak "legamituta" ("brew") hitza eraman ezin zezaketenez, Barr familiak edaria Irn-Bru izenara aldatu eta ekoizpenari berrekin zion. Beranduago, enpresa honek bere ekoizpena beste edari batzuetara ere zabaldu zuen, bienbitartean Irn-Bru Eskoziako freskagarri ospetsu eta edanena bilakatu zen, bestalde gainontzeko Erresuma Batuko lurraldera ere ezarri zen. Coca Cola eta Pepsi estatubatuar freskagarrien etorrerarekin batera, Irn-Bru freskagarrien merkatuko lehen edaria izatetik laga zion, halere Eskozian bere bi lehiakideen adineko salmenta kopuruak izan ohi ditu, gehienbat bere iragarki kanpainia irudimentsu eta eztabaidagarriei esker. 1980ean kalori baxuko Irn-Bru bertsioa salgai jarri zen, 1991an Diet Irn-Bru gisa berrizendatu zen, eta 2006an Irn-Bru 32 salgai jarri zen, hau bertsio energetikoa delarik.
Irn-Bru edariak bere ezaugarri nagusia den kolore laranja aurkeztu ohi du, ezaugarri hau bere ekoizpenean erabilitako osagaien ondorioa da. Edariak gutxieneko zitrato ferriko amoniko bat du, hau lehenbiziko urtetako %0,125tik gaur egungo %0,002ra murriztu da. Azukreaz gain, 32 aromatizatzaile ere erabiltzen dira, horien artean kafeina eta kinina daudelarik, bi kolorante ere baditu: E110 eta E124. 2010ean A.G. Baar enpresak kolorante horiek kentzeko konpromisoa hartu zuen, nahiz eta hori noiz egingo duen oraindik ez zehaztu izan.[3] Edariaren zaporea arinki zitrikoa da.
Irn-Bru edariaren formula sekretua da eta 2009. urtera arte soilik A.G. Baar enpresako presidentea den Robin Baar eta beste pertsona ezezagun batek ezagutzen zuten. Baar familiak errezeta belaunaldiz-belaunaldi iragan du, eta jakitera eman denez, Robin Baar berak Iparraldeko Lanarkshire konderriko Cumbernauld udalerrian dagoen A.G. Baar enpresako egoitzan nagusian osagai sekretuak nahasten omen ditu. Gainera, formula sekretuaren kopia bat ere ba omen dago, hau Suitzako banku bateko segurtasun kutxa batean gordea dagoelarik.[4]