Italiar nazionalismoa Italiaren kultur eta politika batasunaren alde egiten duen ideologia da. Nazionalismo hori hertsiki lotuta dago Italiako estatu zentralista modernoaren sorrerarekin 1870ean eta geroko haren garapenarekin, eta italiarrak antzinako erromatarren ondorengotzat dauzka.
Italiar nazionalismoak sinesten du italiarrak etniaz, kulturaz eta hizkuntzaz milurteko batez Itailiar Penintsulan bizi izan ziren antzinako erromatarren ondorengoak direla.[1][2] Italiar nazionalismoaren lehen haziak Errenazimenduan aurki daitezke.[3] Italiar nazionalismoa indar politiko gisa 1830ean agertu zen lehen aldiz Italiar Penintsulan, Giuseppe Mazziniren gidaritzapean.[4] Horrek Pizkundea ekarri zuen 1860tik 1870era. Italiar nazionalismoa sendotu egin zen I. Mundu Gerran, Austria-Hungariaren kontrolpean ziren lurraldeak beretzat aldarrikatuz, baita italiar faxismoaren aldian.
Piemonte italiar lurraldeetako erregimen liberal bakarra zen 1848ko iraultzetatik. Ahalmen ekonomiko handiko erresuma zen eta, bertan umotutako herri mugimenduekin uztartuta, beste italiar herria askatzeko asmoa umotu zen. Asmo horrek Milango bost egunetan izan zuen abiapuntua. Piemonteko elite liberalek, Viktor Emanuel II.a Sardiniakoa erregea buruzagi sinbolikotzat hartuta (automatikoki Italiakoa bihurtu zen zenbaki berdinarekin), bat egin zuten harekin. Giuseppe Garibaldi jarri zen orduan ekimen nazionalistaren buru arlo militarrean.
Orduan Europan ontzen ari ziren teoriekin bat etorriz, eliteek italiar batasun hura aurrera eramateko tradizio luze eta sendo bat aipa zezaketen Italiaren naziotasunaren frogagarri: literatura eta administrazioko hizkuntza komun bat izatea, inoiz ez baitzuten izan elkarrekin identifikatzen zituen estaturik.[5] Italiera, baina, ez zen egunerokotasunean erabiltzen zen herri edo nazio hizkuntza bat; 1870eko bateratzearen unean, estimazioa da estatu berriko biztanleriaren % 2,5ek soilik hitz egiten zuela, gainerako gehiengo handia beste hizkuntza eta hizkera batzuetan mintzatzen zen, askotan elkarrekin ulertezinak.[6] Alde horretatik, benetan, 1860an bazen herri bat, etorkizunean italiar herria bihur zitekeena.[7]
Italiaren bateratzea Piemonteko Erresumak zuzendutako konkista izan zen lurralde bakoitzetik abiatutako mugimendu bat baino gehiago. Italiaren konstituzio berria Piemontekoa zen, eta Italian zehar ezarritako agintariak piemontetarrak izan ziren.[8] Cabourrek tokian tokiko eliteei ordena berrian zati bat agindu arren, hura hil egin zen luze gabe eta, emandako hitzaren ordez, estatu bereziki zentralista eratu zuten Erroman, tokiko eliteen partaidetza txikiaz, hasieran. Bultzada zentralista horri, gogor egin zioten Erroman (Vatikanoak), Venezian, Napolin (1861-1865) eta abarretan.[9]
Piemonteko gobernuak 116.000 soldadutik gora bidali zituen Napoliko matxinada zapaltzera, eta tokira gerra odoltsu eta lazgarria ekarri. Iparraldeko agintariek primitibo, alfer eta atzeratutzat eta espainiarren eraginpekotzat jo zituzten toki horietako herritarrak. Altxamenduek 1880 arte iraun zuten Napolin[9] Behin Erroma eta Venezia Erresuma berrira sartuta (1870) eta estatua bateratuta, Maximio de Acegliok, Italiaren bateratzearen teorialari eta politikariak adierazi zuenez, "egin dugu Italia dagoeneko, goazen orain italiarrak egitera", ez baitzegoen italiar kontzientzia nazionalik. 1876an, Lehen Hezkuntzako nahitaezko eskolatzea agindu zuen gobernu liberal berriak.[9]
Italia berriko desarrollismoaren zabalkundeak, hasierako librekanbismoak eta sortutako desoreka sozial handiek haserrea eta matxinadak eragin zituzten, baita pobrezia ere lurralde batzuetan, adibidez, Siziliako ehungintza industria porrotera bidali zuen. Trukean, gobernua Italiaz kanpoko gerrei eta errebantxismoari lotu zitzaion, adibidez, Hego Tirol eta Triesteri buruz, baina bereziki 1882 eta 1889an Eritrea Italiarentzat okupatuz eta Somalian gerra bat piztuz hurrenez hurren. Ondoren, Etiopia konkistatzen saiatu ziren, baina garaituak izan ziren Adwako batailan.[10]
Gerra amaierako faxismo politikoaren bukaerak (1945) bete-betean ireki zituen ateak egitasmo komunista ezartzeko. Aldiz, gerra hotzaren polarizazioaren ondorioz, Italia demokrazia-kristauaren eskuetan geratu zen, komunistekin lehian. Biak ere italiar nazioaz hitz egiten zuten, eta Italiako Alderdi Komunistak luze gabe alboratu zituen proposamen federalistak, estatu zentralistaren aldeko mezua zabalduz.