Jacuzzi (enpresa)

Jacuzzi (enpresa)
Datuak
Motanegozioa eta konpainia
HerrialdeaAmeriketako Estatu Batuak
Jarduera
Enplegatuak4.900
Agintea
Egoitza nagusi
JabeaApollo Global Management (mul) Itzuli eta Investindustrial (en) Itzuli
Historia
Sorrera1917
SorlekuaChino
webgune ofiziala
Facebook: jacuzziofficial Twitter: JacuzziOfficial Instagram: jacuzziofficialinstagram LinkedIn: jacuzzi-group Youtube: UC5XlAxvZxXuUBy1_kXWU70g Edit the value on Wikidata

Jacuzzi (jaˈkuttsi ahoskatua) italiar multinazionala da, bainuontziak ekoizten dituena.

1900an, Pordenonen (Friuli, Italia), Jacuzzi familiak, tartean zazpi anaiek, jaioterritik alde egitea erabaki zuen, Ipar Amerikan bizibidea hobetzeko helburuarekin[1].

Kaliforniako Berkeleyn ezarri ziren eta anaia zaharrenak makinak maneiatzen hasi ziren lanean. Esperientzia hark lagunduta eta San Frantzisko inguruan egin zuten hegazkin ikuskizun batek inspiratuta, 1915ean Rachel Jacuzzi hegazkinentzako propultsio-helizeak egiten hasi zen. Urte berean Jacuzzi Brothers enpresa sortu zuen anaiekin batera, eta Jacuzzi Toothpick (Jacuzzi txotxa) izeneko helize arrakastatsua merkaturatu zuen. Berehala kabina itxiko lehen hegazkin planobakarra asmatu zuten, eta ale asko ekoiztu behar izan zituzten, AEBetako posta zerbitzuak San Frantziskoko badiatik Yosemitera pertsonak eramateko hegazkin hura aukeratu baitzuen[1].

Baina 1921ean Giocondo anaia konpainiaren planobakarrean izandako istripu batean hil zen eta, ezbeharra gogoan, enpresak hegazkinak egiteari utzi zion. Hegazkinetako ponpa hidraulikoak egiten pilatutako esperientzia nekazaritzarako ponpak ekoizteko erabili zuten orduan. Jacuzzi ponpa berritzaileak Kaliforniako Estatu Azokako urrezko domina lortu zuen 1931n, negozio lerro berriaren arrakastaren seinale[1].

1943an, 15 hilabete zituela, Kenneth Jacuzziri erreuma-artritisa eta, beraz, min kronikoa diagnostikatu zioten. Candido Jacuzziren semea hidroterapia saioak hartzen hasi zen inguruko ospitale batean, baina saioek ez zuten oinazea luzaroan arintzen, eta haurra sufritzen ezin ikusita, nekazaritzarako ponpa hidraulikoa etxeko bainuontzian probatzea erabaki zuen aitak. Kennethen osasunak nabarmen egin zuen hobera, eta handik urte batzuetara gaixotasun kronikoak ez zion eragotzi enpresaren gidaritza bere eskuetan hartzea[1].

Jacuzzi enpresako modelo bat: podczas HORECA 2014 w Krakowie

Doikuntza batzuk erantsita, Jacuzzik 1955ean merkaturatu zuen ponpa, eta 1968an turrustak integratuta zituen bainuontzia ekoizten hasi zen. Hasieran erabilera terapeutikoarekin lotu arren, Hollywoodeko izarrek luxu bihurtu zuten, eta 1970eko hamarkadan, spa industria modernoarekin batera, ekoizpenak eztanda egin zuen. Jacuzzitarrak 1976 arte izan ziren enpresaren jabe, nahiz eta, hidromasaje bainuontziak ez ziren sekula konpainiaren ekoizpen lerro nagusia izan[1].

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e Irazustabarrena, Nagore. (2013-03-17). «Jacuzziren semeak burbuilazko bainuak behar ditu» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]