Jason Francis Kenny Bolton, Ingalaterra, Erresuma Batua 1988ko martxoaren 22a) txirrindularitzan pista modalitatean lehiatzen den atleta britainiarra da, abiadura eta keirin probetan espezialista. Zazpi aldiz olinpiar txapeldun, eta hiru aldiz munduko txapeldun izan da; historiako pistako txirrindularirik arrakastatsuenetako bat da. Olinpiar Jokoetan, pistako probetan, urrezko domina gehien dituen txirrindularia da .
Udako lau Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen 2008 eta 2020 artean, eta, guztira, zortzi domina lortu zituen: urrezkoa eta zilarrezkoa Pekinen 2008an, bi urrezko Londresen 2012n, hiru urrezko Rio de Janeiron 2016n eta urrezkoa eta zilarrezkoa Tokion 2020an. 2019ko Minskeko Europako Jokoetan, brontzezko domina irabazi zuen taldekako esprint proban[1].
2009 eta 2020 artean, hamar domina irabazi zituen Pistako Munduko Txirrindularitza Txapelketan, eta sei domina irabazi zituen Europako Pistako Txirrindularitza Txapelketan, 2010 eta 2019 artean[1].
Bere kirol arrakastagatik, Kenny Britainiar Inperioko Ordenako OBE) ofizial izendatu zuten 2012an[2].
2006 eta 2007an junior eta 23 urtez azpiko munduko eta Europako txapelketetan hainbat domina irabazi ondoren, Kenny 2008ko Pekingo Olinpiar Jokoetan lehiatzeko hautatu zuten[3]. Chris Hoy eta Jamie Staffekin batera, taldekako esprinteko urrezko domina irabazi zuen, sailkapen fasean munduko errekorra hautsiz[4]. Sprint finalean, zilarrezko domina irabazi zuen Chris Hoy taldekideak urrezkoa irabazi ostean.
2012ko urtarrilean, bere lehen munduko txapelketa irabazi zuen, 2011ko Munduko Kopan Grégory Baugéren emaitzak UCIk atzeraeraginez baliogabetu ostean, dopinaren aurkako bi kontroletara ez baitzen agertu[5]. 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan, urrezko dominak irabazi zituen taldekako nahiz bakarkako esprintean, finalean Baugéri irabazita.
Hurrengo urtean, bere bigarren munduko txapeldun titulua irabazi zuen, oraingoan, Minskeko Munduko Txapelketan ospatutako keirin ekitaldian. Baina bere urterik onena, 2016a izan zen, Londresen ospatutako Munduko Txapelketako banakako abiadura proba irabazi eta 2016ko Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan hiru urrezko domina lortu baitzituen banakako, taldekako eta keirin abiaduran.
Bere laugarren parte-hartze olinpikoan, Tokio 2020an, bi domina irabazi zituen, urrea keirin proban eta zilarra taldekako esprintean Ryan Owens eta Jack Carlinekin batera). [1]
2016ko irailetik, ezkonduta dago Laura Trott txirrindulariarekin, hura ere txapeldun olinpikoa[6].
Olinpiar Jokoak | |||
---|---|---|---|
Urtea | Lekua | Domina | Proba |
2008 | Pekín | Abiadura taldeka | |
2008 | Pekín | Abiadura bakarka | |
2012 | Londres | Abiadura bakarka | |
2012 | Londres | Abiadura taldeka | |
2016 | Río de Janeiro | Abiadura bakarka | |
2016 | Río de Janeiro | Abiadura taldeka | |
2016 | Río de Janeiro | Keirin | |
2020 | Tokio | Keirin | |
2020 | Tokio | Abiadura taldeka | |
Mundu Txapelketa | |||
Urtea | Lekua | Domina | Proba |
2009 | Pruszków | Abiadura taldeka | |
2010 | Ballerup | Abiadura taldeka | |
2011 | Apeldoorn | Abiadura bakarka | |
2011 | Apeldoorn | Abiadura taldeka | |
2012 | Melbourne | Abiadura bakarka | |
2012 | Melbourne | Keirin | |
2013 | Minsk | Keirin | |
2016 | Londres | Abiadura bakarka | |
2018 | Apeldoorn | Abiadura taldeka | |
2020 | Berlín | Abiadura taldeka | |
Europako Jokoak | |||
Urtea | Lekua | Domina | Proba |
2019 | Minsk | Abiadura taldeka | |
Europako txapelketa | |||
Urtea | Lekua | Domina | Proba |
2010 | Pruszków | Keirin | |
2010 | Pruszków | Abiadura bakarka | |
2010 | Pruszków | Abiadura taldeka | |
2013 | Apeldoorn | Keirin | |
2013 | Apeldoorn | Abiadura bakarka | |
2019 | Apeldoorn | Abiadura taldeka |