John Wilkes (Clerkenwell, Londres, Ingalaterra, 1725ko urriaren 17a - Clerkenwell, 1797ko abenduaren 26a) ingeles politikaria eta kazetaria izan zen.
Legebiltzarreko kidea zen. 1762. urtean The North Briton egunkaria sortu zuen. Egunkari horren bidez idazki bortitzak kaleratu zituen Jurgi III.a erregearen eta haren politikaren aurka. Behin baino gehiagotan atxilotu zuten, baina aske geratu ondoren berriro hautatu zuten Legebiltzarrerako (1768). 1774. urtean Londresko Lord nagusi izendatu zuten, eta Beheko Ganberako kideentzat euren eztabaiden gorabeherak argitara emateko eskubidea lortu zuen.
Erregearen autoritarismoaren aurkako eta ingelesen tradiziozko askatasunaren aldeko ikurtzat hartua da.