Joseph Saidu Momoh (Binkolo, 1937ko urtarrilaren 26a - Konakry, 2003ko abuztuaren 3a) Sierra Leonako presidentea izan zen. Lanbidez militarra izan zen eta Siaka Stevens presidenteak 1971n armadaburu eta 1974an ministro izendatu zuen. 1985eko azaroaren 29an, Stevensen ondorengoa izan zen Sierra Leonako presidente karguan. Larrialdi ekonomikoko egoera deklaratu arren, ezin izan zuen herrialdeko ekonomiaren kolapsoa saihestu. 1991n Sierra Leonako Gerra Zibila hasi zen Momoh boteretik kentzeko helburuarekin. Matxinoek Charles Taylor liberiarraren babesa zuten. Urte horretan bertan, Momohek alderdi bakarreko estatua desegin zuen eta alderdi anitzeko demokrazia ezarri zuen. Hala ere, Momoh 1992ko apirilean boteretik kendu zuten Valentin Strasser 25 urteko kapitainak zuzendutako estatu kolpe batean. Asilo politikoa jaso zuen Ginean eta han hil zen 2003an.