José Lambert | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Wingene, 1941 (83/84 urte) |
Herrialdea | ![]() |
Hezkuntza | |
Heziketa | KU Leuven |
Jarduerak | |
Jarduerak | translation scholar (en) ![]() |
José Lambert (Wingene, Belgika, 1941) Literatura Konparatuko eta Itzulpen Ikasketetako irakasle izan da, Katholieke Universiteit Leuvenen (KU Leuven), hain zuzen ere. Itzulpen ikasketetan lan garrantzitsuak egin ditu.
Lambertek Hizkuntza eta Literatura Frantsesa ikasi zuen KU Leuvenen, eta 1972an Literatura Konparatuko doktoregoa lortu zuen. Horren ostean, unibertsitate horretan klaseak ematen hasi zen. 1979an irakasle finko bihurtu zen, eta, ondoren, 2006an, irakasle emeritu. 1976an Literature and Translation: New Perspectives in Literary Studies izeneko kongresu historiko bat antolatu zuen Lambertek, eta diziplina berria (Itzulpen Ikasketak) ezartzeko urrats erabakigarria eman zuen horrela. Kongresu horren eskutik, zenbait adituk (James S. Holmes eta Itamar Even-Zohar), eta talentu gaztek (Gideon Toury, André Lefevere, Susan Bassnett, Theo Hermans eta Lieven D’hulst) euren nazioarteko eta diziplinarteko bidea hasi zuten itzulpenaren alorrean. 1985etik 1991ra arte Literatura Konparatuaren Nazioarteko Elkarteko idazkari europarra izan zen. 2011tik irakasle bisitaria izan da Santa Katarinako Unibertsitate Federalean (Florianopolis, Brasil), Penn State Unibertsitatean, New York Unibertsitatean, Albertako Unibertsitatean, Amsterdameko Unibertsitatean eta Sorbonan.
Lambertek 150 ikerketa-artikulu baino gehiago eta Literatura Konparatuari eta Itzulpen Ikasketei buruzko hainbat liburu argitaratu ditu.
1989an Lambertek KU Leuvenen ikerketa-programa berezi bat sortu zuen Itzulpen Ikasketen arloan, eta hori oinarritzat hartuz, Itzulpen Ikasketen Zentroa (CETRA) sortu zuen. Zentro hori udako ikerketa-eskola bat da, eta Lambert Ohorezko Presidentea da. Gainera, doktoregoko ikasketa-plan bat ere eskaintzen du, mundu osoko talentuak erakarri dituena. Urte horretan bertan, Gideon Touryrekin batera, Target: International Journal of Translation Studies sortu zuen Lambertek, Itzulpen Ikasketen inguruko aldizkari akademikoa. Lambertek “Manipulation School” taldean ere parte hartu zuen Gideon Toury, Hendrik van Gorp, Raymond van den Broeck, Maria Tymocko, Susan Bassnett eta André Lefevererekin batera. Talde horren izena adituek jarri zioten, itzulpena manipulazio gisa definitu baitzuten. Idatzi zituzten artikuluak liburu batean bildu zituzten, eta 1985ean Theo Hermansek argitaratu zuen: The Manipulation of Literature: Studies in Literary Translation.