Juan Astigarribia | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Donostia, 1901eko azaroaren 20a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Donostia, 1989ko martxoaren 4a (87 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Espainiako Gerra Zibila |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Espainiako Alderdi Komunista Euskadiko Partidu Komunista |
Juan Astigarribia Andonegi (Donostia, 1901eko azaroaren 20 - ibidem., 1989ko martxoaren 4) euskal herritar politikari komunista eta 1936an Eusko Jaurlaritzako Herri Lan Sailburua izan zen.
Asti ezizenez ezaguna, Nautika hiru urtez ikasi eta marinel bihurtu zen. Gaztea zela PCEn sartu eta Espainian zehar ibili zen zelula klandestinoak antolatzen. Gipuzkoa itsasaldeko langile-mugimenduaren buruzagietako bat izan zen. 1932an, Jose Bullejos idazkari nagusia partidutik kanporatu zutenean Kominternarekin edukitako liskarrengatik, Astigarribia zuzendaritzan sartzekotan zegoen, baina alderdi barneko tirabirak zirela eta, azkenean José Díaz hautatu zuten, Internazional Komunistaren gogoko hautagaia zena.
1934an, Espainiako Alderdi Komunistaren Federazio Euskal-Nafarreko (Federación Vasco-Navarra) idazkari nagusi bihurtu zen. Erakundearen ordezkari gisa, hurrengo urtean Moskura joan zen III. Internazionalaren VII. Kongresura, baina etsitua itzuli zen. Astigarribia kexu zen bere partiduak zeukan autonomia gutxiagatik Kominternak hartutako erabakien aurrean.
1935ean Euskadiko Partidu Komunista sorberriaren lehendabiziko Idazkari Nagusi izendatu zuten. Espainiako Gerra Zibila hasi eta gero Eusko Jaurlaritzako Herri Lan Sailburu hautatu zuten. Hala ere, Madrilen eta Bilbon zituen partidu barneko etsaiek, Jesus Monzon eta Ramon Ormazabal horien buru zirela, bere lana erasotu zuten. 1937an Bilbo galdu zenean, partidutik bota zuten Eusko Jaurlaritzaren erabakiak jartzeagatik bere alderdiari zor zion obedientziaren gainetik, eta Panamara ihes egin behar izan zuen Eusko Jaurlaritzako bere kideen laguntzaz.
1959an Kubako Iraultzak garaipena lortu eta gero, Kubara joan zen bizitzera bere familiarekin. 1974an Euskadiko Partidu Komunista berrantolatu zutenean, berriro zuzendaritzara itzuli zen, nahiz eta bertako zuzendari lanetan Ormazabal antzinako arerioa egon. Bien arteko tirabirak biziberritu egin ziren, eta Asti, partiduko gehiengoarekin batera eta Roberto Lertxundiren zuzendaritzapean, Euskadiko Ezkerran sartu zen. Hantxe militatzen eman zituen azken urteak, 1989an hil arte.
Eusko Jaurlaritzako sailburuak (1936) | ||
---|---|---|
Jose Antonio Agirre (Lehendakaritza) • Jesus Maria Leizaola (Lehendakariordetza eta Justizia eta Kultura) • Telesforo Monzon (Herrizaintza) • Eliodoro de la Torre (Ogasuna) • Santiago Aznar (Industria) • Juan de los Toyos (Lana, Aurreikuspen eta Komunikazioa) • Juan Gracia (Laguntza Soziala) • Ramon Maria Aldasoro (Merkataritza eta Hornikuntza) • Juan Astigarrabia (Herri Lana) • Alfredo Espinosa (Osasuna) • Gonzalo Nardiz (Nekazaritza eta Arrantza) |