Juan Crisóstomo Arriaga | |
---|---|
![]() | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Juan Crisóstomo Jacobo Antonio de Arriaga y Balzola |
Jaiotza | Bilbo, 1806ko urtarrilaren 27a |
Herrialdea | ![]() |
Heriotza | Paris, 1826ko urtarrilaren 17a (19 urte) |
Heriotza modua | berezko heriotza: tuberkulosia |
Hezkuntza | |
Heziketa | Parisko Kontserbatorioa |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | musikagilea |
Genero artistikoa | musika klasikoa |
Musika instrumentua | biolina |
![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() |
Juan Crisóstomo Jacobo Antonio Arriaga Baltzola (Bilbo, Bizkaia, 1806ko urtarrilaren 27a[1] - Paris, Frantzia, 1826ko urtarrilaren 17a) bizkaitar musikagilea izan zen. Bilboko Arriaga antzokiak haren omenez du izena.
Juan Crisóstomo Arriaga 1806ko urtarrilaren 27an jaio zen Bilboko Goienkaleko 12.ean eta Zazpi Kaleetako Joan Santuen elizan izan zen bataiatua. Bere jaiotetxean plaka oroigarri bat ikus daiteke. Juan Simon Arriaga Urlezaga eta Rosa Baltzola Garamendiren bi seme-alabetatik zaharrena izan zen bera. Berriatuan organo-jotzaile izandako aitak erakutsi zion hasiera batean musika.[2] Zer-nolako talentua zuen ikusirik, Faustino Sanzen, bere garaiko biolinista ospetsuaren ikasle izatera iritsi zen, eta 11 urterekin konposatzen eta Bilboko musika elkarteetan jotzen hasi zen.
15 urte zituela Parisko École Royal de Musique et Declamation ikastetxean (Parisko kontserbatorioa) ikasten hasi zen biolina Pierre Baillotekin, harmonia François-Joseph Fétisekin eta kontrapuntua Luigi Cherubinirekin. Kontserbatorioan 4 urtez izan zen matrikulatuta, eta hango aktetan gordeta daude Juan Crisóstomo Arriagaren notak eta haren lanari buruzko oharrak.[3]
20 urte betetzeko egun gutxi falta zirela, 1826ko urtarrilaren 16an hil zen Juan Crisóstomo Arriaga, dirudienez biriketako gaitz batek jota. 1977. urtetik, Parisko Saint Honoré kaleko 314.eko ateburuan haren heriotza gogorarazten duen oroigarri bat dago.
Juan Crisóstomoren omenez, Bilbon eraikitako antzokiari Arriaga izena jarri zitzaion, eta monumentu bat altxatu zen. Bestalde, gaur egun hiri horretako Casilda Iturrizar parkean eta Bilboko Arte Eder Museoaren alboan Francisco Durriok egindako Arriagaren monumentua dago. Bilboko musika kontserbatorioak haren omenez Juan Crisóstomo de Arriaga izena hartu zuen.