Kaledonia Berriaren independentziarako 2018ko erreferenduma

Infotaula eleccionsKaledonia Berriaren independentziarako 2018ko erreferenduma
Gertaera-data2018ko azaroaren 4a
MotaIndependentzia erreferendum
Webgune ofizialareferendum-nc.fr
Parte-hartzea
Hauteslego174.999 Edit the value on Wikidata
141.099
   80.63٪
Ehuneko-puntu 21.53
Baliozko boto kopurua138.933    Boto zuri kopurua  ?    Baliogabeko boto kopurua  ? 
Hauteskunde emaitza Edit the value on Wikidata
Bai
60.573   43.6٪
Ez
78.360   56.4٪
Irabazlea

 ← 1987 (en) ItzuliKaledonia Berria 2020 (en) Itzuli  → 

Kaledonia Berriaren independentziarako 2018ko erreferenduma 2018ko azaroaren 4an Kaledonia Berrian egin zen independentzia erreferenduma izan. Hautesleek aukeratu bi aukeren artean hautagu ahal zuten: Kaledonia Berria herrialde independentea izatea edo Frantziaren menpeko lurralde izaten jarraitzea. Galdeketak hautesleen %79,9ko parte hartzea izan zuen eta independentziaren aurkakoak nagusitu ziren bozen %56,9rekin.[1]

Frantziako agintaritzak agindua zuen erreferendumaren emaitzak aintzat hartuko eta errespetatuko zituela. Galdeketak huts egin duenez, kaledoniaberritarrek bozkatzeko beste bi aukera izango dituzte 2020an eta 2023an.

Nazio Batuen Erakundearen Deskolonizaziorako Batzordeak Kaledonia Berria Nazio Batuen Erakundearen burujabetzarik gabeko lurraldeen zerrendan sartu zuen 1986an.

1987ko irailaren 13an erreferenduma egin zen. 843 lagunek (%1,7) independentziaren alde egin zuten eta 48.611 lagunek (%98,3) Frantzian jarraitzearen alde. Independentziaren aldeko hainbat taldek galdeketari boikota egin zioten, haien artean Kanaken Askapen Nazionalerako Fronte Sozialistak.

Errolda eta demografia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hautesle errolda izan zen galdeketaren antolaketan gatazkarik handiena sortu zuen auzia. Frantziak sustaturiko kolonialismoaren ondorioz —hango eta Aljeriako deportatuak, kolonoak eta haien ondorengoak...—, kanakak egun ez dira gehiengo euren herrialdean, eta independentistek horregatik leporatzen zioten Parisi euren aldarrikapenak «itotzea». Denera, 174.154 herritarrek izan zuten botoa emateko eskubidea.

Azken hamarkadotako demografiaren eboluzioari erreparatu behar zaio mugimendu independentistaren kritika nagusia ulertzeko. Kaledonia Berrian, bi dira komunitate nagusiak: kanakak —autoktonoak— eta caldocheak —europarrak eta haien ondorengoak—. INSEE Estatistika eta Ekonomia Ikerketen Insitutuaren informazioaren arabera, biztanleen %39 dira kanakak —2014ko datuak—; 1996an, %44 ziren; eta 1969an, %46. Euren burua caldochetzat dutenen artean, 2014an biztanleen %27 ziren; 1996an, %34; eta 1969an, %41.

Europarren datu horiek, ordea, tentuz hartu behar dira, kopuruak beherantz egin duen arren horien pisu demografikoa ez baita aldatu: euren burua caldochetzat zuten askok kaledoniartzat dute orain euren burua —Noumeako Akordioaren ostean sorturiko eta Frantziak bultzaturiko herritartasun edo identitate berria—. Horien kopuruak gora egin du: 2009an, %5 ziren, eta 2014an, berriz, %7. Beraz, kaledoniarrak eta caldocheak gehituz gero, horien pisu demografikoak ez du beheranzko joerarik izan; bai, ordea, kanakenak.

Erronka, independentistentzat, Hegoaldeko probintziako boto emaileak erakartzea izan zen. Iparraldeko probintzian eta Leialtasun uharteetan, kanakak gehiengo ziren, eta hori sumatu zen Kaledonia Berriko 2014ko bozetan, independentziaren aldeko alderdi politikoak izan baitziren gehien bozkatuak bi eremu horietan. Arazoa, ordea, hirugarren probintzia horretan zuten: Kaledonia Berriko biztanleriaren %75 bizi da eremu horretan, probintzia horretatik doaz ordezkari gehien kongresura, eta eremu hori da loialisten gotorlekua. 268.767 biztanle ditu Kaledonia Berriak, eta horietatik 199.983 bizi ziren Hegoaldeko probintzian; batez ere, Noumea hiriburuaren inguruan.

Hautesle erroldaren kasuan ere, kanakak ez zirena gehiengo: 174.154tik 80.120 dira autoktonoak, alegia, boto emaileen %46.

Mugimendu heterogeneoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Independentismoa ez zen elkartuta iritsi galdeketara. Ildo desberdinek kritika berak egin zizkioten arren prozesuari eta erreferendumaren antolaketari, galdeketarekin duten jarrerak jarri zituen aurrez aurre. Errealitate hori, bada, hamarkadotako joeraren isla da: mugimendu independentista heterogeneoa da Kaledonia Berrian.

Independentziaren aldekoen artean, ildorik garrantzitsuenak, FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanaka koalizioak, baiezkoaren alde bozkatzera dei egin zien herritarrei. Horren aurrean, PT Alderdi Langileak galdeketa boikotatzeko eskatu zien herritarrei.

Besteak beste, hark eta FNLKS osatzen duten gainontzeko alderdi politikoek argudiatu dute galdeketa irabazteak herrialdearen «subiranotasuna» lortzeko bidea ekarriko lukeela. Frantziako inkesta etxeek egindako itaunketek ezezkoaren garaipen zabala aurreikusten zuten arren, FLNKSn baikor zeuden, inkesta horiek «beldurraren estrategiaren parte» zirelakoan.

Jarrera horrez gain, independentziaren aldekoek PTk bultzaturiko aukera ere bazuten mahai gainean: abstentzioa. Euskal jatorriko diputatu Marie-Pierre Goyetchek BERRIAri azaldu zion jarrera horren arrazoia: «Galdeketan ez parte hartzera deitu dugu, hori egiteak erreferendum bidoi honi zilegitasuna emango liokeelako». Arreta, batez ere, Matignongo eta Noumeako akordioetan jarri du, ez dituztelako kanak herriaren eskubideak berreskuratu; kontrara, uste du akordioek sendotu egin dutela kanaken kolonizazioa. Horregatik, gaurko erreferenduma «iruzur bat» dela deritzo: «Faltsutu egin dute. Hautesle erroldan, kolonizatuak ez direnak gehiago dira kolonizatuak baino. Hemen, autodeterminazio eskubidearekin zerikusi zuzena duena kanak herria da. Gaur bozkatuz gero, ezezkoaren jarrera sendotuko da, eta, aldi berean, herrialde independentea bilakatzeko proiektua lurperatuko da».

Proiektu horrek, hain justu, bazuen berezitasun bat: gaur ezezkoak irabazita ere autodeterminazio prozesua ez zela gelditu. Izan ere, Noumeako Akordioaren arabera, beste bi galdeketa egiteko aukera izango dute Kaledonia Berrian, eta 2019ko bozetatik aterako den kongresuak izango luke bigarren erreferendumera deitzeko eskumena; eskaria egin eta hemezortzi hilabetera izango litzateke: hau da, 2020tik aurrera. Kasu horretan ere ezezkoak irabaziko balu, bide berari jarraitu beharko liokete hirugarrena egiteko; betiere, 2022tik aurrera.

PT, beraz, bi hitzordu horiei begira jarri da jada. Gaur ezezkoak irabaziko duela konbentzituta, Goyetchek argi du bidea hautetsontzietatik doala, baina, oraingoz, haren alderdiak ez du zehaztu hurrengo pausorik: «Independentzia hautetsontzietan irabaziko dugu. Gure bide orria, etorkizunera begira, hilaren 16ko alderdiaren kongresuan zehaztuko dugu». FLNKSren jarreraz, esaldi batean laburbildu du bere eta alderdiaren iritzia: «Estatu kolonialaren aurkako Askapenerako Fronte izateari utzi, eta Estatu kolonialarekin Kolaboratzeko Fronte bilakatu da»[2].

Botoen %97 zenbatuta, independentziaren aurka zeudenek irabazi zuten galdeketa %57,2 eskuratuta -independentziaren alde bozkatu zuten %42,7k-. Parte hartzea, berriz, %79,9koa izan da.

Iragarritakoa baino alde txikiagoarekin irabazi zuen ezezkoak erreferenduma, eta ziurrenik hori kezka iturri izango da hurrengo urteetan Frantziako Gobernua zuzentzen dutenetzat.

Eguerdian egin zuen agerraldia Emmanuel Macron presidenteak eta txalotu egin zuen Frantziaren menpe jarraitzearen alde egin zutenen ahalegina. Estatuburuak ohartarazi zuen inor "gutxiestearen arriskuez". Independentisten jarrera ere kritikatu du adieraziz estatuak "askatasuna eta berdintasuna bermatu" izan zituela uneoro: "Balio horiek partekatu genitzake, desberdintasunak gaindituz"[3].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]