Katalina Labouré | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Catherine Labouré |
Jaiotza | Fain-lès-Moutiers, 1806ko maiatzaren 2a |
Herrialdea | Frantzia |
Heriotza | Parisko 12. barrutia, 1876ko abenduaren 31 (70 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | religious sister (en) eta moja |
Santutegia | |
Otsailaren 8 eta Abenduaren 31 | |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Erlijio-ordena | San Bizente Paulen Karitateko Alabak |
Santa Katalina Labouré[1] (frantsesez: Catherine Labouré), jaiotzez Zoé Labouré[2], (Fain-lès-Moutiers, 1806ko maiatzaren 2a – Paris, 1876ko abenduaren 31) San Bizente Paulen Karitateko Alaben elkarteko ahizpa frantziarra izan zen, Ama Birjinaren ikuskaria izan zuena[3].
Madeleine Louise Gontard eta Pierre Labouréren alaba, 1806ko maiatzaren 2an jaio zen. Bizi ziren hamaika seme-alabetatik bederatzigarrena zen[4]. Jaio eta biharamunean bataiatu zuten[5] eta Zoé jarri zioten izena[2].
Saint-Rémy herrira joan zen bizitzera, izebaren etxera, ahizpa batekin batera[6]. Hantxe izan zuen apaiz baten ametsa, geroago Bizente Paul bezala ezagutuko zuena[7][8].
12 urte zituela, aitaren etxera itzuli zen. Gero aitak, alaba bokazio erlijiosotik urrundu nahirik, Parisera bidali zuen bere neben langile txiroentzako jantokian lan egitera. Bertan haien sufrimendua ikusi zuen eta Karitateko Alaben elkartean sartzeko gogoa sentitu zuen. 1830eko apirilaren 30ean nobiziotza hasi zuen Bac kalean zegoen komentuan eta 1831ko urtarrilaren 30ean botoak eman zituen. Komentu hartan izan zituen Ama Birjinaren ikuskerak, Milagrosaren Dominaren sorrera ekarri zutenak[9].
Labouréren esanetan, 1830eko uztailaren 19an, San Bizente Paul jaiaren bezperan, kaperara deitzen zion ume baten ahotsa entzun ondoren esnatu zen, non Ama Birjinak esan omen zion: «Jainkoak misio bat kargatu nahi dizu. Kontraesanean egongo zara, baina ez izan beldurrik; behar dena egiteko grazia izango duzu. Esaiozu zure kontzientziako gidariari zure barnean pasatzen den guztia. Garai txarrak dira Frantzian eta munduan»[10].
1830eko azaroaren 27an, Labourék jakinarazi zuen Maria beregana itzuli zela arratsaldeko hausnartzean. Marko obalo baten barruan agertu zen, globo baten gainean zutik; argi izpiak atera zitzaizkion eskuetatik globoaren norabidean. Markoaren ertzaren inguruan «O Maria, bekaturik gabe sortua, otoitz egizu zuregana jotzen dugunon alde» hitzak agertu ziren. Labouré ikusten ari zela, markoa biratzen ari zela zirudien, hamabi izarrez osatutako zirkulu bat, gurutze bat, M letra handi bat eta Jesusen Bihotz Sakratuaren eta Mariaren Bihotz Garbiaren irusi estilizatuak erakutsiz. Mariak irudi hauek Labouréren kontzientziako gidariari eramateko eskatu zion, dominetan jarri behar zirela esanez: «Erabiltzen dituzten guztiek grazia handiak jasoko dituzte»[11].
Hala egin zuen, eta bi urtez bere eguneroko jokabide arrunta ikertu ostean, apaizak artzapezpikuarengana kontatu zuen Labouréren nortasuna agerian utzi gabe. Eskaera onartu eta dominen diseinua Adrien Vachette urregileak garatu zuen[12]. Laster milioika fededun katolikok Milagrosaren Domina erabiltzen hasi ziren. 1854ko abenduaren 8an Pio IX.a aita santuak Andre Mariaren sortze garbiaren aldarrikapenean ere garrantzi handia izan zuen[13].
Botoak eman ondoren, Reuilly herriko ospitale batera bidali zuten Katalina Labouré. Hurrengo berrogei urteak bertan eman zituen, adinekoak eta gaixoak zaintzen[2].
1876ko abenduaren 31n hil zen Parisen, 70 urte zituela. Bere gorputz usteldugabea Parisko Bac kaleko komentuko kaperan dago[5].
1933ko maiatzaren 28an, Pio IX.a aita santuak dohatsu izendatu zuen, eta 1947ko uztailaren 27an, Pio XII.a aita santuak kanonizatu zuen. Haren eguna azaroaren 28an ospatzen da[14].