La Belle Personne Christophe Honorék zuzendutako eta 2008. urtean sortutako frantziar filmea da.
Filmaren argumentua XVII. mendeko La Princesse de Clèves frantziar nobelan oinarrituta dago. Bere ama hil ostean, Junie (Léa Seydoux) bere lehengusu Mathias (Esteban Carjaval-Alegria) joaten den eskolara lekualdatua da. Hainbat pertsonaren arreta erakartzen du, bereziki Ottorena (Grégoire Leprince-Ringuet) eta Nemours (Louis Garrel) bere italiera irakaslearena. Italiera klasean, Maria Callas abeslariaren "Lucia" entzungai baten ondoren Junie klasetik negarrez ateratzen da dena bertan bera utzirik. Orduan, Nemoursek Junieren argazki bat hartu eta gordetzen du. Geroxeago, Nemours Junieren atzetik hasten da, Juniek sentimendu nahasiak baditu ere. Hain maiteminduta dago Nemours, non bere Florence Perrin (Valerie Lang) irakaslearekin eta Marie (Agathe Bonitzer) ikaslearekin dituen harremanak mozten dituen.
Txango batean, Nemours Mathiasen tokian esertzen da eta amodiozko gutun bat topatzen dute beranduago eserlekuan, ustez Nemoursek galdua. Mariek, gutuna ikustean, eskola osoan hedatzen ditu zurrumurruak, gutunaren egilea Nemours dela zabalduz. Junie, gutuna irakurtzean, haserretu egiten da, Nemorus beste pertsona batez maiteminduta dagoelakoan. Mathiasek Nemoursengana jotzen du eta gutuna beste mutiko batena dela azaltzen dio (Martinena), baina sekretua gordetzeko ere eskatzen dio, eta gutuna Nemoursek idatzi duela berresteko.
Ottoren Errusierako klaseko bati Junie zelatatzea eskatzen diote, Juniek Ottorekiko duen jarrera hotzaren arrazoiak topa ditzan. Nemoursek Junierekin duen elkarrizketa bat gaizki ulerturik, Ottori kontatu eta azken honek Junierekin liskarra izaten du. Neskatoak Ottoren usteak ukatu arren, ez da gaizkiulertua argitzen, eta Juniek etxera ihes egiten du. Ottok, zeharo minduta, bere buruaz beste egiten du eskolako goiko solairuetako leiho batetik jauzi eginez.
Gertakari hauen ondoren, Juniek hiru astez huts egiten du eskola. Nemoursek hiru hilabetez lana uzten du, gaixotasun bat argudiatuz, eta Junierengana hurbiltzen da, bere maitasuna aitortzera. Arratsa elkarrekin igaro eta hurrengo egunean hitzordua finkatzen dute, baina Junie ez da agertzen. Nemoursek Mathias deitzen du informazioa eskatuz, eta honek Juniek alde egin duela eta ez duela Nemours gehiago ikusi nahi esaten dio. Junie itsasuntzi batean doala ikusten da azken eszenan[1].