Linda Richards | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Potsdam, 1841eko uztailaren 27a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | Boston, 1930eko apirilaren 16a (88 urte) |
Hobiratze lekua | Forest Hills Cemetery (en) |
Hezkuntza | |
Heziketa | St. Johnsbury Academy (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | erizaina |
Jasotako sariak | ikusi
|
Linda Richards (Potsdam, New York, 1841eko uztailaren 27a – Boston, 1930eko apirilaren 16a), Malinda Ann Judson Richards jaioa, profesionalki gaitutako estatubatuar lehen erizaina izan zen.[1] Erizaintzan trebatzeko programak ezarri zituen Estatu Batuetan eta Japonian, eta ospitaleratutako pazienteentzako banakako erregistro medikoak mantentzeko lehen sistema sortu zuen.[2]
Richards, 1841eko uztailaren 27an jaio zen West Potsdamen, New Yorken. Betsy Sinclair Richards eta Sanford Richards predikarien hiru alabetatik gazteena zen, eta Ann Hasseltine Judson misiolariaren omenez bataiatu zuen alaba, haren urratsak jarraituko zituelakoan.[3]
1845ean, Richards bere familiarekin Wisconsinera joan zen, non lur batzuk zituzten. Aita tuberkulosiak jota hil zen hara iritsi eta aste gutxira, eta familiak laster itzuli behar izan zuen Richardsen aitona-amonen etxera, Newburyn, Vermonten. Etxalde txiki bat erosi zuten hiriko kanpoaldean. Betsy Sinclair Richardsek ere tuberkulosia hartu zuen, eta Linda Richardsek bere ama zaindu zuen 1854an gaixotasunagatik hil zen arte.[3]
Hilzorian zegoen amaren zaintzan izandako esperientziak erizaintzarekiko interesa piztu zion Richardsi.[3] 1856an, hamabost urte zituela, Richards St. Johnsbury Akademian maistra izateko urtebetez ikasten aritu zen, eta, hain zuzen ere, hainbat urtez irakatsi zuen, baina inoiz ez zen benetan zoriontsu izan lanbide horretan.[4] 1860an, Richardsek George Poole ezagutu zuen, eta harekin konprometitu zen. Konpromezua hartu eta ez asko geroago, Poole Green Mountain Boys-era batu zen eta AEBetako gerra zibilean borrokatzera joan zen. 1865ean larri zauritu zuten, eta etxera itzuli zenean, Richardsek zaindu zuen, 1869an hil zen arte.[5]
Galera pertsonal haiek inspiraturik, Bostonera joan zen bizitzera, Massachusettsera, erizain izateko asmoz. Bere lehen lana Boston Hiriko Ospitalean izan zen, non ia ez zuen prestakuntzarik jaso, eta gehiegizko lana jasan zuen. Hiru hilabeteren buruan utzi zuen ospitale hori, baina ez zen kikildu hango esperientziekin. 1872an, Richards Amerikako erizainen lehen prestakuntza-eskolan bost erizainen inaugurazio-klasean izena eman zuen lehen ikaslea izan zen. Eskola aitzindari hau Susan Dimock doktoreak zuzendu zuen, Bostongo Ingalaterra Berriko Emakume eta Haurren Ospitalean.[3]
Lindak bere erizain prestakuntza honela deskribatu zuen: "Goizeko 05:30ean jaikitzen ginen eta pabiloiak 21:00etan uzten genituen gure oheetara joateko, pabiloien artean gela txikietan zeudenak. Erizain bakoitzak sei pazienteko gela zaintzen zuen, egunez zein gauez. Askotan, bederatzi aldiz jaikitzen nintzen gauez, eta sarritan ez nintzen lokartzen hurrengo deia iritsi baino lehen. Ez ginen gauez irteten, eta ez genuen ikasteko edo jolasteko ordurik. Bi astean behin zerbitzutik kanpo egoten ginen arratsalde batean, ordu bietatik bostak arte. Hiru hilabetez ez genuen hileroko diru-kopururik jaso ".
Urtebete geroago graduatu zenean, New York hirira joan zen bizitzera, eta Bellevue Hospital Center-en kontratatu zuten gaueko ikuskatzaile lanerako. Han lanean ari zela, paziente bakoitzaren erregistro indibidualak eramateko sistema bat sortu zuen, Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan asko erabiliko zena. Artean erizain gisa zekien apurraz jabeturik, Lindak bere bilaketa hasi zuen ezagutza gehiago eskuratzeko eta gero beste batzuei transmititzeko, goi mailako erizainen prestakuntza-eskolak ezarriz.[3]
1874an Bostonera itzuli zenean, Bostongo Erizaintzako Prestakuntza Eskolako gainbegirale izendatu zuten. Eskolako trebakuntza-programak urtebete baino ez zuen une horretan, baina ixteko mehatxupean zegoen, kudeaketa txarragatik. Richardsek, ordea, programa hobetu zuen, eta laster bere klaseko onenetako bat izan zen herrialdean.
Bere trebetasunak hobetzeko ahaleginean, Richardsek zazpi hilabeteko erizainen trebakuntza programa trinko bat hartu zuen Ingalaterran 1877an. Florence Nightingalerekin (erizainentzako trebakuntza eskola bat ezarri zuen) trebatu zen, eta Londresko Saint Thomas eta King's College ospitaleetan eta Royal Infirmary of Edinburgh-en bisitari egoiliarra izan zen. AEBetara itzuli zenean, Richards aitzindaria izan zen herrialde osoan erizaintzako prestakuntza-eskolak sortzen eta gainbegiratzen.[3]
1885ean, Japoniako erizainen lehen prestakuntza-programa ezartzen lagundu zuen. Eskola ikuskatu zuen Doshisha Ospitalean, Kyoton, bost urtez.[6] 1890. urtean Estatu Batuetara itzuli zenean, erizain lanetan aritu zen beste hogei urtez, gaixo mentalentzako erakunde bereziak ezartzen laguntzen zuen bitartean.[7] Gaikuntza Eskoletako Superintendenteen Amerikako Elkarteko lehen lehendakari izendatu zuten, eta Filadelfiako Erizain Bisitarien Elkarteko buru izan zen. 1911n erretiratu zen erizaintzatik, hirurogeita hamar urte zituela.[3]
Bere esperientziei buruzko liburu bat idatzi zuen, Reminiscences of Linda Richards (1911), 2006an berriro argitaratu zena America's First Trained Nurse gisa. Richardsek istripu zerebrobaskular larria jasan zuen 1923an eta 1930eko apirilaren 16an hil zen arte ospitaleratu zuten.[3]
Geroago ikerketak agerian utzi du Harriet Newton Philipsek Richards-en aurretik erizaintzako prestakuntza amaitu zuela, eta horrek Phillips Estatu Batuetako lehen erizaina bihurtuko luke.[8]