Luthierrek igurtzitako eta pultsatutako harizko instrumentuak sortzen, doitzen edota konpontzen dituzten artisauak dira. Besteak beste, biolinak, biolak, biolontxeloak, kontrabaxuak, gitarrak, lauteak, mandolina harpak eta bestelako harizko instrumentuekin egiten dute lan.
Luthierren ogibidea bi taldetan banatu ohi izan da, batetik, pultsatutako eta urratutako instrumentuak egiten dituztenak daude, eta bestetik, igurtzizko instrumentuak egiten dituztenak. Hori dela eta, azken talde honetako luthierren barruan beste talde bat badago, hain zuzen ere, arkuak egiten dituztenak. Luthierrek instrumentuak egiten eta konpontzeaz gain, egiteko prozesua ere irakasten dute.
Lutherie hitzak, lehenago aipatu bezala, harizko instrumentuak egitearen arteari deritzo. Baina, etimologiari dagokionez, luthier hitza frantsesezko luth hitzetik dator eta era berean hitz honen jatorria arabieran dago العود al-ʿūd ('laúd'), beraz, luthier hitzak etimologikoki laute esan nahi du. Hortik abiatuta, hitz hau eraldatuz joan da eta esaterako izen (Luther) eta abizenetan (Lutero) eraldatu da .
Bestalde, luthier galizismoa gaztelerara[1] eta euskarara egokitua izan da eta hiztegietan eta musika arloko hizkuntzan hedatua den termino bat da.
Lautearen familiako (artxilauteak, bihuelak...) instrumentuetan espezializatutako luthier garrantzitsuenetakoak:
Orville Gibson estatubatuar luthierra mandolinetan espezializatu zen eta berari eransten zaio archtop gitarraren sorrera eta geroago XX. mendeko bi luthier famatuk, John D'Angelico eta Jimmy D'Aquistok, gitarra hauek egin zituzten. Lloyd Loarrek, bestalde, Gibson Guitar Corporationerako egin zuen lan mandolinak eta gitarrak eginez. Arkuzko instrumentuentzako egin zituen diseinuak gaur egungo luthierrentzako oso preziatuak dira.
Paul Bigsbyk egindako ekarpenik garrantzitsuenetakoa achtop gitarrentzako eta gitarra elektrikoentzako sortutako tremoloaren besoa izan zen eta badirudi Leo Fenderrek Stratocaster gorputz solidoko gitarra elektrikoarako egindako diseinuan eragina izan zuela. Era berean, Fenderren lanarekin Les Paulek gorputz solidoko gitarraren forma berri bat sortu zuen, hain zuzen ere, trastedun gorputz solidoko gitarra elektrikoak izan ziren. Gitarra hauen ondorengoa, berriz, George Beauchampek patentatu eta Adolph Rickenbacher[2] sortutako altzairuzko gitarra bat izan zen.
Arkuarekin jotzen diren instrumentuena artean honako hauek sartzen dira: biolontxeloa, kontrabaxua, biolina, biola (biola da gamba, biola da braccio, biola d'amore) eta abar.
Biolinaren ustezko asmatzailea Andrea Amati da. Amati, jatorriz, lauteak egiten aritu zen arren, biolinaren forma berriaren garapenean aritu zen XVI. mendearen erdialdean. Amati luthier familia ospetsuko aita izan zen (Cremonan, Italian) XVIII. mendera arte. Andrea Amatik bi seme-alaba izan zituen; zaharrena Antonio Amati izan zen (1537-1607) eta gazteena Girolamo Amati (1561-1630). Girolamo, Hieronymus bezala ezagunagoa da, eta, bere anaiarekin batera, "A & h" musika tresnaren barruan etiketak zituzten biolin asko ekoitzi zituen. Antonio seme-alabarik gabe hil zen, baina Hieronymus aita bihurtu zen. Bere seme Nicoló bera (1596-1684) maisu luthier garrantzitsu bat izan zen, zenbait ikastun nabarmen izan zituena, horien artean Antonio Stradivari[3], Andrea Guarneri, Bartolomeo Pasta, Jacob Railich, Giovanni Battista Rogeri, Matthias Klotz, Jacob Stainer eta Francesco Rugeri.
XVI. eta XVIII. mendeen artean lan egin zuten gaur egun ere luthier ezagunenak direnek, nagusiki Italiako iparraldean.
Bresciako (Italia) eskola munduko zaharrena da, 1530 eta 1630 artean sortua eta 20 "magister" edo maisuek osatua. Horien artean Giovan Giacomo della Corna, Daniel de Laude, Guglielmo Frigiadi, Francesco Inverardi, Battista Laffranchi, Fiorini Inverardi eta Micheli familiakoak (Zanetto Micheli, Pellegrino, Giovanni, Battista eta Francesco) ditugu.
Hauetaz gain, Gasparo da Salò (1540-1609), Gio Paolo Maggini (1580-1630), Amati familia (Andrea Amati, Antonio Amati, Hieronymus Amati I, Nicolo Amati eta Hieronymus Amati II), Guarneri (Andrea Guarneri, Pietro de Mantua, Giuseppe Guarneri, Pietro Guarneri eta Giuseppe del Gesù), Tiroleko Jacob Stainer (1617-1683), Cremonako Stradivari familia (Antonio: ca. 1644-1737), Gagliano familia (Alexander, Nicolo I eta Ferdinand), Piacenzako Giovanni Battista Guadagnini (1711-1786) eta Bolognako Ansaldo Poggi (1893-1984) eta Roberto Regazzi (1956).
Gaur egun, luthier eskolak sortu dira munduan zehar. Nahiz eta onenetakoak Europan aurkitu, Amerikan, Japonian eta Txinan ere aurkitu ditzakegu luthier eskolak. Euskal Herrian, Bele Lutheria Eskola dago, Bilboko Musika Kontserbatorioaren barruan.[4][5][6]