Lydia Becker | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotzako izen-deiturak | Lydia Ernestine Becker | ||
Jaiotza | Manchester, 1827ko otsailaren 24a | ||
Herrialdea | Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua Erresuma Batua | ||
Heriotza | Geneva, 1890eko uztailaren 18a (63 urte) | ||
Heriotza modua | berezko heriotza: Difteria | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | ingelesa | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | astronomoa, biologoa, idazlea, botanikaria, landare biltzailea, editorea, mikologoa eta sufragista | ||
Lydia Ernestine Becker (Manchester, Erresuma Batua, 1827ko otsailaren 24a – Aix-les Bains, Frantzia, 1890eko uztailaren 18a) Britainia Handiko lehen mugimendu sufragistaren liderretako bat izan zen, eta baita biologian eta astronomian interesatutako zientzialari amateurra ere. Women's Suffrage Journal (Emakumeen Sufragioaren Aldizkaria) 1870 eta 1890 artean sortu eta argitaratzeagatik da ezaguna.
Lydia Becker Manchester hiriko Cooper kalean jaio zen. Bere aita Hannibal Becker izan zen, Ohrdrufetik Turingiara emigratu zuen Ernst Beckerren semea. Lydia etxeko alaba zaharrena izan zen. Etxean hezi zuten, garai hartako emakume asko bezala. Jakin-min handikoa zen, botanika eta astronomia ikasi zituen eta 1862an urrezko domina irabazi zuen baratzezaintzari buruzko artikulu akademiko batengatik.[1] Bost urte geroago, 1867an, Damen Literatur Elkartea sortu zuen Manchesterren. Charles Darwinekin maizko gutun trukatzea izan zuen, eta, handik gutxira, konbentzitu egin zuen elkartera artikulu bat bidaltzeko.[2][3][4] Korrespondentzia horretan, Beckerrek Manchester inguruko eremuetako landareen lagin batzuk bidali zizkion Darwini.[5] Botany for Novices (Hasiberrientzako Botanika - 1864) bere "liburu txikiaren" kopia ere bidali zion.[6] Becker Darwinen lan zientifikoan sarritan lagundu zuten XIX. mendeko emakumeetako bat izan zen.[7] Haren gutunek eta lanak iradokitzen dutenez, Beckerrek interes berezia izan zuen landare bisexual eta hermafroditsuetan, eta horrek, agian, ohiko sexu- eta gizarte-ordenaren guztiz bestelako ordena baten ebidentzia "naturala" zegoela erakutsi zion.[8]
Becker, 1866ko udazkenean, Gizarte Zientzien Aurrerapenerako Elkarte Nazionalaren urteroko bileran izan zen. Han, Barbara Bodichon-en "Emakumeei botoa onartzeko arrazoiak" izeneko artikuluak biziki eragin zion, eta handik aurrera bizitza osoa emango zuen kausa horren alde. 1867ko urtarrilean, Manchesterreko Emakumeen Batzorde Sufragistaren lehen bilera deitu zuen. Batzorde hori izan zen Ingalaterran sortu zen lehena.[9]
Hilabete batzuk geroago, Lilly Maxwell, denda bateko jabe alarguna, Manchesterreko boto-emaileen erregistroan agertu zen akats batengatik. Lehenago ere izan ziren halakoak, baina aukera hori ona izan zen Elkartearen xedeei publizitatea emateko.[10] Beckerrek Maxwell bisitatu zuen eta hauteskunde-eskolara lagundu zion. Mahaiburuak Maxwellen izena ikusi zuen zerrendan eta botoa ematen utzi zion. Becker berehala hasi zen eskualdeko beste emakume familia-buru batzuk animatzen beren izenak hauteskunde-erroldan sar zitzaten. Haien erreklamazioak John Coleridge-k eta Richard Pankhurst-ek aurkeztu zituzten Chorlton v. Lings auzian, baina kasua ezetsi egin zuten.[11]
1868ko apirilaren 14an, National Society for Women's Suffrage (Emakumeen Sufragiorako Elkarte Nazionala) elkartearen lehen bilera publikoa egin zen Manchesterreko Merkataritza Libreko Aretoan. Bertan Agnes Pochin, Anne Robinson eta Becker izan ziren hizlari nagusiak.[12] Beckerrek ebazpen bat proposatu zuen emakumeei boto-eskubidea onartzeko gizonen baldintza beretan.
Ondoren, Beckerrek, Elkartearen izenean, zenbait hitzaldi eman zituen Ingalaterrako iparraldeko hirietan. 1869ko ekainean, Beckerrek eta bere kideek arrakasta izan zuten udal hauteskundeetan emakumeen boto-eskubidea lortzeko kanpainan.[13] Emakumeak eskola kontseiluetan sartzeko kanpaina egin ondoren, 1870ean Manchesterreko Eskola Kontseilurako hautatutako lau emakumeetako bat izan zen, eta bertako kidea izan zen hil arte.[14] Urte berean, Beckerrek, bere lagun Jessie Boucherettekin batera, Women's Suffrage Journal aldizkaria sortu zuen, eta, handik gutxira, emakumeen hitzaldi-birak antolatzen hasi zen. Halako ekintzak egitea oso arraroa zen Britainia Handian.[15] 1874an, Beckerrek Manchesterren antolatutako hitzaldi batean, Emmeline Pankhurstek (orduan hamabost urte zituen) emakumeen sufragioa defendatu zuen lehen aldiz jendaurrean.[16]
Women's Suffrage Journal aldizkaria XIX. mendeko Britainia Handiko emakumeen sufragioari buruzko argitalpen ezagunena izan zen. Roger Fulfordek, Votes for Women: The Story of a Struggle (Botoak emakumeentzat: Borroka baten historia) lanean, hauxe idatzi zuen: «1860 eta 1890 arteko hamarkaden historia – emakumeen sufragioari dagokionez – Becker andereñoaren historia da.»[17] Journalek herrialde osoan, bai Parlamentuan bai Parlamentutik kanpo, emandako hitzaldiak argitaratu zituen. Horrez gain, Beckerrek zaleekin eta aurkariekin izandako korrespondentzia argitaratu zuen. Batez ere 1870ean, Caernarvonshireko legebiltzarreko ordezkaria kritikatu zuenean, biltzarkideak emakumeen botoaren aldeko proposamen baten aurka bozkatu ondoren.[18]
1880an, Beckerrek eta bere taldekideek kanpaina egin zuten Man uhartean emakumeek bertako House of Keys izeneko behe-ganberako hauteskundeetan botoa emateko eskubidearen alde. Arrakasta izan zuten, inork espero ez zuen arren, eta 1881eko martxoko hauteskundeetan emakumeek Man uhartean lehen aldiz bozkatu ahal izatea lortu zuten.[19]
Becker ez zetorren bat garaiko feminista askorekin —eta hainbat eztabaida izan zituen horregatik— benetako feminitatea zertan zetzan xedatze orduan. Gizonen eta emakumeen adimenaren artean ezberdintasun naturalik ez zegoela argudiatuz, Becker Britainia Handian sexuen arabera bereiziko ez zuen hezkuntza-sistema baten alde zegoen.[20] Bestalde, emakume ezkongabeen boto-eskubidea askoz gartsukiago defendatzen zuen beste sufragista askok baino. Beckerrek uste zuen emakume alargunen eta ezkongabeen egoera larriagoa zela senarra eta diru-sarrera egonkorrak zituzten emakumeena baino, eta horregatik botoa emateko behar handiagoa zutela. Ikuspuntu horiengatik, behin baino gehiagotan pairatu behar izan zituen egunkarietan eta editorialetan hainbat iseka eta karikatura.[21]
1890ean Becker Aix-les-Bainseko bainuetxe-hirira joan zen, eta han difteriaz gaixotu eta hil egin zen 63 urterekin.[20] Becker hildakoan, Women's Suffrage Journal-en edizio taldeak aldizkaria argitaratzeari uztea erabaki zuen..
Lydia Beckerren artxiboak London School of Economics and Political Science-ren liburutegiko Emakumeen Liburutegian gordetzen dira, 7LEB erreferentzia-zenbakiarekin.[24]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lydia Becker |