Maria Wörth | ||
---|---|---|
rural municipality of Austria (en) | ||
Administrazioa | ||
Estatu burujabe | Austria | |
Austriaren banaketa administratiboa | Karintia | |
Austriako barrutia | Klagenfurt-Land District | |
Posta kodea | 9081 | |
Geografia | ||
Koordenatuak | 46°36′59″N 14°09′41″E / 46.6164°N 14.1614°E | |
Azalera | 17,39 km² | |
Altuera | 450 m | |
Mugakideak | Techelsberg am Wörther See (en) eta Klagenfurt | |
Demografia | ||
Biztanleria | 1.611 (2018ko urtarrilaren 1a) 66 (2016) | |
Dentsitatea | 93 bizt/km² | |
Informazio gehigarria | ||
Telefono aurrizkia | 0 42 73 | |
Ordu eremua | UTC+01:00 eta UTC+02:00 | |
Hiri senidetuak | Codroipo eta Freising | |
Matrikula | KL | |
maria-woerth.at |
Maria Wörth Austria hegoaldeko udalerri bat da, Karintia eskualdean kokaturik dagoena, Esloveniarekiko mugatik gertu. 2022ko erroldaren arabera 1.609 biztanle ditu. Wörthersee aintziraren ertzean dago eta Austriako turismoguneetako bat da[1].
IX. mendean jadanik existitzen zen Maria Werd izeneko eliza bat toki honetan. Werd hitzak goi alemanieraz "uhartea" esan nahi du, izan ere herria aintziraren ertzeko penintsula batean eraikita baitago, 1770 artean uhartea izan zena. Gerora Maria Wörth bilakatu zen eta Wörthersee aintzirari ere izena eman zion.
Esloveniako mugatik gertu dagoenez eslovenierazko izena ere badu, Otok. Otok hitzak ere uhartea esan nahi du.
Eskualdeko hiriburua den Klagenfurt hiritik 14 kilometro mendebaldera dago, Wörthersee aintziraren hegoaldeko ertzean. Eremua malkartsua da eta basoz estalita dago. Maria Wörtheko mendi ezagunena Pyramidenkogel (851m) da, eslovenieraz Jedvovca. Karl Baedekerren Ekialdeko Alpeak liburuan (1879) tontorretik dagoen ikuspegia goraipatzen da[2].
Udalerria bi barrutitan banaturik dago, Maria Wörth eta Reifnitz, eta guztira zortzi herrik osatzen dute: Maiernigg, Maria Wörth, Oberdellach, Raunach, Reifnitz, St. Anna, Sekim eta Unterdellach.
Eslaviarrek bavariarren laguntzarekin abaroak kanporatu zituzten lurralde hauetatik eta haien esku gelditu zen Wörthersee aintziraren inguruko eremua. Carantaniar leinu eslaviarra kokatu zen eskualde honetan eta ordutik aurrera Karintia izena du eskualdeak[3].
Karintiarrak kristautzeko asmoarekin Freisingo apezpikuek misiolariak bidali zituzten IX. mendean zehar. Wörthersee aintziraren ertzeko uharte txiki bateko puntu gorenean Primus eta Felicianus santuen erlikiak lurperatu zituzten eta eliza bat eraiki zuten 830. urtean. Ondorengo urteetan eliza gehiago eraiki ziren inguruan eta 894. urteko agiri batean aipatzen da aurreneko aldiz Maria Werd, "uharteko Andre Maria".
1146 eta 1150 artean Oto I.a Freisingo gotzainak Karintia eskualdeko bigarren kolegiata-monasterioa Maria Wörthen eraiki zuen. 1399an suak eliza eta monasterioa erre zituen eta hurrengo mendean gotiko berantiar estiloan berreraiki ziren. 1598an Jesusen Lagundiak eskuratu zuen kolegiataren ardura.
1770. urtean aintzirari ur irteera berri bat eraiki zitzaion. Horren ondorioz aintziraren ur-maila jeitsi egin zen eta Maria Wörth dagoen uhartea penintsula bihurtu zen[4]. 1773an Jesusen Lagundia desegin zenean Lavanttaleko San Paul abadia beneditarraren esku gelditu zen kolegiata.
Maria Wörth udalerria 1903an eratu zen.
Maria Wörtheko jarduera ekonomiko nagusia turismoa da. Urtero 300.000 bisitari jasotzen ditu hango paisaia erromantikoak erakarrita, udan bereziki. Primus eta Felicianus kolegiatara erromesaldiak antolatzen dira eta ezkontza argazkietarako Austriako paisaia ikonikoetako bat bihurtu da Maria Wörth.
1900 eta 1907 artean Gustav Mahler musikagileak etxola bat eraiki zuen Maria Wörthen eta han egindako erretiroetan musika lanak konposatu zituen; 4., 5., 6., 7. sinfoniak eta 8. sinfoniaren atal batzuk hain zuzen ere. 1907an alaba hil zitzaion eta Schluderbach-era aldatu zen.
Alma Mahler emaztearen laguna zen Alban Berg musikagileak ere erabiliko zuen etxola musika konposatzeko. Mahlerren etxola elitezko artista vienarrentzat leku garrantzitsua bihurtu zen[5]. Gaur egun Mahlerren etxola museoa da[6].
1990ean harremana sortu zen Maria Wörth eta Gipuzkoako Aretxabaleta herriaren artean[7]. Senidetzeko proposamena aurkeztu bazen ere Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ez zuten oniritzirik eman[8]. Herri bien arteko harremana hainbat urtez luzatu zen.