Marilou Berry | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Marilou Stella Berry |
Jaiotza | Parisko 13. barrutia, 1983ko otsailaren 1a (41 urte) |
Herrialdea | Frantzia |
Familia | |
Aita | Philippe Berry |
Ama | Josiane Balasko |
Hezkuntza | |
Heziketa | Lycée Condorcet (en) École Internationale Bilingue- Victor Hugo School (en) |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | aktorea, gidoilaria, antzerki aktorea, zinema aktorea eta film-zuzendaria |
Jasotako sariak | |
Marilou Benguigui, Marilou Berry izenez ezaguna (Paris, 1983ko otsailaren 1a) aktore eta zuzendari frantsesa da.
Marilou Berry 1983ko[1] otsailaren 1ean jaio zen, Parisko 13. barrutian.[2] Josiane Balasko aktore eta zuzendariaren (sortzez Balašković) eta Philippe Berry eskultorearen (sortzez Benguigui) alaba da.[3][4][5] Gurasoak 1982an ezkondu ziren, eta, 17 urte geroago, 1999an, banandu egin ziren.[6] Richard Berry[7] aktorearen iloba ere bada, eta Joséphine Berry[1] komediantearen lehengusina. Rudy izeneko anaia bat du, 1988an jaioa.
Nazioarteko Eskola Elebidunean eta Condorcet Lizeoan ikasi zuen. Pantailetan, 8 urterekin agertu zen lehen aldiz, Ma vie est un enfer (Nire bizitza infernu bat da) amak egindako komedian, Richard Berry aktore protagonistetako bat zuena. 16 urte zituela, ausardiaz esan zion amari: “Aktore izan nahi dut”.[8] Zinemarako desiraz gain, ikasketetan interes gutxi zuen, eta, ondorioz, bigarren mailan (DBH4) eskola utzi eta Parisko 7. barrutiko kontserbatorioan izena eman zuen. Ondoren, ikastaroak egin zituen bata bestearen atzetik grabaketa-platoetan.
Marilou Berry 2004ko errebelazioetako bat izan zen, nerabe biribil eta konplexudunaren paperean izan zituen bi lanei esker, zeinek musikan aurkitu baitzuten haien salbazioa: Hannah, Parisko aldirietako alaba, feminista ordua baino lehen eta kontrabaxuan bertutetsua, La Première fois que j'ai eu 20 ans (20 urte izan nituen lehen aldia) filmean; eta, gero, Lolita, ospe txarreko neska gaztea, bere aitaren sonak zapaldua, eta arte lirikoaren zale amorratua, Comme une image (Irudi bat bezala) filmean. Bere lanarengatik 2004ko emakumezko promesa onenaren Césarrerako izendatua izan zen, eta 2005eko emakumezko errebelazioaren urrezko izar bat eman zioten.[9]
2006an, antzerkira pasatu zen Laurent Baffieren Toc Toc obran, eta Molière de la révélation théâtrale (Antzerkiko errebelazioaren Molière) irabazi zuen.[10] Zineman, komedia herrikoien banaketa handienetako bat izan zen Il était une fois dans l'Oued (Bazen behin Oueden) eta Nos jours heureux (Gure egun zoriontsuak).
Hurrengo urteetan, zuzentzera pasa ziren bi aktorek bigarren paper bat eman zioten: 2007an, Sophie Marceauk zuzendutako La Disparue de Deauville (Deauvilleko desagertua) poliziakoa, eta 2008an, bere ama Josiane Balaskok zuzendutako, Cliente (Bezeroa) drama.
Urte amaieran, ordea, Vilaine (Itsusia) komedia beltzarekin hasi zen lanean, Jean-Patrick Benes eta Allan Mauduit-ek zuzendua. Mélanieren papera egin zuen: neska zintzoegia eta ez sobera ederra fisikoki, gasolindegi batean lan egiten duena. Bere lanarengatik 2009ko emakumezko promesa onenaren Césarrerako izendatua izan zen.
2010ean, Mallory Grolleauren La Chair de ma chair (Nire Haragiaren haragia) film laburrean parte hartu zuen. Eta, 2011n, Pascale Pouzadouxen La Croisière (Kruzeroa) komedia ezagunaren banaketa koralean parte hartu zuen.
Baina, 2013an, bi proiektu garrantzitsuagorekin itzuli zen: uztailean, Marc Rudnickiren Les Reines du ring (Ringeko erreginak) komediarako bildutako emakume laukotearen parte izan zen, Nathalie Baye, Audrey Fleurot eta Corinne Masierorekin batera. Eta, ekainean, Joséphine filmearen kartel-buru bakarra da, Agnès Obadiak[11] idatzi eta zuzendua. Filmari izena ematen dion Penélope Bagieuk sortutako komikiaren egokitzapen honetan, maitasunaren bila dabilen hogeita hamar urteko baten papera jokatzen du.
2014tik aurrera, haren jarraipenaren filmazioarekin segitu zuen, Joséphine s'arrondit (Joséphine biribildu egin da), zuzendari izatera pasatuta Agnès Obadiaren ordez. Filma 2016ko otsailean atera zen.
Bien bitartean, Pascal Thomasen Valentin Valentin ohitura-komedian agertu zen 2015ean. Bigarren papera izan zuen, halaber, Dominique Farrugiak zuzendutako Sous le même toit (Teilatupe berean) komedia erromantikoan; 2017ko apirilean kaleratua.
Urte berean, Lionel Steketee-ren Les Nouvelles Aventures de Cendrillon (Errauskineren abentura berriak) komedia parodikoko protagonista izan zen. Bertan, Josiane Balasko bere amari eman zion erantzuna.
2020an, TF1eko Munch serieko casting-ean parte hartu zuen Isabelle Nanty eta Lucien Jean-Baptisterekin.[12]
2013tik 2017ra, Arnaud Schneider enpresako buruaren bikote-kidea izan zen Marilou Berry. 2017az geroztik, “Le Diamantaire” deitzen dioten Alexis kaleko artista batekin da bikotean.[13] 2018an, seme bat izan zuen, Andy izenekoa.[14]
Bere aita, Philippe Berry, bat-batean hil zen 2019ko irailaren 5ean, 63 urte zituela.[6]