Budapesteko Arte Ederren Eskolan ikasi ondoren, Marta Pan Parisera joan zen 1947an eta Frantziako nazionalitatea lortu zuen 1952an. Han, Constantin Brâncuși eskultorea ezagutu zuen, Ronsin kale itsuko bere tailerrean.[4]
Brâncușiz gain, Le Corbusier ere ezagutu zuen, eta baita bere kolaboratzailerik gertuena ere, André Wogenscky arkitektoa, aurrerago Panen senarra izango zena.[5]
1952an, bakarka eginiko bere lehen erakusketan, Marta Panek hasiera eman zion Charnières (Gontzak) izeneko zikloari, zeinean eskulturen osagaiak estekatu egiten diren forma garbi eta malguak sortuz.[6] Zura lantzen ikasi ondoren, 1954an Ebène, Buis eta Phillipine lanak aurkeztu zituen, eta, 1956an, Teck, bi zati birakaritan artikulatu zitekeen eskultura.[6]Maurice Béjart dantzari eta koreografoak, antzezlanaren onirismoak hunkituta, eszenako erdigunea Teck eskultura zuen ballet bat sortu zuen; Festival de l’Art d’Avant-Garde-n aurkeztu zuen, Marseillan, 1959an.[7][8]Teck eskulturan —Charnières zikloaren gailurra— eskultorea saiatu zen irudikatzen beren zentzua osagarritasunean aurkitzen duten bi osagai idependenteren dualtasuna.[9][10][11]
1957an, Panek Balance en deux obrarekin hasiera eman zion Équilibres serieari. Eskultura zurezko bi elementuz osatuta dago, bata bestearen gainean trebetasunez jarrita, horrela oreka hauskorra sortuz. Béjarten beste koreografia bat inspiratu zuen.[12]
1959-1960. urteetan Sculpture flottante obra egin zuen Otterloko (Herbehereak) Kröller-Müller Museoko parkean ezartzeko. Aldi berean, parkeko urmaelaren, lorategien, bidexken eta gainerako eskulturak jarriko ziren argiguneen planoa ere egin zuen. Otterlokoa da bere lehen lan monumentala.[13] Mugimendua Marta Panen obraren oinarrizko osagaia da. 1973an beste eskultura flotagarri bat jarri zuten New YorkekoCentral Park-en.[14] Bitartean, Marta Panen ibilbide artistikoaren zikloak bata bestearen atzetik zetozen: Cylindres, Mercure, Cônes, Lentilles.
1967tik aurrera, Plexiglasen perfekzio handiko objektuak diseinatu zituen.[15]
1984an, Marta Panek Mur d'eau bat egin zuen Rennes-eko Martenot kalean, eskualdeko Batzarraren sarreran, eta, 1986an, ur gaineko ibilbide bat diseinatu zuen Bignan-eko Kerguéhennec gazteluaren inguruan.[16]
1988an, Brest-ekoSiam kalearen erdiko Lacs izeneko iturriak egin zituen. Obra horrek Place de la Liberté eta Siam kalea hartuko zituen ur ibilbide baten proiektu handiago baten hasiera izan behar zuen,[17] baina Bresteko Udalaren gehiengo politikoa aldatu eta egitasmoa bertan behera gelditu zen.[18]
Marta Panen obrak harreman handia du bere lan askotan agertzen den ur-elementuarekin, hala nola eskultura flotatzaileetan, ur-hormetan, etab.
Ur gaineko lehen eskultura egin ondoren, arkitekturan txertatutako eskultura monumental ugari egin ditu hiriko espazio publikoetan, hala nola Guyancourt herriko La Perspective,Yvelines departamentuan, edo, Parisko 9. barrutiko Les Fêtes plazako Fontaine-labyrinthe.[19]
Panen obrak munduko hainbat tokitan daude ezarrita, hala nola Europan, Estatu Batuetan, Japonian, Libanon, Saudi Arabian eta abar.
Arkitekturaren eta eskulturaren arteko harremanaz interesaturik zegoen, eta harrreman hori zenbait obratan gauzatu zituen, Parisko Auber metro-geltokiko sarreretan (1972) edo Saint-Antoine Medikuntza Fakultateko horman, adibidez.
Bere senarrarekin, André Wogenscky arkitektoarekin, Marta Panek sarritan izan zuen aukera, arkitektura-proiektu kolektiboetan, funtsezko bilaketa horri ekiteko; baina, seguru asko, eskultorearen obrek Saint-Remy-lès-Cheveuse-n aurkitu zuten lekurik egokiena, arkitekturaren eta izadiaren arteko bere inguru naturala, Wogensckyk bikotearentzat sortu zuen etxean eta haren inguruan, Haute Vallée de Chevreuse edo Pays d'Yveline izeneko eskualde naturalean, Île-de-France-ko hego-mendebaldean.
Sculpture 44, 1957, Lyongo Arte Ederretako museoa[6]
Balance en deux, 1957, Quebec-eko Arte Ederretako museo nazionala[20]
Spirale I, 1959, musée national des beaux-arts du Québec[21]
Wall, 1967, Beyrouth
Floating sculpture 3, 1969, Hakone, Japon
Composition. Sculpture 18, 1973, Lyongo Arte Ederretako museoa[6]
Trois Disques fendus, granit bethel white, 1981 (Marta Panek Coubertin fundazioari emana), Saint-Rémy-lès-Chevreuse, Yvelines. Fundazioaren parkean Marta Panen beste obra batzuk —berak utzita— ikusgarri daude.
(Frantsesez)Barbillon, Claire (zuz.); Chevillot, Catherine; Paccoud, Stéphane; Virassamynaïken, Ludmila. (2017). Sculptures du XVIIe au XXe siècle : musée des beaux-arts de Lyon. Paris: Somogy éditions d'art, 592 or. ISBN978-2-7572-1269-1..
(Frantsesez)Lambert, Jean-Clarence. (1983). Marta Pan : l’eau et la musique. Paris: Galerie Daniel Gervis.
(Frantsesez)Daniel, Françoise (zuz.). (2005eko ekainaren 29tik azaroaren 6ra). Vera Moinár - Marta Pan: thèmes et variations. Brest-eko Arte Ederretako museoa - Erakusketaren katalogoa.
Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Marta Pan» artikulutik itzulia izan da, 2023-07-25 data duen 206342908 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2023-07-25 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.