Neguko Belodromoaren sarekada

Neguko Belodromoaren sarekada
Irudia
Motamass arrest (en) Itzuli
Nazi roundup (en) Itzuli
Honen izena daramaVélodrome d'Hiver (en) Itzuli eta Operation Spring Breeze (en) Itzuli
Honen parte daOperation Spring Breeze (en) Itzuli eta Holokaustoa
Denbora-tarte1942ko uztailaren 16a - 1942ko uztailaren 17a

Neguko Belodromoaren sarekada 1942ko uztailaren 16tik 17ra antolatua, Bigarren Mundu Gerran Frantzian juduen aurka egindako sarekadarik garrantzitsuena izan zen. Sarekada hau frantsesez Rafle du Vél' d’Hiv' bezala ezagutzen da; Vel d'hiv Neguko Belodromoa zen. Belodromo hori Parisko 15. barrutian zegoen eta bertan atxilotutako asko atxiki zituzten lehenik, Alemania naziak Europa ekialdeko sarraski-eremuetara bidaliak izan aurretik. Frantzian, 1939an 330.000 judu inguru hil ziren deportazioan.[1]

Parisko Neguko Belodromoa, gerraren ondoren, ziklismo-lasterketak egiteko ez ezik, beste jarduera askotarako ere erabili zen, hala nola moda desfileak, zaldizko lehiaketak eta zezenketak.[2] 1959an eraitsi zen, eta 2015era arte, haren ordez, Barne Ministerioaren bulegoak egon ziren.

Beaune-la-Rolande kontzentrazio-esparruan, sarraski-eremuetara eraman aurretik.

Sarekadaren antolaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1942ko uztailean erregimen naziak, Vichyko Frantziako Gobernuaren eta bere poliziaren laguntzarekin, "Udaberriko haizea" operazioa antolatu zuen: juduen sarekada handi bat, Europako hainbat herrialdetan egina. Frantzian, Vichyren erregimenak Frantziako polizia mobilizatu zuen operazio horretan parte hartzeko. Parisen 9.000 polizia eta jendarmek hartu zuten parte.

Frantziako juduak 1940tik zeuden fitxatuta, eta agintariek, beraz, ezagutzen zituzten haien helbideak. 1942ko uztailaren 12an Émile Hennequin udaltzaingoaren zuzendariak honako instrukzio hauek eman zituen:[3]

  • Poliziek eta inspektoreek, atxilotu behar zituzten juduen nortasuna egiaztatu ondoren, ez zuten jaramonik egin behar, eta ez zituzten eztabaidatu behar egin zitzaketen oharrak.
  • Osasun-egoerari kasu egin gabe atxilotutako judu oro zegokien zentrora eraman beharko zuten.
  • Atxiloketak ahalik eta azkarren egin behar ziren, alferreko hitzik gabe eta iruzkinik egin gabe.

1942ko uztailaren 16an, goizaldeko lauretan, 13.152 judu atxilotu zituzten (4.115 haur; 5.919 emakume; 3.118 gizon). Frantziako Erresistentziak edo polizia batzuen ardura faltaz ohartaraziriko jende kopuru zehaztugabe batek ihes egin ahal izan zuen sarekadatik.[4] Atxiloketaren baldintzak penagarriak izan ziren: atxilotuek manta bat, zapata pare bat eta bi alkandora besterik ezin zituzten eraman; ondoren, familiak banandu zituzten, eta haietako asko ez ziren inoiz berriro elkartu.

Atxiloketaren ondoren, juduen multzo bat (haurrik ez zutenak) autobusez eraman zituzten Drancyko zelaira (Paris iparraldean). Beste batzuk Neguko Belodromora eraman zituzten. Instalazioak behin-behineko kartzela gisa erabili zuten. Gogoratu behar da 1941ean beste sarekada batean erabilia izan zela ere bai. 7.000 pertsona inguruk bost egunez iraun behar izan zuten jatekorik gabe eta ia urik gabe; ihes egiten saiatzen zena zelaian bertan fusilatzen zuten. Ehun bat presok beren buruaz beste egin zuten. Presoak Drancy, Beaune-la-Rolande eta Pithiviersko eremuetara eraman zituzten, alemaniar sarraski-eremuetara erbesteratu aurretik.

Sarekada honetan, adibidez, 1942an Auschwitzera bidali ziren 42.000 judu frantsesetatik laurden bat baino gehiago zen, eta horietatik 811 bakarrik itzuli ziren gerra amaitzean.

Gertaeren gaineko ardurak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Belodromoa zegoen tokian egun oroigarri bat dago.

Vichyko Frantziako gobernua eta haren indar errepresiboekin batera, ezinbesteko ardura izan zuten, bereziki Parisko udaltzainen zuzendaria zen Émile Hennequin.[5] Nazien aldetik, Adolf Eichmannek zuzendutako Gestapoko IVB4 sekzioko unitate alemaniarra izan zen ekimen horren arduraduna. Unitate horretako ordezkariek, Alois Brunner, Theodor Dannecker eta Heinz Rothke SS kapitainek, sarekada hasteko eta komunitate juduko kideak biltzeko agindu zioten polizia frantsesari, Auschwitzera zuzenean bidaltzeko.[6]

Alemaniarrek hasiera batean finkatu zuten sarekadak bi sexuetako helduak bakarrik hartuko zituela. Hala ere, Frantziako poliziak 2-12 urte bitarteko haurrak bakarrik sartzea erabaki zuen, 12 urtetik gorakoak ez zituzten atxilotu. 4.000 haur baino gehiago bildu zituztenean, gurasoengandik banandu zituzten, eta bakoitza bere aldetik abiatu zen Auschwitzera (gizonak eta emakumeak). Haurrak beste eremu batzuetara eraman zituzten; han, ogiz eta urez gaizki mantendutako hiru egunez egon ziren. Hiru eguneko kontsultaren ondoren, alemanek haurrak zuzenean Auschwitzera eramatea erabaki zuten, eta han hautaketarik eta prozesurik gabe iritsi ziren, gas ganberetan zuzenean heriotzara bidaliak izan zirelarik.[7]

Alois Brunner kapitaina Damaskon (Siria) babestu zen gerraren ondoren, eta litekeena da 2000. hamarkadaren hasieran hil izana baina ez dago erabat ziurtatuta.

Frantziako erruaren onarpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jacques Chiracek, Errepublikako Presidentea zenean, 1995eko uztailan, zera adierazi zuen: «Egun hartan, Frantziak, giza eskubideen aberriak eta lur harrera emaile eta babesleak barkaezinekoa egin zuen». Aldarrikapena historikotzat jo zen, gehiago oraindik François Mitterrandek 1994ko irailean beste hau bota zuenean: «ez dut barkamenik eskatuko Errepublikaren izenean. Errepublikak horrekin ez du ezer ikusirik».[8]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Wieviorka, Michel (2018) [2014]. El antisemitismo explicado a los jóvenes [L'Antisémitisme expliqué aux jeunes]. Buenos Aires: Libros del Zorzal. 63 or. ISBN 978-84-17318-16-1.
  2. http://www.laquerenciadeparis.com/-une-querencia-a-paris.php
  3. https://www.maitre-eolas.fr/public/Circulaire_rafle.PDF
  4. https://www.france24.com/fr/20170715-rafle-vel-dhiv-sarah-lichtsztejn-montard-temoignage-shoah-seconde-guerre-mondiale
  5. Jean-Marc Berlière (Laurent Chabrunekin batera), Les Policiers français sous l'Occupation : d'après les archives inédites de l'épuration, Paris, Perrin, 2001, 388 or. (ISBN 2-262-01626-7).
  6. Michael Robert Marrus et Robert Paxton (ingelesezko itzulpena), Vichy et les Juifs, Paris, Calmann-Lévy, 2015, 381 or. (ISBN 978-2-7021-5702-2).
  7. https://www.herodote.net/16_juillet_1942-evenement-19420716.php
  8. https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/pdfa/?data=1995-07-18&orria=015&zenb=d0xRaDVqQUtKeHF4T2NiQ1lkeW5mUT09

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]