Pehr Henrik Ling | |||
---|---|---|---|
1835eko ekainaren 27a - 1839ko maiatzaren 3a ← Anders Fredrik Skjöldebrand (en) - Per Daniel Amadeus Atterbom → | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Södra Ljunga parish (en) , 1776ko azaroaren 15a | ||
Herrialdea | Suedia | ||
Heriotza | Solna (en) , 1839ko maiatzaren 3a (62 urte) | ||
Hobiratze lekua | Ling's hill (en) | ||
Heriotza modua | berezko heriotza: tuberkulosia | ||
Familia | |||
Ama | Hedvig Maria Molin | ||
Ezkontidea(k) | Sofia Maria Charlotta Rosenqvist (en) (1809ko urtarrilaren 1a - ezezaguna) Charlotta Catharina Nettelbladt (en) (1818ko abenduaren 21a - ezezaguna) | ||
Seme-alabak | ikusi
| ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | Lundeko Unibertsitatea Uppsalako Unibertsitatea | ||
Hizkuntzak | suediera | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | idazlea, medikua, poeta, gymnastics theoretician (en) , eskrima maisua, gimnasta eta irakaslea | ||
Lantokia(k) | Stockholm | ||
Jasotako sariak | ikusi
| ||
Kidetza | Suediar Akademia |
Pehr Henrik Ling (Södra Ljunga, Suedia, 1776ko azaroaren 15a - Stockholm, Suedia, 1839ko maiatzaren 3a) suedierazko poeta eta suediar gimnastikaren sortzailea izan zen; gorputz hezkuntza eta fisioterapia diziplinen aitzindaritzat hartzen da.[1]
Ling Södra Ljunga herrixkan jaio zen, Ljungby udalerrian (Småland), Lars Peter Ling apaiza eta Hedvig Maria ("Hedda") Molin gurasoengandik. Arbasoak nagusiki nekazariak izan ziren, baina elizgizonak ere bai. Amaren aldetik, Pehrren herenaitona Olof Rudbeck (1630–1702) zen, sistema linfatikoa deskubritu zuen zientzialari famatua. Birraitona, berriz, 105 urtera arte bizi izan omen zen; 17 seme eta 2 alaba izan zituen.[2]
Lingi gorputz hezkuntzaren eta fisioterapiaren sorrera esleitzen bazaio ere, esan behar da berak baino lehen zenbait autorek terapia fisikoaren ahalmenak esploratu eta argitaratu zituztela: [3]
Era berean, Lingek kung fu tradizio txinatarra ezagutu zuen; elementu horiek oinarri izan zituen Europan gorputz hezkuntza eta terapia fisikoak bultzatzeko.[4]
1792an, bigarren hezkuntza Växjöko ikastetxean burutu zuen. Gero, Lundeko Unibertsitatean teologia ikasketak hasi zituen, 1799an Uppsalako Unibertsitatean amaitu zituenak.[5] Ondoren, hiru urtez klase partikularrak ematen aritu zen.[6]
1800 urtetik aurrera, Lingek zazpi urte eman zituen herritik kanpo eta bidaiatzen. Kopenhageko Unibertsitatean hizkuntza modernoak ikasi eta irakatsi zituen, eta untzi batean boluntario gisa borrokatu zen.[6] Iturri batzuen arabera, garai honetan, Ming izeneko txinatar bat ezagutu zuen. Honek borroka-arteak eta tui na masajea praktikatzen zituen, eta Ling-i horrekiko interesa piztu zion. Oso lagunak bihurtu ziren, eta Kopenhagen eskriman eta entrenamendu fisikoan elkarrekin aritu ziren. Gero Alemanian eta Frantzian elkarrekin ibili eta banatu egin ziren.[7]
Ostean, Lingek Ingalaterrara jo zuen. 1804an, diru falta eta hezueria zirela eta, Suediara itzultzea erabaki zuen.[2]
Lingek Goethe, Schiller, Eddak eta Europa ipar aldeko mitologia estudiatu zituen; eta garai honetan olerkigintza landu zuen suedieraz, alemanieraz, frantsesez eta danieraz.
Ariketa fisikoak bere osasunari egiten zion onurari erreparatuta,[2] bide horretan sakondu zuen. Gorputz hezkuntzarekiko interesa lehendik zuen, Rousseau irakurrita, Ling Ilustrazio garaiko filantropisten mugimendu pedagogikoaren oinarriekin hezia izan baitzen. Kopenhagen zela GutsMuths-en lana ezagutu zuen, eta Franz Nachtegallen gimnasiora joaten hasi zen. Lan horien, eta agian Txinatik hartutako kontzeptuen[8] eraginez, Suediara itzultzean Lingek gimnasia eskola bat irekitzea zuen buruan.[2]
Behin Suedian, Ling eguneroko ariketa programa bat bere buruarekin hasi zen, eta 1805ean eskrima irakasten hasi zen Lundeko Unibertsitatean. Ariketa fisikoaren onura Europan onartutako zientzia ikuspegitik lantze aldera, medikuntza ikasketak abiatu zituen.
Lingek garatu zuen ariketa metodoa arrazionala zen, eta lau arlo jorratzen zituen: pedagogikoa, medikoa, militarra eta estetikoa. Medikuntzaren anatomia eta fisiologian oinarritu zen, erakunde ofizialen oniritzia jasoz.[2]
Hainbat saio eta gero, 1813an[9] Lingek Suediako gobernuaren babesa lortu zuen Stockholmen gimnasia irakasleen eskola ofiziala sortzeko: Kungliga Gymnastiska Centralinstitutet (GCI, «Gimnastikako Errege Institutu Zentrala»).[10] Beraien eraginez, 1820tik aurrera gimnasia derrigorrezko ikasgai bihurtu zen Suediako eskoletan.
Lingek zenbait gimnasia aparatu klasiko asmatu zituen (horma-barrak, oreka-habea), baita zaldiaren altuera erregulatzeko kaxa-sistema ere. Kalisteniaren garapenean ere ekarpenak egin zituen.[10]
Lingen eta bere ikasleen metodoek zenbait mediku ortodoxoen kritikak eragin zituzten; halere, 1831ean Suediako Medikuen Elkarteak Ling kide gisa onartu zuen, bere metodoari inplizituki babesa emanez. 1835ean Suediako Akademia ospetsuan ere onartua izan zen.[11]
Leku askotan Pehr Henrik Lingi "suediar masaje" teknikaren asmatzea esleitzen bazaio ere, datu hau ez da zuzena: masajea ez da agertzen ez berak garatutako metodoan, ezta 1813an sortutako Institutuaren ikasketa programan ere. Izan ere, teknika hauek Johann Georg Mezger daniarrak (1838-1909) garatu zituen; "suediar masaje" kontzeptua bera ere okerra da, XIX. mendean izandako nahaste bibliografiko baten ondorioz hedatua ("masaje klasikoa" termino aproposagoa da).[12]
Ling gerora hasi zen masaje teknikak erabiltzen, entrenamendu fisikoarekin eta mugimendu gimnastikoekin elkartuta, eta fisiologia, anatomia eta patologia ezagupenekin uztartuz;[13] metodoa argitaratzen lehena izan zen, hori bai.
Ling tuberkulosiak jota hil zenean (1839), hiru oinordeko izendatu zituen: Lars Gabriel Branting (1799–1881), August Georgii, eta bere seme Hjalmar Ling (1820–1886). Hiru pertsona hauek eta Thure Brandt (1861etik aurrera emakumeei zuzendutako gimnasian espezializatu zena) izan ziren "gimnastika suediarra" izenarekin ezagutu zenaren bultzatzaile nagusiak.
Esan bezala, Lingek ez zuen terapia fisikoa "asmatu" (ikusi dugunez, aurretik beste autore batzuek gaia landua zuten), ezta garai horretan bakarra; hala ere, berari sistematizatu izanaren, eta ofizialki bultzatu izanaren meritua dagokio.[3]
Lingen metodoak beste zenbait sistemengan eragina izan zuen. Hala nola:
1939an eta 1949an, Suedian Lingen omenezko gimnastika jardunaldi garrantzitsuak ospatu zituen, Lingiaden izenekoak.[15]
Ling (eta batez ere bere jarraitzaileak) gorputz hezkuntzaren eta terapia fisikoaren gaineko nolabaiteko monopolioa eskuratzen saiatu ziren. Halere, garai bertsuan, beraien eskolatik aparte aritu zen jende gehiago izan zen:[3]