Robin Hood: Prince of Thieves (euskaraz Robin Hood: Lapurren Printzea) 1991ko Kevin Reynolds estatubatuar zinema zuzendariaren abenturazko filma bat da. Filmaren izenburuak ongi adierazten duen modura Robin Hood ingeles bidelapurraren kondairan oinarritua dago. Bertan, Kevin Costner, Morgan Freeman, Christian Slater, Alan Rickman eta Mary Elizabeth Mastrantonio aktoreek antzeztu zuten.
Filmak Bigarren aktoren onenaren BAFTA Saria (Alan Rickman) irabazi zuen, gainera Bryan Adams kanadar abeslari eta musikariaren (Everything I Do) I Do It for You abestiari esker Jatorrizko abesti onenaren Oscar Sariaren izendapena ere jaso zuen.
Bitxikeria gisa, urte horretan bertan estreinatu zen Robin Hood filmarekin lehiatu zen, Hollywoodeko superekoizpen honekin alderatu ezkero filma hura ekoizpen aldetik askoz ere apalagoa zen, Patrick Bergin eta Uma Thurman protagonista izan zituelarik.
Robin Hood (Kevin Costner) ingeles jauntxo bat da, Rikardo I.a Ingalaterrakoarekin Hirugarren Gurutzadan borrokatzen ari dela, Jerusalemen espetxeratuko dute. Behin handik nola edo hala ihes egitea lortu ondoren, Azeem (Morgan Freeman) preso mairua ezagutu eta Hoodek bizia salbatu dioenez harekin mesedea itzuli arte edonora doala ere Hooden ondoan egotea erabakiko du.
Robin eta Azeem Ingalaterrako Erresumara iristean, Loxleyko jaurerria Nottinghamgo sheriffak (Alan Rickman) eta haren lehengusua eta menpekoa den Guy Gisbornekoaren (Michael Wincott) mende dagoela ikusiko dute, sheriffari Morgana (Geraldine McEwan) izeneko sorgin batek laguntzen diolarik, gainera Robinen aita zen Locksleyko jauna (Brian Blessed) Nottimghamgo sheriffak erail duela ere jabetuko dira. Mendeku gisa, Robin, Azeemen laguntzaz, eskualdeko jauntxoei eta Elizari lapurtzen hasiko da, haien aberastasunekin txiro eta behartsuak elikatzeko. Hori dela eta, sheriffak Hooden buruaren truk urrezko ehun piezako ordainsaria ipiniko du.
Sherwood basoan ezkutaturik, Robin eta Azeemek arrazoi bategatik edo besteagatik Nottinghamgo sheriffarengandik ezkutatu eta legez kanpo bizi diren pertsonak ezagutuko dituzte. Denak zapalkuntzaren aurka bat eginik eta Robin Hooden buruzagitzako talde osatuz denon arteko mendekua prestatuko dute. Inork espero ez zuena sheriffaren emaztegaia den lady Marian (Mary Elizabeth Mastrantonio) eta Hood elkar maiteminduko zirela da.
Azkenean, lady Marian sheriffarekin ezkontzera behartua izango da, baina Hooden taldeak errege gotorlekua arpilatu, eta lady Marian nahiz herrialde osoa agintari zitalen menpekotasunetik askatuko dute.