Salbe zubia | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Bilbo |
Kokapen fisikoa | Gazteleku |
Koordenatuak | 43°16′10″N 2°55′54″W / 43.269378°N 2.931803°W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | 1968 - 1972 |
Inaugurazioa | 1972ko urtarrilaren 9a |
Inaugurazioa | 1972ko urtarrilaren 9a |
Jabea | Bilboko Udala |
Kudeatzailea | Artxandako funikularra |
Erabilera | errepidea zubia igogailua |
Arkitektura | |
Diseinatzailea | Juan Batanero eta Daniel Buren |
Dimentsioak | 23,5 () m |
2 | |
Gurutzatzen du | Bilboko itsasadarra |
Zubibegiak | 6 |
Salbe zubia,[1] lehen Espainiako Printzeak zubia, Bilbo udalerriko zubi bat da, Bilboko itsasadarra zeharkatzen duena, iparraldetik Matiko eta Gazteleku auzoak eta hegoaldetik Abando auzoko Bilboko zabalgunea eta Abandoibarra guneak elkarlotuz. 1972ko urtarrilaren 9an zabaldu zen.
Salbe izena itsasontziak Bilboko portura heltzear zeudenean, zubi honen paretik Begoñako basilika ikusten zen lehen puntua zenez, marinelek Begoñako Andre Mariari Salbea abesteagatik datorkio.
1972ko urtarrilaren 9an zabaldu zuten, Juan Batanero ingeniaria izanik. Helburua hiriburuaren iparraldean 1970eko hamarkadan zegoen trafiko-arazoari irtenbidea aurkitzea zuen. Euskal Herrian ez ezik Espainian ere tiranteak erabiltzeko lehendabizikoen bat izan zen eta taula metalikoa erabiltzeko gutxienetariko bat. Bere 23,5 metroko altuerari esker itsasontziek behetik zeharka dezakete.
Campo Volantin pasealekua eta Unibertsitateen etorbideak bat egiten duten tokian, zubiaren oinarrian, Salbeko igogailuen beheko geralekua dago. Goiko geralekua zubian bertan kokatzen da. Zubiaren iparraldean dagoen bi igogailuz hornitutako sistema hau Bilboko Udalak ustiatzen du, Artxandako Funikularra S.A. enpresaren bitartez, eta urtean 200.000 lagun inguruk erabiltzen dute. 2008ko maiatzetik igogailu zerbitzua doakoa da.[2] Igogailuak inguratzen dituzten eskailerak ere badaude.
Zubiaren mendebaldean Guggenheim Bilbao Museoa dago, diseinatu zutenetik zubian lekukotutako dorre bat duena.
2006. urtearen bukaeran, Daniel Burenek, Guggenheim Bilbao Museoaren hamargarren urteurrena ospatzeko egindako lehiaketaren irabazleak, zubian arku gorri bat eraikitzea proposatu zuen, zubiaren jatorrizko egitura berdea inguratuz. Arku gorriak izeneko egitura horrek zubia eta museoa gehiago integratzeko asmoa zuen, zubian museoaren itxura kurboak ezarrita.[3]
Arku gorriaren kanpo eta barruko ertzen azala metakrilato zeharrargizkoa da, eta binilozko zerrendak ditu itsatsita kanpotik, barrualdetik instalatutako 6.732 LED argiz jositako sistemaz baliatuta gauero argi-jokoak eskaintzen direla.[4]
2017ko abuztuaren 11n Arku gorriak instalazioaren birgaitzea amaitu zen, urte horretan ospatutako museoaren hogeigarren urteurrenean.
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Bilbo |