Sebastian Iradier | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Sebastián de Iradier Salaverri |
Jaiotza | Lantziego, 1809ko urtarrilaren 20a |
Herrialdea | Araba, Euskal Herria |
Heriotza | Gasteiz, 1865eko abenduaren 6a (56 urte) |
Hobiratze lekua | Santa Isabel hilerria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | musikagilea |
Genero artistikoa | zarzuela habanera |
Sebastian Iradier Salaberri (Lantziego, Araba, 1809ko urtarrilaren 20a - Gasteiz, Araba, 1865eko abenduaren 6a) musikagilea izan zen. Frantzian Sebastian Yradier izen-deiturez egin zen ezaguna, Parisko bere editoreak abizena hala idaztea gomendatu baitzion. Kantagilea zen, batez ere: Los caracoles, El contrabandista. Bizetek El arreglito izeneko Iradierren habanera erabili zuen Carmen operan. Iradier, hain zuzen ere, konposatu zituen habanerengatik egin zen ospetsu, eta bereziki La paloma izenekoagatik. 1860an konposatu zuen, Kubara egindako bisita baten ondoren. Abesti hori oso ezaguna egin zen Amerikan eta Espainian, eta habanerak ezagutarazi zituen.
Bederatzi urte zituela, Gasteizko Santa Maria kolegiata zaharreko abesbatzan sartu zen.[1] Pianoa eta organoa jotzen ikasi zuen Gasteizen. Hamasei urte zituela, 1825eko apirilean, Gasteizko San Migel Goiaingeruaren elizako organista plaza lortu zuen; han jardun zuen 1827ko ekaina arte.[2]
1827an, Aguraingo (Araba) San Joan Bataiatzailearen parrokiarako organista eta sakristau nagusiaren plaza irabazi zuen; ekainaren 5ean izendatu zuten. 1829an, Brigida Iturbururekin ezkondu zen Agurainen, eta seme bat izan zuten, Pablo. Sebastianek, bere betebehar musikal erlijiosoez gain, Hego Euskal Herriko goi mailako burgesiako areto pribatuetan modan zeuden abesti herrikoiekiko zaletasun handia sentitzen zuen, eta biziki gozatzen zuen organoarekin eta gitarrarekin joaz katxutxak, boleroak, seguidillak eta tiranak.[2]
1833an, Aguraingo lanpostu horretatik baimena eman zioten, lau hilabetez Madrilen konposizioko ikasketak egin zitzan. Aguraingo San Joan Bataiatzailearen elizako organo-jotzailearen lanak Iradierren adiskide eta ikasle Antonio Ruiz de Landazabalek hartu zituen bere gain, aldi horretarako. Hala ere, lau hilabete haiek hainbat urte bihurtu ziren.
Madrilen, oparoa izan zen Iradierren musika sorkuntza, eta ospea lortu zuen. Madrilgo kontserbatorioko solfeo irakaslea izan zen 1840-1850 bitartean, eta Instituto Español erakundeko konposizio eta harmonia katedraduna. Izen handia eman zion aristokraziako dama askori eskolak emateak.
Geroago Parisa joan zen, Eugenia de Montijo enperatrizaren kantu irakaslea izateko. Hiriburu hartan, editoreak gomendatu zion abizenerako Yradier idazkera erabiltzea, eta Sebastianek halaxe egin zuen.
Rossini, Merimée eta beste zenbait artista famaturen adiskide izan zen. Opera konpainia bat sortu eta Estatu Batuetan, Mexikon eta Kuban barrena ibili zen.