The Brutalist | |
---|---|
Jatorria | |
Argitaratze-data | 2024 |
Izenburua | The Brutalist |
Jatorrizko hizkuntza | ingelesa |
Jatorrizko herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | film dramatikoa |
Iraupena | 3:35 minutu |
Kolorea | koloretakoa |
Grabazio lekua(k) | Budapest eta Carrara |
Zuzendaritza eta gidoia | |
Zuzendaria(k) | Brady Corbet |
Gidoigilea(k) | Mona Fastvold Brady Corbet |
Antzezlea(k) | |
Ekoizpena | |
Konpainia ekoizlea | Brookstreet Pictures (en) |
Edizioa | Dávid Jancsó (en) |
Ekoizpen-diseinatzailea | Judy Becker |
Bestelako lanak | |
Musikagilea | Daniel Blumberg (en) |
Argazki-zuzendaria | Lol Crawley (en) |
Historia | |
Jasotako sariak | |
The Brutalist Brady Corbet zinemagile eta gidoilari estatubatuarraren hirugarren lan luzea da. 1940ko hamarkadan AEBetara migratuko duen arkitekto judu baten istorioa kontatzen du. Biopic eran dago kontatua filma, eta Laszlo Toth arkitektoaren bizitzaren ia 50 urte biltzen ditu. Drama historiko epikoa da.[1] Iraupena: 215 minutu.
Fikziozko filma eta pertsonaia badira ere, belaunaldi eta garai baten erretratua da pelikula; orainaldiaren oso antzekoa den iraganaz hitz egiten duen erretratua. Veneziako zinemaldian aurkeztu zuten, eta bertan jaso zituen zuzendari onenarentzako Zilarrezko Lehoia eta nazioarteko kritikaren Fipresci saria. Ordutik izendapen eta sari mordoa pilatu ditu filmak.[2] National Board of Reviewren arabera 2024ko hamar film onenen artean dago.
László Toth Budapesten bizi den arkitekto judua da, Bauhaus eskolakoa. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, 40ko hamarkadan, Ameriketako Estatu Batuetara emigratzea erabakiko du. Bakarrik doa, nahiz eta badirudien emaztea, Erzsébet, bizirik dagoela. László lehengusuaren eta haren emazte katolikoaren etxera joango da, eta haien altzari negozio berrirako piezak diseinatzen hasiko da.[2]
Lanpostu horrek Van Buren familiarengana hurbilduko du gizona. Liburutegi baten diseinua egin ondoren, eta lehengusuarekin izandako iskanbilak tarteko, Lászlók lana galduko du, baina Harrison Lee Van Buren gizon dirudunaren interesa irabaziko du. Beste proposamen bat egingo dio estatubatuarrak, zeina pauso garrantzitsua bilakatu daitekeen juduaren karreran: komunitatearentzat eliza bat diseinatzea, Brutalismoaren ondare eta Van Burenen ama hilberriarentzako omenaldi izango dena.[2] Baina aberatsak ez dira pertsona errazak eta laster Lee Van Burenen izaera despotikoa ezagutuko du.
1950eko hamarkadan sortutako VistaVision formatuan dago filmatua, eta Corbetek iraganean jartzen du begirada, telebistan eta zineman horrenbestetan ikusitako istorioari buelta emateko: eraikitzen ari ziren Estatu Batu horiena, aukera berri eta arrakasten lurralde horrena, bizitza berri bat hastea lortzen zuten migratzaile horien guztien istorioa. Corbet eta Fastvoldek idatzitako gidoiak Europako faxismotik AEBetako kapitalismora bidaiatzen duen gizonaren istorioa kontatzen du.[2] Filmaren bukaera aldera Erzsébet Tóthek Estatu Batuak ustelduta daudela esango du eta aukera Israelera joatea dela esango du.