Xerostomia | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | eztarri lehorra |
Arrazoia(k) | hyposalivation (en) |
Identifikatzaileak | |
GNS-10 | K11.7 eta R68.2 |
GNS-9 | 527.7 |
DiseasesDB | 17880 |
MeSH | D014987 |
Xerostomia listu guruinak beraien lana behar bezala betetzen ez dutenean sortzen den aho lehorreko sentsazioa da. Behar adina baino listu gutxiago sortzen da, nahiz eta ez egon muga zehatzik jariatu beharko litzatekeen listu kopuruaren inguruan. Listu kopurua gutxitzearekin batera, ondorengo sintomak ere agertu daitezke, dastamenaren galera, murtxikatzeko arazoak, elikatzeko moduan aldaketak, lama sentsazioa ahoan, mihiko mina, pitzadurak ezpainetan, egarria, protesiak jartzeko arazoak...
Agertzen diren lehenengo sintomak, listua likatsu eta apartsu bilakatzea dira.
Xerostomiaren eragile nagusien artean botikak daude, sendagaiek listu guruinen aldaketa sor dezakete. Beste alde batetik, kontrolatu gabeko diabetes mellitusa, irradiazioa, kimioterapia, aldaketa psikologikoak, terapia kirurgikoak, guruinen gaixotasunak eta gaixotasun autoimmuneak (lupusa edota Sjögrenen sindromea) dira xerostomiaren kausarik nagusiak.
Beste eragile batzuk: sarkoidosia, C hepatitis infekzioa, behazun-zirrosia, fibrosi kistikoa, amiloidosia, hemokromatosia, Wegener gaixotasuna, A hirukoitzaren sindromea…
Egunean zehar 500ml listu sortzen dute guruinek, 200ml jaten dugun bitartean eta beste 300 ml-ak, atsedenaldian. Lo gauden bitartean, listu jarioa 0,1ml/min-koa izaten da, atsedenaldian, 0,3ml/min-koa eta jaten ari garen bitartean 4-5ml/min-koa. Atsedenaldian 0,12-0,16 ml/min-ko baino gutxiago isurtzen denean, hiposialia baten aurrean gaudela esaten da, hau da, behar adina baino listu gutxiago jariatzen dela, ahoa lehortzen delarik.
Europan, biztanleriaren %20-30ek pairatzen dute gaixotasun hau. Ikerketen arabera, xerostomia diagnostikatzen zaien pertsonak geroz eta gehiago dira, alkohol, tabako eta antidepresiboen erabilera desarauengatik.
Listu jariapena gutxitzean, elikagaiak herrestatzeko ahalmena galtzen du listuak. Ondorioz, txantxarra agertzeko arriskua handitu egiten da. Hortzoiari eragiten dieten gaixotasunak ere agertzeko arriskua areagotzen da, gingibitisa eta periodontitisa. Hortzetan metatuko den zikinkeria geroz eta gehiago izango denez, higiene maila egokia edukitzea oso garrantzitsua izango da.
500 botika baino gehiago daude xerostomia sortzeko gai direnak (depresioaren kontrakoak, tentsio arteriala kontrolatzekoak, antiinflamatorioak, alergien kontrako botikak, astiasmatikoak edota erlaxatzaile muskularrak). Hala ere, botika hauek sortzen duten efektua ez da betirako, medikamentuak hartzeari uzten zaionean, listu jariapen maila handitzen da.
Estresari, antsietateari eta depresioari loturiko gaixotasuna dela esaten dute.
Hona hemen xerostomia sortzen duten hainbat botika:
Botikek listu jariapena handitu edo txikitu dezakete, guruinetan sortzen duten efektuaren arabera. Listuaren konposizioa ere aldatu dezakete, batez ere nerbio sistema periferikoko ekintza imitatzen dutelako.
Kimioterapia jasotzen dutenen artean, %40ek xerostomia jasaten dute bigarren eskuko efektu bezala. Erradioterapiak ere, listu jariapena gutxitzen du.
Erradioterapian, erradiazio ionizatzaileak guruinetan sortzen dituzten eraginak gradu ezberdinetan neurtu daitezke. Zelula azinarrak desegiten dituzte, guruinaren atrofia eta fibrosia agertzen delarik. Guruinek jasaten duten aldaketa, jasotako ionizazio dosi, bolumen eta denboraren arabera izango da. Bestetik pazientearen adina ere garrantzitsua izango da.
Parotidak dira guruinetatik sentiberenak, eta aldaketa gehien sufritzen dutenak. Ahoko minbiziarentzat, normalean 60 eta 70 Gy arteko dosiak ematen dira, honek listu kopuruaren gutxipena segituan sortzen duelarik. 20Gy ko dosi bakarrarekin jada sortzen dira listu kopuru txikiagoak.
Irradiazioa jaso ondoren, listu jariapena gutxitzen doa, baina 6-12 hilabete ondoren listu kopuruak hasierakoen antzekoak izatera iritsi daitezke.
Kimioterapiaren ondorioz ere ultzerak, hanturak, mukositisa, infekzioak, odoljarioak… sortzen dira. Hala ere kimioterapiak sortzen duen xerostomia itzulgarria izaten da gehienetan.
Gaixotasun askok sortzen dute listu jariapenaren gutxipena. Gaixotasun autoimmuneak, hipertentsioak, diabetes mellitusak, gaitz neurologikoek eta depresioak, guruinen parenkima desegiten dute eta ondorioz xerostomia sortzen da. Bestetan gaixotasunek odol hodiei edota nerbioei eragiten diete, efektu itzulgarriak sortuz.
Hona hemen xerostomia sortzen duten gaixotasun autoimmuneak:
Gaixotasun hauek ahoko lehortasuna sortzeaz gain, begietako, baginako, faringeko, laringeko eta sudurreko mukosen lehortasuna ere sortzen dute.
Aho eta lepoko tumoreak erauzteko kirurgiek guruinei eragin diezaiekete, parenkiman alterazioak sortuz, edota odolaren irrigazioa gutxituz. Ondorioz xerostomia agertu daiteke.
Xerostomiaren diagnostikoa ez da zaila, zaila izaten dena, xerostomiaren kausa ezagutzea izaten da. Horretarako laborategiko probak beharrezkoak izaten dira.
Mukosan agertzen dena: Ahoko mukosa lehortu egiten da, distira galtzen du, zuritu egiten da eta mehetu egiten da. Mingainean pitzadurak agertzen dira, eta batzuetan ezpainetan ere. Orokorrean mukosa inflamatu egiten da, kandidiasia agertu daitekeelarik.
Hortzetan agertzen dena: Txantxar gehiago agertzen dira, batez ere hortzen lepoaldean.
Guruinetan agertzen dena: 'Batzuetan sialomegalia ikus daiteke, guruinak handituta egon daitezke, normalean baina listu lodiago bat jariatzen dutelarik.
Aho kanpoan agertzen dena: Guruinetan arazoak sortzen direnean, faringitisa, laringitisa, marranta, eztul lehorra eta espektoratzeko zailtasunak agertu daitezke. Xerostomia duten pertsonek normalean sudurreko mukosak ere lehorrak izaten dituzte, zarakarrak eta epistaxia eraginez. Begietako mukosak lehortzen direnean, xeroftalmia, keratokonjuntibitisa, malkoen gutxipena… agertzen dira. Xerostomiak dispepsia eta idorreria ere eragin dezakete.
Xerostomiaren diagnostikorako garrantzitsuena historia kliniko on bat egitea da, gaixoak eduki ditzakeen gaixotasun guztiak argi idatziz, eta batez ere hartzen dituen botikei buruz galdetuz. Pertsonak edaten duen ur kantitatearen inguruan ere galdetu behar zaio, eta murtxikatzeko edota irensteko arazoak dituen hala ez.
Ahoa ondo aztertu behar zaio, mukosa, hortzak, ezpainak… xerostomiaren ondorioz sortzen diren aldaketak ondo aztertuz.
Egiten zaizkien proben artean, proba kuantitatiboak (listu kopurua neurtzeko) eta kualitatiboak (listuaren konposizioa jakiteko) aurkitzen dira.
Proba kuantitatiboak: Sialometria da egiten den proba garrantzitsuena baina badaude beste batzuk (sukzio testa, azukre koxkorraren testa…), listu kopurua neurtzeko erabiltzen dira.
Proba kualitatiboak: Listua osatzen duten osagaiak aztertzen dira, honela, sodio, kloro, amilasa eta bikarbonato kontzentrazioak neurtzen dira. Ph-a ere neurtzen da teknika honekin.
Klinikan egin daitezkeen probak hurrengoak dira:
Aho lehorraren tratamendua, ahoko mukosak hezetzea edo bustitzean datza. Horretarako listuaren ordezkoak (metilzelulosa, karboximetilzelulosa, hidroximetilzelulosa…) erabil daitezke. Listu jariapena eragiteko sialogogoak erabiltzen dira, baina garrantzitsuena aho higiene egokia edukitzea da. Sialogogo erabiliena pilokarpina da. Beste sialogogo batzuk, karbakol eta yoimbina dira. Batzuetan gozokiak eta txikleak erabiltzea ere gomendatzen da.
Xerostomia pazienteak hartzen dituen botiken ondorioz bada, medikamentuen dosiak aldatu beharko lirateke, beti ere medikuaren onespenarekin. Bestetan botikak aldatu behar izaten dira.
Ahoa garbia mantentzea nahitaezkoa da, txantxar eta infekzio arriskua gutxiagotzeko. Zurda leuneko hortzetako zepiloa erabiltzea gomendatzen da eta hortzetako pastak fluoruroak edukitzea. Irakuzketak egin daitezke eta hortzetako haria erabiltzea ere gomendagarria da.
Elikagaiak ondo murtxikatu, alkohol eta tabako kontsumoa murriztu, dentistarengana urtean bi aldiz gutxienez joan eta PHa 5,5a baino gutxiago dituzten produktuak ez erabili.