Zerocalcare | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Michele Rech |
Jaiotza | Cortona eta Arezzo, 1983ko abenduaren 12a (40 urte) |
Herrialdea | Italia Frantzia |
Bizilekua | Erroma |
Lehen hizkuntza | italiera |
Hezkuntza | |
Heziketa | Lycée français Chateaubriand (en) |
Hizkuntzak | italiera frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | umorista grafikoa, komikigilea, film-zuzendaria, idazlea, ilustratzailea eta ahots-aktorea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Influentziak | Jamie Hewlett eta Akira Toriyama |
Izengoitia(k) | Zerocalcare |
zerocalcare.it | |
|
Zerocalcare, Michele Rech komikigile italiarrak (Cortona 1983ko abenduaren 12) erabiltzen duen izengoitia.
Interneteko eztabaida baterako nickname bat behar izan zuela-eta, momentu horretan bertan telebistan ikusi zuen karearen kontrako produktu baten iragarkiaren lelotik hartu zuen Zerocalcare izen artistikoa. Horrela kontatu izan du komikigileak berak behin baino gehiagotan.[1][2][3]
Erromako Rebibbia auzo herrikoian hezitako irudigilea da, eta haren komikietan auzoko bizitza, lagunak eta izaera erakusten ditu. Autorea bera komikietako pertsonai eta askotan protagonista bihurtzen da, eta haren bizipen zein kezka pertsonalekin batera, belaunaldi baten egoera islatu nahi du beste pertsonai batzuez hornitutako kontakizunetan, betiere 1980ko lehen bosturtekoan jaiotakoak; bestalde, Zerocalcarek, nerabezarotik, Italiako giro politiko alternatiboetan parte hartu zuen, eta gune okupatu autogestionatuak, mundializazioaren aurkako mobilizazioak, eta kurduen borrokak izan ditu hizpide lan askotan.[4]
2018 urtean Farmazia Beltza argitaletxeak euskarara itzuli eta argitaratu zuen Zerocalcareren Macerie Prime komikia bi liburukitan: Hondamuinean (2018) eta Hondamuinean 2: 6 hilabete geroago (2019). Koldo Izagirrek egin zuen italieratik euskararako itzulpena.
2019ko apirilean Zerocalcare Donostiako Komikigunean eta Iruñeko Katakrak liburudendan aurkeztu zituen komiki hauek, eta Komikigunean marrazkilari eta komikigileentzako saio berezia eskaini zuen.[5]
2020 urtean argitaratu zuen euskaraz Farmazia Beltzak 2011 urtean egileak sortutako lehen komiki luzea 'La profezia dell'armadillo'; 2021ean argitaratu zen euskaraz 'Kobane Calling' eta 2022an 'No Sleep Till Shengal'.
Bere liburuak aurkezten eta komikigintza tailerrak eskaintzen ere izan zen Zerocalcare Euskal Herrian 2020, eta, bisita hartan, Sustrai Colina bertsolaria aritu zitzaion gidari eta itzultzaile lanetan. Horregatik, komikigilearekin izandako solasaldiak hartu zituen gero oinarri Kobane calling libururako hitzaurrea idazteko, eta egilearen robot-irudi gisako bat egiten du bertan. Hitzaurrean kontatzen denez, adibidez, egileak urtean sei hilabete ematen ditu etxean komikiak sortzen, eta beste sei promozio lanetan; argitaletxeen zirkuituetan lehenik, eta gaztetxez gaztetxe ere bai ondoren. Bere sonaz nazkatutako sortzaile baten erretratua egiten du Colinak, baina baita bere konpromiso politikoei fidel jarraitzeko borrokan dabilen egile batena ere: erretxin antza, jakin-minak jota, bere pertsonaiak erdi irentsita, eta, halere, hezur haragizko.[6]