Électricité de France (EDF) frantses estatuko argindar ekoizle, hornitzaile eta banatzaile bat da. Sozietate anonimo gisa eratua da, haren kapitalaren %80a frantses estatuarena delarik. Estatuko zein Europar Batasuneko argindar ekoizle eta hornitzaile nagusia da eta haren egoitza soziala Parisen da.
2017an, irabazi gehien zituzten munduko argindar konpainien artean 3. postuan kokatzen zen[1], eta 34.28 miliar euroko kapitala zuen 2018an[2].
2022. urtean, Emmanuel Macron presidente neoliberalaren[3] garaietan, EDF sozietatea erabat publiko bihurtzeko asmoa iragarri zen, nazionalizatu egin zen. Urte horretan %84ko jabetza zuen frantses estatuak[4][5] baina estatuak jabetza osoa, %100, eskuratu nahi zuen. Enpresa estatuarentzat oinarri-oinarrizko zerbitzuak eskaintzen zituen, baina finantza arloko kontuek erakusten zuten alde batetik mozkinak deklaratzen bazuten ere, bestetik zor oso handia[6] metatu zutela.[7]
Électricité de France enpresa publiko gisa sortu zen 1946ko apirilaren 8an[8], alemaniarren okupazioa bukatu eta bi urtera, Frantziako Nazio Biltzarrak argindarraren eta gasaren nazionalizazioaren aldeko 46-628 legea onartu zuelarik aldeko 491 botorekin (PC, SFIO, MRP, Radicaux, UDSR) eta kontrako 59 botorekin (Parti républicain de la liberté, Républicains indépendants eta eskuineko hainbat alderdi)[9]. Lege proiektua Marcel Paul[10] garaiko industria ekoizpenaren ministroak bultzatu zuen, gerla garaian Erresistentziaren Nazio Kontseiluak (frantsesez, Conseil national de la Résistance) egin proposamenetan oinarriturik[11]. Lege honen ondorioz 1450 argindar ekoizle, hornitzaile eta banatzaile entrepresen jabetza nazionalizatu zen[12].
1996tik landa, Europar Batasunetik sektore elektrikoaren liberalizazioa bultzatu zen eta frantses estatuak 2000 eta 2004 artean EDFen estatus juridikoa aldatu zuen, enpresa burtsan kotizatuz[13][14][15]. Gaur egun, EDF sozietate anonimo bat da, nahiz estatuak akzioen %80a atxiki.
EDFk argindarra ekoizten du, energia berriztagarri zein ez berriztagarriak baliatuz, frantses estatuan zein mundu osoan. Batez ere energia nuklearra baliatzen du argindarraren sortzeko (2017 bukaerako datuak)[16]:
2017 bukaeran EDF taldearen instalatutako indarraren banaketa mundu mailan:
Argindarra ekoizteaz gain hornikuntza lanak ere egiten ditu.