2023-2024ko Israel-Palestina gerrari buruzko nazioarteko erreakzioak urriaren 7tik hasi ziren Hamasek eta Gazako erakunde politiko-militarrak mugak hautsi eta Israelgo eskualde mugakideetara oldartu zirenean. Luze gabe, bi bloke sortzen joan ziren, elkarren kontrako posizioaz. Hasierako palestinar oldarraldiari Israelek ofentsiba suntsigarri luze batez erantzun zion, hainbat eragile politikok eta humanitariok «genozidiotzat» jo izan dutena. Estatuen artean, Iranek eta Hegoafrikako Errepublikak hartu dute gogorren Israelen kanpaina militarra, bigarrenak Israeli Nazioarteko Justizia Auzitegian genozidio salaketa bat jarriz. Kontrako aldean, AEBk, Europar Batasunak, Erresuma Batuak eta Australiak, besteak beste, Israelek bere burua defendatzeko eskubidea eta «terrorismoaren kontrako borroka» argudiatu dute.
Nazio Batuak pausa humanitario eta menia baten aldeko posizioa agertzetik gero eta gehiago laguntza humanitario bermatzearen alde eta Israelen jokabidea arbuiagarritzat jotzera pasa dira. NBEko UNRWA erakundeak ezinbesteko lana egin du gutxienezko baldintza humanitarioak eta osasun zerbitzuak eskaintzen. Aldiz, Israelek «Hamasi laguntzea» leporatu zion, eta Mendebaldeko zenbait herrialdek diru laguntza kendu zioten. Bitartean, hainbat nazioarteko erakundeek palestinar biztanleria zigortuari laguntza humanitarioa eskaintzen jarri zuten indar osoa, Israelek sarritan eragotzia. World Central Kitchen karitate erakundearen kontra ere jo zuen, zazpi aktibista erailez, AEBko Joe Biden presidentearen sumina piztu zuena. Horrek, ordea, ez zuen aldatu haren funtsezko posizioa: Israel armaz hornitzea eta politikoki babestea.
Gerrak aurrera egin ahala, Mendebaldean, arrakala batzuk sortu ziren, Israelen kontrako gerra krimen salaketak areagotu ahala. Horien artean, Espainiak bi estatuen soluzioaren aldeko jarrera berretsi eta sustatu zuen, baita UNRWAren aldekoa ere. 2024ko maiatzaren 28an, nazioarteko joko diplomatikoa puri-purian jarri zen berriz Espainiak, Irlandak eta Norvegiak Palestinako estatua ofizialki aitortu zutenean. Errusiak eta Txinak erdibideko jarrerak agertu zituzten, gerra amaitzeko konpromiso baten aldekoak. Ekialde Hurbileko eta nazioarteko aliantza sistemak jarrerak polarizatu eta lurralde eta herrialde mugakide guztietara hedatu zuen krisia.
Europar Batasunak eta Estatu Batuek erabat kondenatu zuten urriaren 7-8ko Hamasen erasoa.[1] Joe Biden Estatu Batuetako presidenteak babes osoa adierazi zion Israeli, «bere burua defendatzeko betebeharra» zuela aipatuz.[2] Urriaren 13an, gatazka hasi eta bost egunera, Ursula von der Leyenek eta Roberta Metsolak, Europar Batasuneko erakunde nagusietako buruek, Israelera bidaiatu zuten Hamasen erasoen biktimekin elkartasuna adieraztera. Lloyd Austin Estatu Batuetako defentsa idazkariak, bitartean, bonbak eta munizioa eskaini zituen. Bitartean, Antony Blinken AEBko estatu idazkaria Mahmud Abbas Palestinako presidentearekin ere bildu zen; adierazi zuenez, «Hamasek ez du palestinar herria ordezkatzen».[3] Atzerriko agintari horiek guztiek Hamas eta haren ekintzak terrorismoa zirela nabarmendu zuten, betiere.[4]
Kontrako aldean, urriaren amaieran, Irango Ali Khamenei ayatollahk, Hamasen urriaren 7ko erasoa «sionismoaren kontrako erresistentziatzat» jotzen zuenak, gerraren eskalada baten arriskuaz ohartarazi zuen, Israelek Gazaren kontrako operazioa jarraituz gero.[5] Bere aldetik, azaroaren 2an, Israelekin harreman diplomatiko oro eteteko deia egin zien herrialde musulmanei.[6] Geografikoki eta politikoki Mendebaldetik urrun, Errusiak eta Txinak su etenerako deia egin zuten. Ez zuten milizia palestinarren urriaren 7ko erasoa gaitzetsi, ezta Israelen okupazioa ere. Mosku hasieratik saiatzen aritu zen bitartekari lanak egiten.[7]
Urriko Israelen kontrako erasoari buruzko erreakzioak ez ziren berehala aldatu Gazako Israelen inbasioan. Gazaren setioaren gorenean, Bidenek AEBren inoizko diru laguntza handienetako bat agindu zion Israeli, 14.300 milioi dolarrekoa, misil eta aire defentsa, finantzamendu militar eta enbaxadetarako, besteak beste.[8] Gainera, AEBk gerra hegazkinak eta bi hegazkin-ontzi igorri zituen Mediterraneo ekialdera, azken bi ontzi horiek AEBren armadako handienak, Israeli babesa erakusteko eta hari Iranek edo/eta Hezbolak erasoa egitea Irani eragozteko, CNN AEBko albisteen korporazioaren arabera.[9]
Kongresuari bizkarra emanez, abendu hondarrean, hilabetean bigarren aldiz, Joe Bidenek 147,5 milioi dolarreko arma salmenta onartu zuen Israelentzat, gogoan hartuz «premiazko defentsa beharrizanak» dituela.[10] 2024ko apirilaren 20an, AEBko Kongresuak gehiengo zabalez onartu zuen laguntza pakete bat Israelentzat eta Ukrainarentzat: guztizko 95.000 milioi dolarretik 26.400 Israeli zegozkion, gehienak defentsa eta erasorako azpiegiturak, ekipamendua eta hornikuntza, aldi berean NBEko UNRWAri funtsik igortzea debekatuz; Netanyahuk biziki eskertu zuen estatubatuar babesa.[11]
Apirilaren 24an, AEBko Senatuak berretsi zuen, laguntza horretan Taiwan ere sartuz. Biden presidenteak adierazi zuen era horretan «demokraziaren argi eta mundu askearen lider gisa duen rola sendotzen» zuela.[12] Ekainaren hasieran, New Yorkeko Columbia unibertsitatean, Columbia Law Review aldizkari zientifikoaren zuzendaritza batzordeak itxiarazi egin zuen aldizkari horren webgunea, ikasleek eta irakasleek idatzia, bertan Israelekin kritikoa zen artikulu bat idatzi ondoren. Trukean, «webgunea mantentze-lanetan» zioen mezua jarri zen.[13]
2024ko uztailaren hondarrean, Netanyahuk AEBera bidaia egin zuen bere aldeko gobernu haren atxikimendua berretsi eta estutzera. Lehen ministro israeldarra Kamala Harris presidenteordearekin bildu zen, eta azken horrek bere babesa agindu zion, Bidenek baino epelago bazen ere («gerra bukatzeko» eskatu zion).[14] Netanyahu Donald Trump hautagai errepublikarrarekin ere elkartu zen, eta are adiskidetsuago agertu zen israeldar lehen ministroarekin.[15] Libanoko ofentsiba bete-betean, iragarri zen Israelek Estatu Batuen 5.000 milioi dolarreko laguntza militarra jasoko zuela, bereziki aire defentsa sistema hobetzera bideratua.[16]
Europaren hasierako posizioa AEBrenarenetik asko urruntzen ez bazen ere, babes horren lehendabiziko arrakalak luze gabe agertu ziren. Gaza iparraldea jendez husteko Israelen aginduaz, Josep Borrell Europar Batasuneko atzerri politikako buruak adierazi zuen Gazako milioi bat pertsona husteko agindua ezinezkoa zela eta, ildo beretik, NBEren arabera, Israelen bonbardaketen aurrean, «Gazan ez dago toki segururik zibilentzat».[7][17] Azaroaren amaieran, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak eta Alexander De Croo Belgikakoak Israelera bidaia egin zuten, eta Netanyahurekin elkartu. Espainiakoak aurrez aurre adierazi zion Israelgo buruzagi nagusiari Israel-Palestina bi estatuen aldeko soluzioaren aldekoa zela eta, Hamas eta Hamasen ekintzak gaitzetsi ez ezik, palestinar zibilen «hildako kopuruak jasanezinak» zirela. Horrek, gero, Israelen haserrea piztu zuen, europarrek «terroristak babesten» dituztelakoan; krisi diplomatiko bat sortu zuen.[18][19]
2024ko maiatzaren 28an, nazioarteko joko diplomatikoa puri-purian jarri zen, Espainiak, Irlandak eta Norvegiak era koordinatuan Palestinako estatua ofizialki aitortu zutenean. Era horretan, munduko beste 146 estaturekin bat egin zuten, Jerusalem ekialdea haren hiriburutzat hartuz eta 1967ko mugen arabera, «Gaza eta Zisjordania korridore batez lotuko» lituzkeen estatu baten alde. Europako estatuok Ekialde Hurbilean bakea lortu beste helbururik ez zutela argudiatu zuten. 2024an, ordurako, Barbadosek, Jamaikak, Trinidad eta Tobagok eta Bahamek ere Palestina ofizialki aitortu zuten. Europako estatu horien errekonozimenduak Israelen haserre bizia piztu zuen: Israelgo Atzerri ministroak, Israel Katzek, X sare sozialean argitaratu zuen Pedro Sánchez «herri juduaren genozidioa eta gerra krimenak sustatzearen konplize» bihurtu zela.[20]
Frantziak Israelen alde izan duen babes historikoa berretsi zuen. Nicolas Sarkozy presidente zela areagotu egin zen. Jada 2019an, Macronek antisionismoa eta antisemitismoa parekatzen dituen ebazpenaren alde bozkatu zuen. Frantzian, urriaren 12an, Hamasen eta milizia palestinarren erasoetatik egun gutxira, Frantziako Legebiltzarraren eta Senatuko buruaren deiari erantzunez, 105.000 herritar bildu ziren manifestazioan «antisemitismoaren aurka», definizioari buruzko eztabaida handiaren erdian. Eskalada militarrari buruzko Frantziaren posizioa honela labur zitezkeen: Israelek bere burua babesteko eskubidea duela eta terrorismoaren kontra borrokatzen ari dela. Frantzia eta Israelen arteko harreman estu horren seinale, Macron hainbatetan elkartu da Benjamin Netanyahurekin[21]
Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak rol nabarmena hartu zuen gatazkan, eta onartezintzat jo zuen Gaza iparraldea husteko agindua, oinarrizko giza eskubideen kontrakotzat.[7] Errusia Ekialde Hurbileko herrialdeekin zituen harreman sareei eutsi nahi izan zien. Iran zen eskualdean Errusiak zuen aliatu militarrik handiena, eta azken hamarkadetan nabarmen sakondu zituen Egipto, Siria eta PAN Palestinako Aginte Nazionalarekiko harremanak. Haatik, ondo konpontzen zen Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahurekin ere, eta, aintzat hartzekoa da Israelek ez zuela Ukrainako inbasioan Errusiaren aurkako neurrietan parte hartu, eta ez ziola Ukrainari laguntza militarrik eman.[7] Vladimir Putinek, hala ere, gaitzetsi egin zuen Gazaren lur inbasio baten aukera, eta erabat onartezintzat jo eragin zezakeen biktima zibilen kopurua, gogora ekarriz, halaber, Leningradeko setioa (1941-1944); Israelgo agintarien eta Hamasen arteko berehalako bitartekaritza erreklamatu zuen.[7]
2024ko martxoan, hala Errusiak nola Txinak galarazi egin zuten NBEko Segurtasun Kontseiluan AEBren proposamen bat, su-etena premiazkoa zela adierazten zuena, adieraziz galarazi egiten zuela berehala eta baldintzarik gabe su-etena eskatzea. Errusiaren arabera, ez zen «nahikoa palestinar zibil errugabeen bizitza salbatzeko», «helburu bakarra izanik nazioarteko komunitatea berariaz tronpatzea». Txinak, arabiar estatuekin batera, estatubatuar proposamenaren kontra bozkatu zuen, Segurtasun Kontseiluak “luzamendutan ibili eta denbora gehiegi galdu” duelakoan.[22]
Urriaren erdialdean, nazioarteko Bakearen aldeko Kairoko Goi-bilera egin zen Egipton, Israel-Gaza gerraren inguruko konponbideak bilatzeko eta gatazka Ekialde Hurbileko beste lekuetara hedatzeko. Bertan, ez zuen Israelek parte hartu, ezta Iranek ere. Egiptoko Abdel Fatah al-Sisi presidenteak «hondamendi humanitariorako» bide orri batera deitu zuen, eta Israeli «bere burua kontrolatzera». Gainera, palestinarrak Egiptoko Sinai penintsulara lekualdatzearen kontra agertu zen, Israelen kontrako base bihurtuko zelakoan. Bestalde, 2024an, Qatar-eko gobernua bitartekari lanetan aritu zen Israelgo agintarien eta Hamasen artean, Gazarako menia bat lortzeko eta Hamasen eskuetan ziren gatibuak askatzeko. Aldiz, 2024ko apirilaren 18an adierazi zuen berraztertu egingo zuela bere rola, aldeek beren «interes politiko estuak» besterik bilatzen ez zituztelakoan.[23]
Maiatzaren hondarrean, AEBk Israel babesteko daraman politikaren kritikaren erdian eta AEBko estatu departamenduak laguntza humanitarioa eragoztetik Israel zuritzeko txosten faltsu bat ondu zuela azaleratu eta berehala,[24][25] Joe Bidenek plan bat proposatu zuen Gazan su-eten iraunkor bat lortzeko. Ustez, Israelgo gobernuaren oniritzia zuen. Planak hiru fase zituen: lehenengoak sei aste iraun behar zuen, su-eten iraunkor bat ekarriko zuena, baita Israelgo armada Gazako biztanle eremuetatik ateratzea. Aldi berean, palestinarren eskuetan zeuden hainbat gatibu askatuko zituzten, eta ehunka palestinar preso aske geratuko ziren, laguntza humanitarioa heltzen zen bitartean. Bidenen arabera, bigarren fase batean, palestinar eskuetan ziren gainerako gatibuak askatuko ziren, eta Israelgo armada Gazako gainerako lurraldetik irtengo zen, eta borrokak amaitu egingo ziren iraunkorki. Azken fasean, Gaza berreraikitzeko plana jarriko litzateke indarrean, eta hildako Israelgo gatibuen gorpuak etxeratu egingo ziren.[26]
Nazioartean, NBEko Guterresek eta hainbat Israelen aliatuk, tartean zirela Alemania eta Erresuma Batua, Bidenen planaren aldeko jarrerak agertu zituzten. Palestinar aldean, Hamasek planaren alde lerratzen zela eman zuen aditzera, jarrera irmo bat agertu ez bazuen ere. Israeldarretan, Benny Gantz Benjamin Netanyahuren gobernuko kidea planaren alde mintzatu zen, baita Yair Lapid Israelen oposizioko liderra ere. Haatik, Netanyahu Israelgo lehen ministroak adierazi zuen ez zela hasiera on bat bake ekimen horrek «Hamasen suntsipena ez aipatzea», eta haren gobernuko kideek, eskuin muturrekoak zein ultranazionalistak, gobernuari babesa ken ziezaioketela aipatu zuten, plana bere horretan onartuz gero. Netanyahuk muturreko alderdien babesa behar zuen gobernuko buru jarraitzeko.[27]
Hasieratik, Nazio Batuen Erakundeak erantzun humanitarioan eta nazioarteko zuzenbidearen urraketaren gaitzespenean jarri du indarra. NBEren eta Israelen arteko harremanak gero eta gehiago mikaztu dira estatu sionistaren ofentsiba militarraren ondorio suntsigarriak areagotu ahala. 2023ko urrian, tentsioa NBEra heldu zen erakundeko Antonio Guterres presidenteak berehalako su-etenera deitu zuenean, eta gogora ekarri ere «nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa gordina» eta Palestinaren hamarkadetako «okupazio itogarria». Israelek gogor erantzun zion NBEren egoitzan, haren dimisioa eskatu zuen, eta gehitu NBEren ordezkariei bisa eragotziko ziela.[28][29][30]
Luze gabe, urriaren 27an, NBEren Batzar Nagusiak berehalako eta premiazko su-eten eskaera ez-loteslea onartu zuen, AEBk eta Israelek kontra bozkatu arren.[31][32][33] Europar Batasuneko herrialdeek, elkarrekin hala adostuta, abstentziora jo zuten.[34]
Suntsipenaren tamaina ikusita, Antonio Guterres NBEko zuzendari nagusiak ezohiko Segurtasun Kontseilua deitu zuen gerran inplikatuak berehalako su-eten batera deitzeko. Nazio Batuen Agiriko 99. artikulua erabili ondoren —afera batean esku hartzera deitzen du Segurtasun Kontseilua, afera horrek «nazioarteko bakea eta segurtasuna» kolokan jartzen dituela argudiatuta— egin zuten bozketa, abenduaren 8an. Aldiz, AEBk betoa jarri zion su eten proposamenari, «Hamasen onerako» izango zelakoan; Erresuma Batua abstenitu egin zen. PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek «Gazako sarraskiaren erantzuletzat» jo zuen AEB.[35] Hala ere, abenduaren 12an, NBEko Batzar Nagusiak, larrialdiko saioan, gehiengo zabalez onartu zuen su-eten humanitario bat egiteko eskaria, 153 herrialderen aldeko botoaz, hamar kontra, eta 23ren abstentzioaz. Haatik, politikoki eta moralki garrantzitsua izan arren, erabakia ez zen loteslea.[36]
Hegoafrikak, bestalde, Israelen kontrako salaketa jarri zuen Nazioarteko Justizia Auzitegian, palestinarren «genozidio kalkulatu» bat egiten ari zelakoan. Salaketok 2024ko urtarrilaren 11n aurkeztu zituen Hegoafrikako Auzitegi Goreneko epaile Adila Hassimek Hagako Auzitegian: «Gazan bizi diren palestinarren aurka txikizio handiak eragiten dituzten armak erabiltzea; zibilak hiltzea; zenbait eremu segurutzat jotzea eta gero horiek bonbardatzea; zerrenda setiatzea eta horko biztanleak oinarrizko beharrizanik gabe uztea eta zibilen azpiegiturak suntsitzea, hala nola eskolak, meskitak, ospitaleak eta etxebizitzak». Hegoafrikarrek, hala ere, gaineratu zuten palestinarren ustezko suntsipen ahalegin hori ez zela urriaren 7an hasi, askoz lehenago baizik.[37]
Bada, urtarrilaren 26an, Nazioarteko Justizia Auzitegiak Israeli eskatu zion Gazan genozidioa eragozteko neurriak har zitzala. Laguntza humanitarioa zerrendara iristeko erabakiak hartzeko galdegin zion Auzitegiak Tel Avivi, baina su-eten eskaera aipatu gabe. NBEren organo judizial nagusiarentzat, «nahikoa ebidentzia» zeuden genozidio kasutzat ikertzeko.[38]
2024ko martxoaren 22an, NBEren Segurtasun Kontseiluak atzera bota zuen Gazan menia ezartzeko AEBen proposamena. Izan ere, Errusiak eta Txinak betoa jarri zioten Washingtonek aurkeztu zuen testuari. Errusiako ordezkariak iritzi zion NBEk «ontzat» jotzen zuela Israelgo armadak Rafahn (Gaza) operazio militar bat egitea.[39] Martxoaren 26an, NBEko Batzar Nagusiak berehalako su-etena erreklamatzeko ebazpena onartu zuen, AEBren abstentzioaz.[40]
Gerra honetan lehen aldiz, AEBk ez zion jarri betorik jarri Gazan su-eten bat eskatzeko ebazpen bati.[41] Israel Katz Israelgo Kanpo Gaietako ministroak «errore moral eta etikoa» deitu zion ebazpen horri.[42] Martxoaren 24an, NBEk txosten bat atera zuen 1967tik Palestinak eta beste arabiar lurralde okupatuek izan duten egoeraren inguruan, Genozidio baten anatomia izen adierazgarriaz.[43]
2024ko apirilaren 18an, NBEren Segurtasun Kontseiluak eragotzi egin zuen Batzar Nagusiak Palestinari estatu izaera aitortu ahal izatea, hamabi boto alde, bat abstenitu, eta bat kontra izan zuen arren: AEBren betoa.[44] Maiatzaren 8an, Rafahren lehorreko inbasioan, Guterres NBEko idazkari nagusia gordintasunez mintzatu zen berriz Israelen kanpaina horrek zekartzan askotariko ondorio kaltegarriez, besteak beste «amesgaizto humanitario» deituz.[45]
Ekainaren 8an, NBEk haurren eskubideak urratzen dituzten estatuen zerrendan sartu zuen Israel, haren erasoek Gazan 13.000 mila haur hil ondoren. Israelgo bozeramaileek hitz gaziak izan zituzten erabaki horri buruz, adieraziz Israelgoa munduko «armada moralena» dela.[46] Ekainaren 11n, NBEren Segurtasun Kontseiluak Joe Bidenen su-eten baterako plana onartu zuen (ikus goian), Hamasen oniritziaz; Errusiak abstentzioaz erantzun zion ekimenari. Ebazpenak zioenez, «Israelek plana onartu du».[47]
Hala ere, Israelgo NBEren enbaxadoreak adierazi zuen bere betiko helburuei lotzen jarraitzen zuela. NBEren su-eten proposamenean zehazten zenez, «negoziazioek lehen faserako sei aste baino luzeago jotzen badute, su-etenak artean ere indarrean jarraituko du negoziazioek dirauten bitartean».[47]
2024ko irailaren 18an, NBEko Batzar Nagusiak Palestinako buruzagiek historikotzat jo zuten ebazpena onartu zuen. Bertan, eskatu zitzaion Tel Avivi amai zezala «legez kanpoko okupazioa», eta urtebeteko epea ematen zion horretarako. Eskariaren alde bozkatu zuten 124 estatutako ordezkariek, eta aurka hamalauk; 43 abstenitu egin ziren —aurka bozkatu dutenen artean zeuden Argentina eta AEB—. Ordea, eskaria ez zen loteslea. Historian lehen aldiz, Palestinak ebazpen zirriborro bat aurkeztu ahal izan zuen NBEko Batzar Nagusian.[48][49]
NBEren baitan, UNRWA erakundea arduratzen da gerrako errefuxiatu palestinarrei gutxienezko asistentzia ematen. Elikagaiak eta erregaiak kamioietan sartu izan dituzte Gazako herritarren ataka larriaren aringarri. AEBren eta haien europar aliatuen kezka nagusia gerraren bigarren astean Israelek Gazan laguntza humanitarioa onartzea bihurtu zen, eta urriaren 18an Joe Biden AEBko presidenteak iragarri zuen Israelek hori onartu zuela, laguntza Egiptotik hornituz.[50] Benetako beharrizanen aldean, ordea, azaroaren 18 arte, oso kopuru urritan sartu zen laguntza humanitarioa. Gerra baino lehen, 500 kamioik gurutzatzen zuten muga egunero; urriaren 21etik, berriz, ia hilabeteko epean, 1.187 kamioi sartu ziren soilik.[51]
Urtarrilaren erdialdean, Qatarren bitartekaritzaz jositako Israelen eta Hamasen arteko hitzarmen baten ondorioz, lehenengoa azaroko pausa humanitariotik, botika bidalketak sartu ziren Gazara palestinarren eta gatibu israeldarren ataka goxatzeko. Gatibuentzako botika kutxa bakoitzeko, palestinarrek 1.000 jaso zituzten, Hamasek adierazi zuenez.[52] Hala ere, bonbardaketek jarraitu zuten, bereziki Gaza hegoaldean; 2024ko urtarrilaren 11n, Israelek telekomunikazioen gaineko erabateko blokeoa inposatu zuen Gazan, Internet ere tartean.[53] 2024ko apirilaren 1ean, 400 tonako elikagaien bidalketa bat, WCK-k antolatua eta Arabiar Emirerri Batuen diruz lagundua, bertan behera geratu zen 100 tona lehorreratu ondoren, Txiprera bueltatuz, erakunde horretako kideen kontrako israeldar aire eraso baten ondoren (ikus behean).[54]
2024ko urtarrilaren hondarrean, UNRWAri finantzazioa eten zioten dozena bat herrialdek, Hamas "babestea" leporatuta;[55] otsail hasierarako hamasei ziren.[56] Izan ere, Israelek herrialde horren hegoaldeko urriaren 7ko Hamasen erasoan inplikatu zituen UNRWAko hamabi enplegatu.[57] Akusazio hori Hagako Giza Eskubideen Auzitegiak Israel palestinarren genozidio bat eragiteko atarian zegoela adierazi eta berehala heldu zen.[55] Hilabete gutxi batzuk geroago, Catherine Colonna Frantziako kanpo gaietako ministro ohiak, Eskandinaviako hiru institutuk babestuta, ondorioztatu zuten Israelek ez zuela bere akusazioak babestuko zuen ebidentziarik erakutsi.[58] Apirilaren hondarrean, NBE bat etorri zen baieztapen horrekin, baina gaineratu zuen UNRWA neutralagoa izan behar zela.[59] Otsailaren 4an, Espainiako Gobernuak, berriz, iragarri zuen premiazko 3,5 milioi euroko laguntza helaraziko ziola UNRWAri, epe laburrera funtziona zezan, une horretan Gaza «erabateko etsipenean» zegoelakoan.[60]
Apirilean, Gaza iparraldean gosetea zabaldu ahala, 2024ko martxo erdialdean, 7.000 kamioi prest ziren Sinai iparraldean Gazara sartzeko, baina Israelek hori eragotzi zuen. NBEko idazkari Antonio Guterres Rafahko mugara bertaratu zen, eta hitz mikatzak izan zituen Israelen kontra, haren posizioa «izugarrikeria morala» deituz.[61] Eragile humanitarioek gordin adierazi zuten berriz ere beren salaketa maiatzaren 7an Israelgo armadak Rafah inbaditu zuenean. Kasu horretan, Erresuma Batuko 30 GKEk baino gehiagok erreklamatu zuten bertako palestinarren «sarraskia» amaitu zedila eta inbasioa berehala eteteko Israel estutu zezatela. Gizateriaren aurkako krimenak egiteko erabiltzen ari zelakoan, Israeli armak saltzeari uzteko ere eskatu zuten, eta UNRWAri berriz laguntza emateko.[62]
Irail erdialdean, Israelek UNRWAko sei langile hil zituen aire erasoz, guztira 18 pertsona, Al Jaouni ikastetxearen kontra bosgarren aldiz eginiko atakean, UNRWAren kontrako ordu arteko okerrena. Ikastetxean, 12.000 pertsona aterpetzen ziren, gehienak bertaran heldutako errefuxiatuak. Philippe Lazzarini UNRWAko arduradun nagusiak erailketatzat jo zituen erasook, baita «hilketa amaigabeak eta zentzugabeak» zirela adierazi ere. Josep Borrell Europaren diplomaziaburua suminduta agertu zen, eta adierazi «iseka hutsa egin zitzaiela nazioarteko zuzenbide humanitarioaren oinarrizko printzipioei».[63]
:3
izeneko erreferentziarako:2
izeneko erreferentziarakoIzenik_gabekoa_10-20240110211913
izeneko erreferentziarakoIzenik_gabekoa_3-20231105093837
izeneko erreferentziarako:7
izeneko erreferentziarakoIzenik_gabekoa_6-20240110211913
izeneko erreferentziarakoIzenik_gabekoa_3-20240324200151
izeneko erreferentziarako