Backdraft 1991ko Ron Howard estatubatuar zinema zuzendariak zuzendutako drama thriller film bat da. Kurt Russell, William Baldwin, Scott Glenn, Jennifer Jason Leigh, Rebecca De Mornay, Donald Sutherland eta Robert De Niro aktoreek antzeztu zuten.
Hiru Oscar Sarien izendapenak jaso zituen: Soinu edizio onenaren Oscar Saria (Gary Rydstrom eta Richard Hymns), Efektu berezi onenen Oscar Saria (Mikael Salomon, Allen Hall, Clay Pinney eta Scott Farrar) eta Soinu onenaren Oscar Saria (Gary Summers, Randy Thom, Gary Rydstrom eta Glenn Williams).
Brianek (William Baldwin) haurra zela bere aita suhiltzailea sute bat itzaltzen ari zela nola hiltzen zen ikusi zuen. Hogei urte beranduago, Chicagoko suhiltzailea izateko asmoz, bere anaia Stephen (Kurt Russell) zorrotza buru duen suhiltzaile konpainian proba denboraldi gogor bati ekin beharko dio. Behin probaldia gaindituta, bere betebeharra suteak nahitan eraginak izan diren jakiteko haiek ikertzea izango da. Piromano bat hirian suteak sorrarazten hasten den bitartean bi anaiek elkarren arteko iraganeko ika-mikak konpontzen saiatu beharko dira.