Bingen Zupiria | |||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|
(2017) | |||||||
2024ko ekainaren 25a - ← Josu Erkoreka Gervasio
2020ko irailaren 5a - 2024ko ekainaren 25a ← Josu Erkoreka Gervasio - Maria Ubarretxena →
2016ko azaroaren 28a - 2024ko ekainaren 25a ← Cristina Uriarte - Ibone Bengoetxea → | |||||||
Bizitza | |||||||
Jaiotza | Hernani, 1961 (62/63 urte) | ||||||
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria | ||||||
Hezkuntza | |||||||
Hizkuntzak | euskara gaztelania | ||||||
Jarduerak | |||||||
Jarduerak | kazetaria, politikaria eta filosofoa | ||||||
Sinesmenak eta ideologia | |||||||
Alderdi politikoa | Eusko Alderdi Jeltzalea |
Bingen Zupiria Gorostidi (Hernani, Gipuzkoa, 1961) euskal herritar kazetari eta politikaria da, 2024ko ekainetik aurrera Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua dena. Euskal Telebistan hasi zuen bere ibilbidea 1983an eta 1985 eta 1989 bitartean, albistegietako editore izatera iritsi zen. 1990eko hamarkadan Eusko Jaurlaritzako Prentsa Bulegoko zuzendaria eta Lehendakaritzako komunikazio-arduraduna izan zen, Jose Antonio Ardanza lehendakariarekin. 1999tik 2009ra ETBko zuzendaria izan zen, eta 2012tik 2016ra Deia egunkariko zuzendaria. 2016an Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu izendatu zuen Iñigo Urkulluk. 2020tik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea ere izan zen III. Urkullu gobernuan. 2024ko ekainean, Imanol Pradales lehendakariaren gobernuan Segurtasun sailburu kargua hartu zuen.[1]
Hernanin jaioa, Urumea ikastolan egin zituen unibertsitate aurreko ikasketak: bertako lehen promozioko ikaslea izan zen.[2] Filosofia eta Letretan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, Euskal Filologian espezializatua. 1984an lizentziatu zen, Bikain kalifikazioarekin. 2002an, Enpresa Kooperatiben Zuzendaritzan masterra gauzatu zuen Mondragon Unibertsitatean.[3]
"Miren eta Bingen" musika taldeko kidea izan zen, Miren Etxanizekin batera.[4] Bikoteak euskal musika tradizionala jotzen zuen, Zupiriak panderoa eta Etxanizek, trikitixa.[5] Taldeak Euskadiko Trikitilari Gazteen Txapelketa irabazi zuen 1981ean, eta Txapelketa Nagusian finalista izan zen 1982an.[6][7] Lau urtez jardun zuten eta 1982an, album bat kaleratu zuten, IZ diskoetxearekin.[8]
1983an kazetari ibilbidea hasi zuen Euskal Irrati Telebistan. Hasieran Zopa Haundi sukaldaritza programako aurkezlea eta erreportaria izan zen, eta gero lehiaketa programa bat ere aurkeztu zuen.[9][2] Ondoren, ETBko albiste zerbitzuetan editore eta aurkezle gisa egin zuen lan. ETB1eko Gaur egun aurkeztu zuen 1984tik 1985era, eta bertako zein ETB2ko Teleberri albistegiaren editorea izan zen 1986 eta 1989 bitartean.[9][10]
1989ko iraila eta 1999ko urtarrila bitartean, Eusko Jaurlaritzako Prentsa Bulegoko zuzendaria eta Lehendakaritzako komunikazio-arduraduna izan zen, Jose Antonio Ardanza lehendakariaren gobernuetan. 1999ko martxoan EITBra itzuli zen, Euskal Telebistako albistegietako erredaktore buru gisa. Handik bi hilabetera, 1999ko maiatzean, ETBko zuzendari izendatu zuten. Hamar urtez aritu zen postu horretan, 2009ra arte, 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren eratutako gobernuak kargutik kendu zuen arte. Urtebetez, 2008tik 2009ra, EITBko zuzendari nagusia izan zen jardunean, Andoni Ortuzar ordezkatuz.[11]
2005etik 2007ra EITBk eta Deustuko Unibertsitateak antolatutako Komunikazio masterraren zuzendaria izan zen. Bi urtez irakasle bisitaria izan zen Mondragon Unibertsitatean, 2007tik 2009ra, Ikus-entzunezko Komunikazioko Graduko azken urteko ikasleen Kalitatea ikasgaian. Euskal Herriko Unibertsitatearen Komunikazio Korporatibo masterrean eta Berrikuntza eta Ezagutzaren Kudeaketa masterrean ere irakasle izan zen.[12]
2009ko udan Mugaldekoak telesailaren gidoiak gainbegiratzen egin zuen lan. EITBko zuzendaritza utzi ondoren, 2009ko azarotik aurrera, Giza Quest edo G-Quest enpresako zuzendaria izan zen. Enpresa horrek Bilbon zuen egoitza, eta marketin estrategikoa, ikerketa eta komunikazioa lantzen zituen.[13] Deia egunkariko zutabegilea (Hitzaren kupela tartean) eta Cadena Ser irratiko La Ventana Euskadi saioko kolaboratzailea ere izan zen.[12]
2012an Deia egunkariko zuzendari izendatu zuten, Iñigo Camino ordezkatuz.[14] 2016an utzi zuen postua, Iñigo Urkullu lehendakariak Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu izendatu zuenean bere bigarren gobernuan.[15] 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren, Zupiriak sail beraren ardura izaten jarraitu zuen Urkulluren hirugarren gobernuan, eta gobernuaren bozeramaile izatera ere igaro zen, Josu Erkorekaren lekua hartuz.[16]
2024ko ekainean Imanol Pradales lehendakariak gobernu berria eratu zuen. Urkulluren azken gobernuko hiru kidek baino ez zuten jarraitu jauraritza berrian, horien artean Zupiriak. Segurtasun sailburu izatera igaro zen, Josu Erkoreka ordezkatuz.[17]
Bixente Zupiriaren semea da, Hernaniko Santa Barbara Elkarteko presidente izandakoa.[2][18] 18 urte zituenetik Bilbon bizi da.[2] Aintzane Bolinagarekin ezkonduta dago, EITBko albistegietako editorea.[19] Bikoteak bi seme eta alaba bat ditu.[20]
Aurrekoa Cristina Uriarte |
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua 2016ko azaroaren 28a - gaur egun |
Ondorengoa Karguan |
Aurrekoa Josu Erkoreka |
Eusko Jaurlaritzako bozeramailea 2020ko irailaren 8a - gaur egun |
Ondorengoa Karguan |
EITBko zuzendariak | ||
---|---|---|
Josu Zubiaur (1982) • Andoni Arizaga (1982-1985) • Jose Maria Gorordo (1985-1987) • Josu Ortuondo (1987-1991) |
Eusko Jaurlaritza (2016-2020) | ||
---|---|---|
Iñigo Urkullu (Lehendakaritza) |
Eusko Jaurlaritza (2020-2024) | ||
---|---|---|
Iñigo Urkullu (Lehendakaritza) |
Eusko Jaurlaritza (2024-2028) | ||
---|---|---|
Imanol Pradales (Lehendakaritza) |