Espainiako historiografian, Biurteko Progresista (gaztelaniaz: Bienio Progresista) 1854ko uztailaren eta 1856ko uztailaren arteko Elisabet II.a Espainiakoaren erregealdiaren aldia da. Biurte horretan, progresistek Hamarkada Moderatuan liberal kontserbadoreek egindakoa aldatzeko saiakerak egin zituzten.[1] Biurtekoa Vicalvarada izeneko altxatze militarrarekin hasi eta Baldomero Esparterok gobernua utzi zuenean amaitu zen.
1852. urtearen bukaeran, Bravo Murillok dimititu ondoren, hainbat gobernu ezegonkor egon ziren, progresista, demokrata, errepublikano eta zenbait sektore moderaturen ezinegona areagotuz. 1854ko ekainean Leopoldo O'Donnell jeneralak (irekitasunaren aldeko moderatua) altxamendu bat burutu zuen Vicalvaron, Vicalvarada.[2] Honen ondoren mugimendu iraultzailea progresista, demokrata eta errepublikanoengan hedatu zen. Madril, Bartzelona, Sevilla eta Bilboko altxamendu erradikalen aurrean erreginak gobernuaren zuzendaritza Espartero progresistaren eskuetan utzi behar izan zuen.
Baldomero Esparteroren gobernua progresistek eta joera irekiko moderatu batzuek (Leopoldo O'Donnell, esaterako) osatu zuten. Ezarritako erregimena aldatzeari ekin zioten, inprimatzeko askatasuna mugatzen zuten dekretuak baliogabetuz eta 1837ko hauteskunde sistema berrezarriz. Hau dela eta, hainbat sektore politiko beraien aurka jarri ziren:
Hego Euskal Herrian burgesiak jarrera liberal kontserbadoreagoak hartu zituen, jarduera ekonomikoa garatu ahal izateko beharrezko ordena bermatzeko. Une horretan foruzale aberatsak tesi liberal moderatuetara hurbildu ziren, foruen aldekoak baitziren eta egonkortasun handiko sistema sortu baitzuten liberal moderatuek.
Progresistek boterean eman zituzten bi urteetan legedia, administrazioa, ekonomia eta finantzetan ekintza garrantzitsuak burutzen saiatu ziren, guztiak aplikatzeko denborarik eduki ez zuten arren.[3]
1856ko konstituzio non nata sortu zuten, honako printzipioak jasotzen zituelarik:
Biurtekoaren amaieran ia, 1856ko uztailean, udalen lege berri bat idatzi zen, tokiko instituzioek agintea berreskuratu zutelarik, baina 1868 arte indarrean jarri ez zena.
Biurtekoan egindako ekintzarik garrantzitsuenak harturiko neurri librekanbistak izan ziren, bi helburu zituztelarik: Estatuko haziendaren diru sarrerak areagotzea eta herriaren industri garapena eta azpiegiturak sustatzea. Pascual Madoz hazienda ministroak desamortizazio lege bat eman zuen, jabetzan zibiletan izan zuena eragin handiena, batez ere estatuaren eta udalerrien ondasunetan. Hau dela eta nekazariek herri mendien erabilera komuna galdu zuten, baina Hego Euskal Herrian ez zuen eragin handirik izan XIX. mendetik saltzen ari baitziren herri lurrak.
Sozietate anonimoak eta jaulkipen bankuak liberalizatzeko zenbait lege jarri ziren indarrean, finantza sistemaren hedapena ahalbideratu zutenak. 1855eko Burdinbidearen Lege Orokorra ere onartu zen, harrezkero ordu arte ikusi gabeko industria eta ekonomia-arloko dinamika bati hasiera emanez. 1856an, nazioarteko kapitaleko MZA eta Crédito Mobiliario sortu ziren, burdinbideen eraikuntzarako proiektuak ahalbideratzeko.