Compsognathus | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Reptilia |
Ordena | Saurischia |
Familia | Compsognathidae |
Generoa | Compsognathus Wagner, 1859 |
Datu orokorrak | |
Elikadura iturri nagusia | haragijalea |
Luzera | 0,65 m |
Compsognathus (grezieraz kompsos/κομψός; "elegante", "errefinatu", eta gnathos/γνάθος; "baraila") dinosauro teropodo haragijaleen genero bat da. Animalia txikiak ziren eta hanka biren gainean ibiltzen ziren. Orain dela 150 milioi urte bizi ziren, Titoniarrean, Jurasikoaren amaieran, gaur egungo Europan. Paleontologoek ondo kontserbatutako bi fosil aurkitu dituzte, bata 1850ko hamarkadan Alemanian eta, bestea, mende bat beranduago, Frantzian[1]. Gaur egun C. longipes da onartutako espezie bakarra, baina Frantzian 1970eko hamarkadan aurkitutakoa hasiera batean C. corallestris izenarekin deskribatu zuten.
Maiz esaten da Compsognatus oilo baten tamainakoa zela, baina gaur egun Alemaniako espezimena gaztea zela kontsideratzen da. Compsognatus longipes da dieta zehaztasunez ezagutzen den dinosauro bakarrenetakoa, bere fosilaren barnean musker txikiak aurkitu baitziren[2]. Portugalen aurkitutako hortz fosilak ere izan litezke genero honetakoak.
Garaian horrela onartu ez bazen ere, Compsognatus da ia osorik aurkitutako lehenengo dinosauro teropodo fosila. 1990eko hamarkadara arte, ezagutzen zen dinosauro ez-hegaztirik txikiena zen[3][4]. Maiz esaten zen ere, oker, Archaeopteryxen arbasorik gertukoena zela.