Czesław Kiszczak (Roczyny, 1925eko urriaren 19a - Varsovia, 2015eko azaroaren 5a) poloniar militar eta politikaria izan zen. Poloniako lehen ministroa izan zen 1989ko abuztuaren 2tik 19ra.
Familia komunista batean hezi zen eta naziek 1942an atxilotu zuten eta Austrian langile esklabo gisa erabili zuten. 1945ean, Armada Gorriarekin elkarlanean aritu zen erresistentzia-talde batekin bat egin zuen.
Poloniara itzulita, Poloniako Langile Alderdiarekin bat egin eta armadan sartu zen. Gerrilla antikomunistako taldeen aurka borrokatu ondoren, inteligentzia militarrari ekin zion.
1981eko uztailean Barne Arazoetako ministro izendatu zuten eta abenduan aldarrikatu zen Lege Martzialaren prestaketan parte hartu zuen. 1981etik 1983ra, Salbazio Nazionaleko Kontseilu Militarreko kide izan zen, eta Polonian agindu zuen lege martzialean. 1986an alderdiko politburoko kide izendatu zuten.
1981etik 1989ra Polonian botere gehien zuen bigarren pertsona izan zen, Wojciech Jaruzelskiren ondoren, eta elkarrekin Solidarnosc mugimendua zapaldu zuten.
1989ko abuztuan lehen ministro izendatu zuten, baina Solidarnoscek uko egin zion komunistek zuzendutako gobernu batean parte hartzeari. 1989an hauteskunde libreak egitea erabaki zuen Konferentzian parte hartu zuen.