Daniel William Carter (Leeston, Canterbury, 1982ko martxoaren 5a) zeelandaberritar errugbilari ohia da, zabaltzaile eta lehen erdiko postuetan aritzen zena. Hiru aldiz hautatu zuten World Rugbyren urteko jokalari onena: 2005, 2012 eta 2015ean,[1] eta historiako zabaltzailerik hoberena izan da aditu askoren iritziz.[2] 2016an, Zeelanda Berriko Meritu Ordena jaso zuen.[3]
Lau aldiz irabazi zuen Super Rugby txapelketa Crusaders taldearekin. Zeelanda Berriko selekzioarekin, berriz, 112 partida jokatu zituen 2003–2015 bitartean, eta 1.598 puntu lortu, inoizko markarik handiena; bederatzi aldiz irabazi zuen The Rugby Championship, eta bitan Munduko Errugbi Txapelketa, 2011n eta 2015ean.[1][4]