El Gran Wyoming | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | José Miguel Monzón Navarro |
Jaiotza | Madril, 1955eko maiatzaren 15a (69 urte) (69 urte) |
Herrialdea | Espainia |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | umorista, telebista aurkezlea, zinema aktorea, musikaria, idazlea, gidoilaria, telebista-aktorea, film-zuzendaria eta telebista zuzendaria |
Enplegatzailea(k) | Telecinco (1996 - 2002) La Sexta (2006 - |
Jasotako sariak | ikusi
|
Izengoitia(k) | El Gran Wyoming, Wyoming, Wyo, Chechu eta Wyoming El Grande |
|
El Gran Wyoming, jaiotzez, José Miguel Monzón Navarro (1955eko maiatzaren 15a, Madril) espainiar sendagile, aktore, zuzendari, idazle, musikari eta telebistako aurkezlea da. Gran Wyoming, Wyoming edo Guayo ere deitu izan zaio. Sari ugari jaso du, besteak beste, Ondas Saria 2009an, Urrezko TPa 2006an, Urrezko Mikrofonoa 2008an edo ATV Sariak hainbat urtetan.
José Miguel Monzón Navarro Madrilen jaio zen 1955eko maiatzaren 15ean, aragoiar jatorriko farmazeutiko familia batean. Medikuntzan lizentziatu zen eta Buitrago del Lozoyan egon zen lanean; baita Madrilgo Jiménez Díaz Fundazioan ere. Hala ere, medikuntza alboratu eta ikuskizunaren munduan murgildu zen.
Hasiera batean, Paracelso bandako kide izan zen eta gero ikuskizun komiko-musikalak egin zituen, beti Ángel Muñoz Alonso, Maestro Reverendo piano-jotzailearekin batera.
Telebista programa ugari aurkeztu du, José María Fraguasen Silencio se juega (1981), La noche se mueve (1992) edo Fernando Truebak zuzenduriko El peor programa de la semana (1993). TVEk Quim Monzó idazle kataluniarrari elkarrizketa egin behar zion egun berean eten zion azken programa hau. Elkarrizketa egin gabe geratu bazen ere, askoren ustez, programa zuzenean zen eta errege familiaren aurkako txiste eta irainak egingo ote zituzten beldur izan zirelako eman zen haustura.
1996an, Wyoming telebistara itzuli zen, oraingoan, Telecincoren eskutik, Caiga quien caiga programa argentinarraren bertsio espainiarra egiteko xedean. 7 denboraldien zehar, katearen programa arrakastatsuenetako bat izan zen, eta 30 bat sari eskuratu zituen, Ondas edo Urrezko TPa tarteko. Politikoenganako satira zorrotza egin zuen orokorrean eta José María Aznarren gobernuarena bereziki. Telecincok errentagarritasun ekonomiko eskasaren aitzakia jarri bazuen ere, Wyomingen ustez, hau izan zen programa galtzeko benetako arrazoia.
Joera progresistakoa, El Gran Wyoming Alderdi Popularraren aurkako manifestaldiak sustatzen aritu zen honen bigarren legegintzaldian.
2004an, programa berria estreinatu zuen Televisión Españolan, La azotea de Wyoming, baina ez zuen arrakastarik izan. Ordu aldaketa ezberdinak probatu zituzten, baina ez zuen ikuslegoa ugaritzerik lortu eta TVEk erretiratu egin zuen.
2007ko maiatzean, bere lehen lan dokumentala aurkeztu zuen La Sextan, El Severo me duele, Leganesko Severo Ochoa ospitalean egon zitezkeen irregulartasunak salatuz.
2006az geroztik, Público egunkarian zutabegile izateaz gain, El intermedio programa aurkezten du eguneroko bizitza publikoari berehalako komentario satirikoak egiten dizkiolarik.
2009ko urtarrilean, Xavier Horcajok Intereconomíako Más se perdió en Cuba programan, El intermedio programaren beste aurkezlea den Beatriz Montañez iraindu zuen, kazetaritza baino gehiago "munduko lanbide zaharrenetako lana" burutzen zuela esanez. Honi erantzunez, El intermedioko ekipoak Wyoming grabatu zuen balizko bekadun bati errieta eginez, programaren entsegua moztu zuela-eta, eta e-mailez bidali zuen Intereconomíara. Erabat sinetsita, argitaratu egin zuten bonbo handia emanez. Emisio honen kopia bat YouTuben zabaldu zen eta 250.000 aldiz ikusia izan zen asteburu horretan, Wyomingen aurkako kritika ugari piztuz. Otsailaren 2ra arte ez zuen Wyomingek muntaia izan zela aitortu eta Intereconomíaren zuzentasun eza salatzeko egin zutela adierazi zuten, egia zen ala ez konprobatu gabe argitaratzen zuelako.
2009ko abenduan, El Gran Wyomingek Hermann Tertsch kazetariaren demanda bat jaso zuen, El intermedion banatutako bideo-muntaia bat zela-eta. Handik egun gutxira, kazetari horrek erasoa jasan zuen Madrileko taberna batean. Prentsa kontserbadoreko hainbat esparrutan eta zenbait politikarik, Esperanza Aguirre tarteko, Wyomingekin erlazionatu zuten erasoaldia. Azkenean, argitu zen eta, urtarrilean, egilea atxilotu zuten, aurkezlearekin zerikusiak baztertu zituztelarik.
La mujer de tu vida 2: La mujer duende (1992).