Eskoziako Independentzia Gerrak

Eskoziako Independentzia Gerrak XIII. mendeko bukaeran eta XIV. mendeko hasieran Eskozia eta Ingalaterrako erresumen artean egindako kanpaina militarrak izan ziren. Aztoramen handiko epe honek utzitako agiri eragingarri eta esanguratsuena Arbroatheko Aldarrikapena izan zen (1320): eskoziar herriaren askatasunaren baieztapena.

Lehendabiziko Gerra (12961328) 1296an Ingalaterrak Eskozia inbaditu zuenean hasi eta Edinburgo-Northamptongo Ituna sinatu zutenean bukatu zen. Gerra honen protagonistak William Wallace, Andrew de Moray eta Roberto I.a Eskoziakoa izan ziren eskoziarren alde; ingelesen alde, berriz, Eduardo I.a Ingalaterrakoa.

Bigarren Gerra (13321357) 1332an ingelesen laguntzarekin Eduardo Balliolk zuzendutako inbasioarekin batera hasi eta Berwickeko Ituna sinatu zutenean bukatu zen. Gerra honen protagonistak David II.a Eskoziakoa eskoziarren alde eta Eduardo Balliol eta Eduardo III.a Ingalaterrakoa ingelesen alde izan ziren.

Eskoziarentzat krisialdi izugarria suposatu zuten 60 urteko gerrate hauek. Izan ere, bere historiaren momentu erabakigarria izan zen. Gerra biak bukatu ondoren, Eskoziak bere independentzia mantendu zuen. Militarki, ingeles arku luzearen agerpenak zeharo aldatu zituen Erdi Aroko guduak.

Eskozia eta Ingalaterraren arteko harremanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroan, Ingalaterraren eta Eskoziaren arteko gatazketan inflexio-puntu nagusiak kontrolaren eta independentziaren aldeko borrokaren dinamika izan ziren. Baita gatazkak, aliantza aldakorrak eta bake erlatiboko aldiak ere.

Funtsezko inflexio-puntuetako bat Bannockburneko gudua izan zen 1314an, non eskoziar indarrek, Robert Brucek gidatuta, garaipen esanguratsu bat lortzen duten armada ingelesaren aurka, euren posizioa sendotuz eta Eskoziaren balizko askapenerako bidea erraztuz.

Tartekako su-etenak eta etsaitasun-aldi luzeak ere, bake akordio ahulek markatutakoak, inflexio-puntu erabakigarriak izan ziren gatazketan. Eskoziako indarrek gerrilla bidezko gerra-taktikak estrategikoki erabiltzea eta ingelesek Eskoziako lurraldearen gaineko kontrola mantentzeko erronka faktore garrantzitsuak izan ziren.

Eskoziako eta Ingalaterrako geografia eta eremuak eragin nabarmena izan zuten kanpaina militarretan eta bi nazioen arteko gatazketan izandako emaitzetan. Eskoziaren eta Ingalaterraren arteko muga tentsio eta gatazken gune etengabea izan zen. Bi erresumek beren lurraldeak hedatu eta eskualde estrategikoak kontrolatu nahi zituzten, eta horrek gatazka ugari eragin zituen mugan zehar, askotan desafiatzaileak, eragin nabarmena izan zuten komandante militarrek hartutako estrategia eta taktiketan.

Indar ingelesek, iparraldeko lurraldeen kontrola bermatzeko gazteluak eraiki zituzten, eta zalditeria astuna eta infanteria erabili zituzten beren kanpaina militarretan.

William Wallace (XVII. edo XVIII. mende bukaerako grabatua).

Bestalde, eskoziar indarrek, William Wallace eta Robert Bruce bezalako pertsonaien gidaritzapean, gerrilla-taktikak erabili zituzten, zuzeneko liskarrak saihestuz eta kolpe eta ihesaldi erasoetan zentratuz, garnizio ingelesak higatzeko. Lur Garaien moduko eremuak ondo ezagutzea ere erabili zuten beraien alde. Gainera, eskoziar indarrek Frantziaren laguntza jaso zuten, eta horrek gatazka zabaldu zuen.

Ingalaterra eta Eskoziaren arteko gerren iraupen luzeak ondorio esanguratsuak izan zituen bi nazioen panorama politiko eta militarrean. Gatazkek, liskar, su-eten eta maniobra estrategikoek markatuta, eskualdeko botere- eta eragin-dinamika moldatu zuten.

Ikuspegi politiko batetik, gerrek Eskozia bateratu eta independente baten sorrera ekarri zuten, Robert Bruce bezalako figurekin, fakzioen arteko gatazka bat Independentzia Gerra bihurtzeko funtsezko zeregina betez. Bannockburn bezalako guduetan lortutako garaipenek eta Ingalaterra iparraldeko eskualdeen ondorengo suntsipenek eragin iraunkorra izan zuten Eskoziaren autonomia politikoan eta subiranotasunean.

Azkenik, Ingalaterra eta Eskoziaren arteko gerrek gotorlekuak eta defentsa-egiturak ugaritzen lagundu zuten, eta horrek bi nazioen panorama militarrean gatazkek izan zuten eragin iraunkorra islatzen du.

Lehenengo Independentzia Gerra (1296-1328)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Edward I.a Ingalaterrakoa, Remiguis Goebel (1272-1307).

Lehenengo fasea: gerraren arrazoia eta hasiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1249 eta 1286 artean Alexander III.ak gobernatu zuen Eskozia. Alexander hil zenean, ordea, ez zuen gizonezko oinordekorik. Koroa, beraz, bere biloba Margarita infantari pasatu zitzaion. 1290ean, Margarita Eskoziara ekartzeko agindu zuten, eta hau Galesko printze eta Ingalaterrako Edward I.aren oinordeko Edward Caernarfonekin ezkontzea adostu zuten. Hala ere, ezkontza izan baino lehen, 1290eko udazkenean Margarita hil egin zen.

Margarita hil ondoren, ez zen tronurako oinordeko zuzenik geratzen eta Eskozia gerra zibilean erortzeko arriskuan zegoen. Aristokrazia bi alderditan lerrokatu zen koroa eskatzen zuten bi familien agindupean: Bruces eta Comyns familiak, Robert Bruce eta John Balliol familia buru zirelarik. Ingalaterrako Edward I.ak bitartekari gisa parte hartu zuen bi alderdi horien arteko lehian, hauen onespenarekin. Edwardek Eskoziako erresuma egonkortu nahi zuen, ez baitzuen berarentzat arriskutsua izan zitekeen fronte bat nahi. Edwardek 1292an koroa John Ballioli ematea erabaki zuen eta trukean errege berriaren leialtasuna jaso zuen. Hala ere, ondorengotza konponduta zegoen arren, Edwardek Eskoziako arazoetan esku hartzen jarraitu zuen.

Honela, Lehen Independentzia Gerra, eskoziar nobleziak 1294an Frantziaren aurkako gerran soldadu zerbitzua prestatzeari jarritako erresistentziarekin hasi zen. Erabaki horri erantzunez, Newcastlen bere indarrak deitu zituen 1296ko martxoaren 1erako, Eskozia indarrez azpiratzeko kanpaina bati ekiteko. Eskoziar gizartea zatitu egin zen, eta alderdi horietako bat, Balliol eta Comyntarrak erregeaz fidatzen ez zirenekin osatua, Ingalaterrako erregearekin batu zen. Fakzio honen liderra Robert Bruce izan zen. Brucen eta Edward I.aren arteko aliantzak, John Balliolen ondoren tronura iritsi ahal izatea zuen helburu. Baina Balliol erregeak amore eman ondoren, Edwardek koroa emateari uko egin zion, bere helburua Eskoziaren erabateko domeinua izatera pasa zen.

Nahiz eta eskoziar armadaren porrotak nagusitu, oraindik erresistentzia zegoen batez ere noblezia txikiaren artean. Indar matxinoak Andrew Moray eta batez ere William Wallaceren inguruan biltzen joan ziren. 1297an Edward I.a Flandrian zegoen bitartean armada ingelesari Stirling Bridgen porrota eragin zioten. Wallacek Berwick birkonkistatu eta ingelesak Eskoziatik kanporatu zituen. Baina Edward I.aren itzulerarekin, 1298an Falkirkeko Batailan Wallace garaitua izan zen. 1304an eskoziarrek errendizio orokor baterako baldintzak eskatu zituzten, erresistentziak kolapsatzen zuen aldi berean, eta 1305ean Wallace harrapatu, torturatu eta exekutatu zuten.

Bigarren fasea: Robert Brucen aldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Robert Bruceren matxinada, bi arrazoi nagusik eragin zuten: Edward I.aren aurkako oposizio pertsonalak eta errege ingelesak eskoziar jarraitzaileekiko zuen ordain sari faltak. Edward I.aren aldeko eskoziar askok aurreko gerran parte hartzeagatik ordain saririk jaso ez zutenez, Bruce altxamendu bat prestatzen hasi zen. Baina gauzak malkartu ziren 1306an, Dumfrieseko Greyfriars elizan Brucek John Comyn hil zuenean. Arrisku egoeran zegoela jabeturik, bere burua errege izendatu eta matxinadari ekitea erabaki zuen.

Robert I.a Eskoziakoa (Robert Bruce), Isaac Taylor (XIX. mendea).

Robert I.a Eskozian zehar bidaiatzen hasi zen, jarraitzaileak bildu eta kontzentratu zituen. 1306ko ekainaren 19an, Edward I.ak bidalitako armadak Brucen indarrak harrapatu zituen, erabat garaituak izan ziren eskoziarrak. Robert I.ak Eskoziako iparraldera ihes egitea lortu zuen, baina jarraitua izan zen. Bere indarren porrotarekin, matxinadak garaipena lortzeko itxaropenak txikiak zen. Hala ere, zortea lagun izan zuen Robertek, ezkutatzeaz gain, 1307ko uztailaren 7an Edward I.a hil baitzen. Ingalaterrako erregea bere oinordeko seme Edward II.aren bilakatu zen. Gertaera honek Robert Eskoziako iparraldean erasoak areagotzera bultzatu zuen. Bere borroka lau elementutan oinarritu zen: gazteluen suntsiketa, leialtasuna lortzeko xantaiaren erabilera, etsaien bazka eta lurren suntsiketa eta azkenik basoetako borroka,  orografia bere eraso estrategiak bultzatzeko egokia zelako.

Ingelesek ez bezala, Roberten armada askoz unitate mugikorragoek osatzen zuten. Zalditeria arinaren bidez jo eta ihes egitean zetzan, «hobelarren» antzera[1].

Brucen arrakastak gora egin ahala, gehiago ziren haren aldekoak. Hala ere, indar ingelesak indartsu mantentzen ziren hegoaldean. Eskoziar taktikak eta errege ingelesaren laguntza eta hornikuntza faltak, Eskoziako lurretan zeuden goarnizio ingelesak apurka-apurka erortarazi zituen. Errege ingelesak, azkenean, bere indarrak deitu zituen Berwicken 1314ko ekainaren 10ean. Egoera honen aurrean, Robertek Edinburgh eta Roxburgheko gazteluak suntsitzearekin erantzun zuen. Edward II.arentzat babes garrantzitsuak kenduta, Stirlingeko gaztelua setiopean jarri zuen. Armada ingelesa Stirlingeko gaztelura joan zen eta Eskoziar armadari aurre egin zion Berwick inguruan 1314ko ekainean.

Hirugarren fasea: gerraren amaiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bannockburneko Batailako (1314) garaipenak izugarrizko ondorioak izan zituen Robert Brucerentzat, bere lidergoa sendotu zuena. Batailatik aurrera, eskoziar nobleziak Robert bere erregetzat hartuko zuen formalki. Ekonomikoki ere emankorra izan zen erresumarentzat; lortutakogerra altxorrak, zergek eta herrialde barruan erasorik ez egon izanak, Eskozia izugarri berreskuratzea ahalbidetu zuten 1323ra arte. Mugako puntu garrantzitsuak suntsitzeko estrategiak ingelesek gordetzeko tokiak izatea eragozten zuen, baina eskoziarrek ere ez zituzten leku horiek mantendu. Robertek Berwick gorde izanak, ingelesen erasotu beharreko helburua bilakatu zen. 1319ko irailaren 7an armadak Berwick setiopean jarri zuen. Robertek ez zuen gaztelua utzi nahi, ezta lur eremu zabaleko guda batean arriskatu ere. Beraz, Ingalaterrako hegoaldea erasotzea erabaki zuen, eta armada erretiratzera behartu zuen erreinua babesteko. Edward II.ak bi urteko su-etena hitzartu zuen eskoziarrekin 1319ko abendutik aurrera.

Arbroatheko Aldarrikapenaren (1320) erreprodukzioa.

1320an, eskoziar noble talde batek Arbroatheko Aldarrikapena helarazi zion Aita Santuari, Eskoziak Ingalaterrarekiko zuen independentzia aurkezteko. Edward II.a 1322ko udarako kanpaina bat prestatzen ari zen bitartean, Andrew Harclayri agindu zion gudaren lidertza. Irailaren amaieran, James Douglas buru zuen armada eskoziarraren eraso batek Harclayren indarrak saihestu zituen. Eskoziatik erretiratzen ari ziren bitartean, armada ingelesaren erretagoardiari eraso zion. Erasoa garaipen handia izan zen eskoziarrentzat, horregatik, 1323ko maiatzean eskoziarrekin Bishopthope su-etena adostu zen. Su-etenak hamahiru urte iraun behar zuen.

Azkenean, 1327. urtean Edward II.a erregetzatik alboratuta eta eraila, gertakariek gerraren amaitu markatu zuen Edinburgo-Northamptongo Itunarekin, 1327ko urriaren 9an. Ingelesek Roberten eskubideak onartu zituzten Eskoziako errege bezala, eta eskoziarrek 20.000 liberako ordaina ordaintzeko konpromisoa hartu zuten. Horrez gain, koroa biak lotu zituen, Eskoziako oinordekoa zen printzearen ezkontzaren bidez. Hala ere, 1327ko itunak ez zuen indarrean jarraitu Robert Bruce hil ondoren (1328), bere seme Davidek zortzi urte besterik ez baitzituen[2].

Bigarren Independentzia Gerra (1332-1357)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskoziako Bigarren Independentzia Gerra, 1332 eta 1357 artean gertatu zena, gatazka luze eta konplexua izan zen, berriro ere Eskozia eta Ingalaterrako erresumen arteko lurralde eta politika tentsio iraunkorren testuinguruan garatu zena.

David II.a Eskoziakoa, Edward Harding (XIX. mendea).

Gatazkaren sustraia 1329an Robert I.aren heriotzan eta ondoren bere seme David II.aren tronura igotzean datza. Trantsizio-aldi horrek ziurgabetasuna sortu zuen Eskoziako politikaren eta lurraldearen egonkortasunaren inguruan, hau gazteegia baitzen gobernatzeko. Gauzak horrela, Ingalaterrako Edward III.aren esku-hartzeak, Edward Balliolek eskoziar tronurako zituen asmoak babestuz, lehendik zeuden tentsioak areagotu zituen.

Gatazkaren hasiera: lehen urteak (1332-1335)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gertaeren bira erabakigarri batean, Dupplin Moorreko Batailak (1332ko abuztuaren 11) Balliol eta indar ingelesen garaipena markatu zuen, lehengoa Eskoziako errege bezala aldarrikatzera eraman zuelarik. Gertaera honek gerra luze baten haziak eta barne tentsioak erein zituen.

Ingalaterrako Edward III.aren parte hartzea puntu erabakigarria izan zen une honetan. Eskoziar inbasio bat aurreratuz, Edward III.ak etsaien indarrak harrapatzeko indar bat prestatzeko agindu zuen. Ahalegiak ahalegin, mugako indar ingelesek jarduera militar gero eta handiagoari aurre egiteko zuten ezintasunak agerian utzi zuen eskualdeko etengabeko tentsioa.

Halidon Hilleko Batailan (1333ko uztailak 19), Edward III.ak garaipen erabakigarri bat ziurtatu zuen, Eskoziaren zati handi baten gaineko ingelesen kontrola sendotuz. Geroko guduek, Dornockekoa kasu (1333ko urriaren 25a), ingelesen posizioa indartzen jarraitu zuten Eskoziako lurraldean.

Dinamika aldaketa batean, Boroughmuirko Batailaren (1335eko azaroak 30) garaipena eskoziarra izan zen, David II.ak gidatua. Arrakasta horrek inflexio-puntu bat suposatu zuen okupazio ingelesari aurrean, eta beste bultzada bat eman zion erresistentzia eskoziarrari.

Kanpo laguntza: Frantzia gerran sartzea (1337)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziak gatazkan parte hartzeak elementu berri bat ekarri zion gerrari. Nazioarteko testuingurua konplexuagoa bihurtu zen, Frantziak Eskoziarekin bat egin baitzuen ingelesen eraginaren aurka. Honek, estrategia eta taktika militarrak kontinenteko dinamika aldakorrei erantzunez eboluzionatu zuten garai baten hasiera markatu zuen.

Une erabakigarria: Neville 's Cross-eko gudua (1346)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Neville's Crosseko Gudua (1346ko urriaren 17a)
Froissarten eskuizkribu bateko Neville's Crosseko Guduaren irudikapena (XV. mendea).

1346ko urrian, eskoziar konfiantzak goia jo zuen, Eskozia eskala handian inbaditua izan baitzean. Armada masibo bat bilduta, David II.ak gidatu zuen espedizioa. Hala ere, Neville's Crosseko gudua (1946ko urriaren 17a) porrot erabakigarria izan zen eskoziarrentzat. David II.a harrapatua izan zen, Ingalaterraren aldeko gerran norabide erabakigarria emanez. Gertaera honek, Edward Balliolek tronua erreklamatzeko atea ireki zuen.

Neville's Crosseko garaipenaren ondoren, Eduardo III.ak Eskozian zuen posizioa sendotu nahi izan zuen. Edward Balliol buru zuten inbasioek eta Ingalaterrako nobleziaren etengabeko parte-hartzeak eskoziarren gaineko presioa areagotzea ekarri zuten eta etenkako su-etenak gorabehera, liskarrek iraun egin zuten.

Garai honetan, pixkanaka-pixkanaka Ingelesek Eskoziaren kontrola partzialki uzteari ekin zioten; 1347. urtearen ondoren, euren armadek hiru aste baino ez zituzten igaro herrialdean, izan ere, Ehun Urteetako Gerra zela eta ingelesen beldur nagusia Frantziak Eskozia «atzeko ate» gisa erabiltzea izan zen[3].

Gatazkaren amaiera: Berwick-eko Tratatua (1357)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzia aldi baterako ekuaziotik kanpo zegoela, eskoziarren eta ingelesen arteko negoziazioak areagotu egin ziren. Berwickeko Bake Itunak, 1357ko abuztuaren 19a, Eskoziako Bigarren Independentzia Gerraren amaiera ofiziala markatu zuen. Akordio honek David II.aren askapena bermatu zuen eta Eskoziaren eta Ingalaterraren arteko harremanetan egonkortasun erlatibo batera eraman zuten baldintzak ezarri zituen. Eskozia 1707ko Batasun Aktararte independientea izan zen.

Eskoziar identitatea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskoziar nortasuna nahasketa konplexu baten ondorioa da, historian zehar eboluzionatu duena, bereziki eskoziarrek beren buruaz eta munduarekin duten harremanaz duten pertzepzioa moldatu duten gertaera erabakigarriek markatuta. Bere jatorri tribaletatik hasi eta gaur egun testuinguru globalean duen kokapeneraino, eskoziar nortasuna elementu bereizgarri batzuen bidez eratu da.

Bere lehen egunetan, Eskozia bere aniztasun etniko eta linguistikoagatik bereizten zen, eskotoak, piktoak, britainiarrak, ingelesak eta norvegiarrak bezalako herriak hartuz. Heterogeneotasun horrek, oztopo izatetik urrun, ez zuen eragotzi identitate partekatu bat garatzea. Geografian edo arrazan ere ez zen errotzen nortasuna, baizik eta mendeetan zehar garatzen joan zen tribuen elkartze mailakatu batetik.

X. eta XI. mendeetan monarkia eta eliza sendotzeak funtsezko eginkizuna bete zuen eskoziarren bateratzean. Dinastia bakarra eta eliza bakarra izateak, egitura politiko eta erlijioso koherente batek babestutako nortasun sendoa eratzen lagundu zuen. Kristautasunaren fedea, misiolariek sartua, beste elementu bateratzaile bat bihurtu zen.

Eskoziar nortasunarentzako erronkarik esanguratsuena Batasun Aktarekin sortu zen 1707an, autogobernurako botere eraginkor bat galtzea ekarri zuena. Batasun hau hasiera batean ezohikoa izan zen arren, XVIII. mendeko aldaketak, aukera ekonomikoek eta Britainiar Inperioaren garapenak bultzatua, bestelako giro bat sortu zuen.

XIX. mendean eskoziar nortasunaren berpiztea Walter Scott bezalako figurek gidatu zuten, bere literatur lanek eta elementu kulturalak gordetzeko ahaleginek nortasuna mantentzen lagundu zutelarik. Erromantizismoarekin lotutako arriskuak gorabehera, mugimendu horrek kide izatearen zentzua berpiztu zuen eta eskoziar narratiba historikoa sendotu zuen.

Independentzia gerrak eta eskoziar nortasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingalaterrarekiko harremanak eta harekiko etsaigoak erronka jo zuten eta, azken batean, eskoziar nortasuna indartu zuten. Ingalaterrarekiko Independentzia Gerrak erabakigarriak izan ziren eskoziar nortasuna garatzeko. Aldi horretan, Eskoziak kanpoko menderatze-presio eta -mehatxuei aurre egiteaz gain, nazio-nortasun sendoa eratu zuen, eta horrek eragin iraunkorra izan du gaur egun arte.

Eskoziar nortasunaren sendotasuna islatzen duen funtsezko alderdietako bat ingelesek eskoziarrak menderatzeko saiakeren aurkako erresistentzia etengabea da. David II.arentzat oinordeko zuzenik ez izan arren eta Edward III.aren presio taktikak gorabehera, Eskoziak tinko eutsi zion Ingalaterrako ondorengotza bati. Eskoziako parlamentuak bere independentzia arriskuan jartzen zuten proposamenak onartzeari uko egin izanak une horretan eskoziar komunitatearen kohesioa eta determinazioa azpimarratzen du.

Gainera, antzinarotik datorren narratiba historiko bat sortzeak berebiziko garrantzia izan zuen eskoziar nortasuna sendotzeko orduan. Eskoziak historia legitimo eta desberdina zuen ideia, ingelesen erreklamazioetatik independentea, identitate nazionala eraikitzeko funtsezko osagai bihurtu zen. Historiaren ikuspegi horrek identitatearen oinarri gisa, eskoziarrak bateratzen laguntzeaz gain, XVII. mendeko eta harantzagoko iraultza politikoetan haien historiaren interpretazioan ere eragina izan zuen.

Arbroatheko Aldarrikapena esaterako, mugarri esanguratsua da eskoziar nortasunaren artikulazioan. XIV. mendean emana, adierazpen hau atzerriko menderatzearen aurkako askatasunaren eta erresistentziaren aldeko borrokaren sinbolo iraunkorra bihurtu zen. Honek, Eskoziar identitatea definitzen zuten oinarrizko printzipioak kapsularatzeko zuen gaitasunean datza: zapalkuntzaren aurkako erresistentzia, askatasun nahia eta existentzia independente baten baieztapena.

Gaur egungo ikuspegia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskoziar nortasunaren sendotasuna garrantzitsua da egun. Kanpoko menderatzearen aurkako erresistentzia historikoak arrasto sakona utzi du eskoziarren psike kolektiboan. Arbroatheko Aladarrikapena, bereziki, narratiba nazionalaren eraikuntzan eta eskoziar autonomiaren baieztapenean funtsezko elementu bihurtu da.

Gaur egun arte, eskoziar nortasuna kultura, hizkuntza eta erakunde propioak zaintzean eta sustatzean islatzen da. Erresistentzia historikoarekiko eta independentziarekiko harrotasun sentimenduak iraun egiten du, eta Independentzia Gerrak bezalako gertaerak identitate nazionala eraikitzeko funtsezko mugarri gisa gogoratzen eta ospatzen dira oraindik ere, eskoziarrek beren burua hautemateko duten moduan eta beren iraganarekin eta etorkizunarekin nola erlazionatzen diren eraginez. Gainera, nortasun sendo baten garapen-prozesuak eragina izan du politika garaikidean, Erresuma Batuaren testuinguruan eskoziarren independentziari eta autonomiari buruzko eztabaidetan ikus daitekeen bezala.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. MCNAMEE, C. (1998). The Wars of the Bruces: Scotland, England and Ireland 1306-1328. East Linton: Tuckwell Press Ltd. (41. orr.)
  2. HOPPER, Nicholas eta BENNETT, Mathew. (2001). Atlas Ilustrado. La Guerra en la Edad Media, 768-1492. Madril: Akal. (77. orr.)
  3. HOPPER, Nicholas eta BENNETT, Mathew. (2001). Atlas Ilustrado. La Guerra en la Edad Media, 768-1492. Madril: Akal. (77. orr.)
  • BARBOUR, J. eta TODA, F (1998), La gesta de Roberto de Bruce. (Ser. Biblioteca de traducción. anexos). Colegio de España.
  • HOPPER, Nicholas eta BENNETT, Mathew. (2001). Atlas Ilustrado. La Guerra en la Edad Media, 768-1492. Madril: Akal.
  • KING, A. eta SIMPKIN, D. (2012). England and Scotland at War, c.1296-c.1513 (Ser. History of warfare, 78). Brill.
  • MACINNES, I. A. . (2016). Scotland’s Second War of Independence, 1332-1357. (Ser. Warfare in History). Woodbridge: The Boydell Press.
  • MCNAMEE, C. (1998). The Wars of the Bruces: Scotland, England and Ireland 1306-1328. East Linton: Tuckwell Press Ltd.
  • PRESTWICH, M. (2003). The Three Edwards: War and State in England 1272–1377. Londres: Routledge.
  • ROGERS, C. J. (2010). The oxford encyclopedia of medieval warfare and military technology. Ingalaterra: Oxford University Press.
  • SIMPKIN, D. (2008). The English aristocracy at war: from the Welsh wars of Edward I to the Battle of Bannockburn. Suffolk: Boydell Press.
  • WEBSTER, Bruce. (1997). Medieval Scotland: The Making of an Identity. (Ser. British history in perspective). Ingalaterra: Macmillan.
  • (Ingelesez) BBC: Wars of Independence

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]