Esperança Laurinda Francisco Nhiuane Bias (Mozambike uhartea, 1958ko uztailaren 28a) mozambiketar politikaria da. 1999tik 2005era, Baliabide Mineralen ministrordea izan zen, eta 2005etik 2015era, Baliabide Mineralen ministroa[1][2]. Gaur egun Mozambikeko Errepublikako Asanbladako presidentea da[3].
Mozambike uhartean jaio zen, Nampula probintzian. Francisco Nhiuane Bias eta Laurinda Augusto Faustinoren alaba da. Nampulan hasi zen ikasten. Dona Filipa eskolan amaitu zuen lehen hezkuntza 1970ean, eta bigarren hezkuntza Gago Coutinho lizeoan, 1978an[4].
Horren ostean, Maputo hirira joan zen bizitzera, non irakaskuntza propedeutikoa egin zuen Eduardo Mondlane unibertsitateko ekonomia fakultatean, 1979an. 1990ean lizentziatu zen fakultate berean. 1976tik 1980ra Banco Standard Tottan lan egin zuen, eta 1983an Empresa Nacional de Minasen sartu zen, non Administrazio Zerbitzuen burua izan zen eta gero Sailburua, 1984ra arte. 1984tik 1987ra Gemas e Pedras Lapidadas enpresan lan egin zuen[5].
1987tik 1990era Lapidaria Industriako zuzendariordea izan zen eta gero GPLko zuzendari nagusi 1991ra arte. Urte hartan Mozambikeko Baliabide Mineralen eta Energiaren Ministerioan hasi zen lanean. 1999an ministrorde izendatu zuten, eta 2005ean ministro[6]. 2015era arte egon zen kargu horretan.
2016ko otsailean, Mozambikeko FRELIMO alderdiko idazkaritzarako hautatu zuten Administrazio eta Finantza idazkari gisa[7].
Ezkonduta dago eta bi alaba ditu. Portugesez, ingelesez eta makhuwaz hitz egiten du[5].