Fabiola Gianotti (Erroma, 1960ko urriaren 29a)[1] partikula fisikari italiarra da. Nazioarteko Hadroi Talkagailu Handian egindako ATLAS esperimentuaren bozeramaile ohia eta Ikerketa Nuklearrerako Europako Kontseiluaren (CERN) zuzendaria da (postu horretara iritsi den lehen emakumea da gainera).[2]
Partikula esperimentalen Fisikan doktore bihurtu zen Fabiola Gianotti, Milango Unibertsitatean 1989an. CERN Kontseiluaren Fisika Sailean ikerlaria da 1996tik eta hainbat laborategi esperimentuetan aritu da: WA70, UA2, ALEPH eta ATLAS —nazioarteko kolaborazio horren bozeramailea izan zen 2009 eta 2013 artean— eta, CMS esperimentuaren bozeramaile zen John Incandelarekin batera, ofizialki iragarri zuten Higgs bosoiaren aurkikuntza 2012an, CERNeko lan mintegi batean.[3][4][5] 2013ko abuztuan Edinburgoko Unibertsitateko ohorezko katedraduna bihurtu zen.[6]
Accademia Nazionale dei Lincei akademiako kide da eta Ameriketako Estatu Batuetako Zientzia Akademia Nazionaleko atzerriko kide laguna ere bada[7][8].
Hainbat unibertsitateetan honoris causa doktore izendatu dute: Upsalakoak, Lausanako École Polytechnique Fédérale de Lausana (EPFL), Montrealgo unibertsitateak, Oslokoak eta Edinburgekoak, besteak beste.[9][10][11][12][13]
2013an Italiako Fisika Elkarteak Enrico Saria eman zion[14] eta 2014an Italiako Errepublikaren Merituaren Ordenako Gurutze Handiaren Zaldun izendatu zuen Cavaliere di Gran Croce dell'ordine al merito della Repubblica, Giorgio Napolitano Italiako Errepublikaren presidenteak.[15]
2011n, The Guardian egunkariak (Erresuma Batua) munduko 100 emakume inspiratzaileenen zerrendan sartu zen; 2012an, urteko bosgarren pertsonalitate izendatu zuen Time aldizkariak (AEB); 2013an, Forbes aldizkariak (AEB) eragin handiko 100 emakumeen artean ipini zuen eta AEBetako Foreign Policy (AEB) aldizkariak munduko pentsalari globalen artean aipatu zuen.[16][17][18][19]
Fabiola Gianotti, gainera, Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren Zientzia Kontseiluaren kidea da.[20]