Fátima Djarra Sani | |
---|---|
(2017) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Bissau, 1968 (56/57 urte) |
Herrialdea | Ginea-Bissau |
Bizilekua | Espainia |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | portugesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | aktibista |
Jasotako sariak |
Fátima Djarra Sani (Bissau, Ginea Bissau, 1968) integratzaile soziala, kulturarteko bitartekaria eta ablazioaren aurkako aktibista da. Munduko Medikuak erakundean egiten du lan, Afrikako komunitatearekin bitartekari gisa.
Bere familia mandinga etniakoa da eta 4 urte zituenean mutilazio genitala jasan zuen.
Senarra hil ondoren alde egin zuen bere herrialdetik. Kuban graduatu zen Eraikuntza Zibileko goi-mailako teknikari gisa, eta Bruselan amaitu zuen prestakuntza, Routiers Garraio eta Logistika Institutuan.[1] Bilbora iritsi zen, ahizpa bizi zen lekura. Bertan, kulturarteko bitartekaritza eta geriatriako laguntzaile ikastaroak egin zituen. 2008ko apirilaren 1ean, Nafarroako Munduko Medikuak erakundean sartu zen.[2]
Emakume afrikarra ikusarazteko tailerrak eta hitzaldiak antolatu zituen. 2008tik ugalketa-osasun sexualeko eta genitalen mutilazioaren prebentzioko proiektu batean ari da lanean.[3] Nafarroan 2013ko ekainean onartu zen emakumeen mutilazio genitala prebenitzeko eta horren aurrean jarduteko protokolo baten idazketan parte hartu zuen.[4] Eraikuntza Zibileko goi-mailako teknikaria da, eta Gizarteratzeko goi-mailako teknikaria.[5]
2011n, "Flor de Africa" Emakume Afrikarren Elkartea sortu zuen Nafarroan.[6]
Bitartekari gisa, Osasun Sistema Nazionaleko IV. Kalitate Sarien Sari Berezia jaso zuen 2011n, Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioak Munduko Medikuei emandakoa.[7]
2014an, 6 kolaboratzailerekin batera, "Dunia Musso" (emakumeen mundua) sortu zuen, Ginea Bissaun gazteekin lan egiteko erakundea.[8]
2015ean "Indomable: de la mutilación a la vida" liburua argitaratu zuen, 200 milioi emakumeri eta neskatori eragiten dien praktika negargarri eta bidegabearen inguruan gizartea sentsibilizatzea helburu duena. Bertan bere historia eta bere bizitzarako suposatu duena kontatzen du. Informazio- eta hezkuntza-faltak jokabide horiek babesten dituela salatu du, eta, horregatik, Fatimak bere bizitza zeregin horietan ematea erabaki du, etorkizunean aitzakia izan ez daitezen.[9][10]
Fatima emakume erreferentea da eskola komunitatearentzat bere inplikazio eta lan aktiboagatik berdintasunaren eta afrikar emakumeen integrazioaren aldeko hezitzaile lanagatik. Egiten duen sentsibilizazio lanarekin defendatzen duen bere mezu irmoak zera dio: “Ez dago arrazoi ez kultural ez erlijioso desberdintasuna justifikatzen duenik, ezta emakumeen zein neskatoen kontrako indarkeria ere”.[5]