Harold Eugene Edgerton (Fremont, Nebraska, AEB, 1903ko apirilaren 6a - Cambridge, 1990eko urtarrilaren 4a) estatubatuar ingeniaria izan zen.
Lastertasun handiko argazkia eta kamera estroboskopikoa asmatu zituen.
Nebraskako Unibertsitatean egin zituen ingeniaritza elektrikoko ikasketak. 1931n ingeniaritzako doktore-mailara iritsi zen Massachusettseko Teknologia Institutuan (MIT).
1928. urteaz geroztik zentro horretako irakasle izan zen. Argazki-flash mota berri bat asmatu zuen, xenonezkoa, segundo baten milioiren bateko lastertasunaz ireki eta ixten zena. Edgertonen Hodia da gaur egun gehien erabiltzen den flash mota. Flash horren bidez lastertasun handiko argazkiaren inguruko ikerketak egin ahal izan zituen; plater batera erortzen den esne tanta baten edo fruitu bat zeharkatzen duen balaren irudi ospetsuak egin zituen lehena izan zen.
Horrez gainera, lehenengo estroboskopio elektronikoak egin zituen eta Bigarren Mundu Gerran etsaien gudarosteen mugimenduei argazkiak ateratzea ahalbidetzen zuten argazki-unitateak osatu zituen. Gerraren ondoren, Estatu Batuen saio nuklearren argazkiak egiteko arduraduna izan zen, eta sakontasun handian lan egiten zuten urpeko kamerak egin zituen.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Harold Eugene Edgerton |