Herbert Southworth | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Canton, 1908ko otsailaren 6a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | Le Blanc, 1999ko urriaren 30a (91 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Texas Tech University (en) |
Tesi zuzendaria | Pierre Vilar |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, historialaria eta kazetaria |
Herbert Rutledge Southworth (Canton, Oklahoma, AEB, 1908ko otsailaren 6a - 1999ko urriaren 30a) estatubatuar historialaria izan zen.
Texas eta New Yorken egin zituen ikasketak. 1933tik 1938ra bitartean, Washingtongo Kongresuko Liburutegian lan egin zuen. Ordurako, liburuak biltzeko grina zuen, eta Espainiako Gerra Zibilari buruzko materiala biltzen eta gordetzen hasi zen, liburutegian garrantzizko dokumentuak eskuratzeko zuen aukera baliatuz.
1938tik 1939ra bitartean, Espainiako enbaxada errepublikanoan lan egin zuen, New Yorken, eta erakunde politikoen propaganda ezagutzeko aukera izan zuen. Espainiako gerra bukatu zenean, Gerra Informazioko Bulegoarentzat lan egin zuen, New York, Aljer, Rabat eta Casablancan. Gero, 1946tik 1960ra bitartean, Afrikako Irrati Elkarteko zuzendari nagusi izan zen, eta han ere Espainiako Gerra Zibilari buruzko material asko biltzeko aukera izan zuen.
1961ean Frantziara joan zen, eta idazle eta irakasle gisa lan egin zuen.
1939an Espainiako Gerra Zibilari eta faxismoari buruzko lehenengo lanetako bat argitaratu zuen, Foreign Affairs aldizkarian, 1963an Francoren gurutzadaren mitoa, 1967an Antifalange, eta 1975ean Gernikaren sarraskia. Azken lan horrek Sorbonako Unibertsitatearen onespena jaso zuen, eta historian doktore izendatu zuten. Southworthen ustez, Estatu Batuetako, Ingalaterrako eta Frantziako eliza katolikoaren laguntzarik gabe, Francok ez zukeen gerra irabazi izango. Haren ustez, faxismoa 1917ko Errusiako Iraultzaren eta Bigarren Mundu Gerra ondorengo deskolonizazioaren artean zabaldu zen Europako mendebaldean eta erdialdean. Espainian gertatu zena salbuespena izan zen, egitura administratibo frankistaren luzapen artifiziala.