Isabella Leonarda | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Novara, 1620ko irailaren 6a | ||
Herrialdea | Kingdom of Sardinia | ||
Heriotza | Novara, 1704ko otsailaren 25a (83 urte) | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | italiera | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | musikagilea | ||
Mugimendua | musika barrokoa | ||
Anna Isabella Leonarda, ezaguna Novarako Musa Nagusia ezizenez (Novara, Italia, 1620ko irailaren 6a - Ibidem, 1704ko otsailaren 25a) italiar musikagilea izan zen, garai barrokoko erlijiosokoa.[1] Bere Opus 16, 1693an Bolonian argitaratua, emakume batek argitaratutako historiako lehen konposizio instrumentala da.
Hamasei urte zituela Collegio di Sant'Orsolan (Santa Urtsula Ikastetxea) sartu zen, Novarako Urtsulatar mojen komentu batean, eta han egon zen bizitza osoan. Bere garaiko musikagile ezagunenetako bat izan zen, argitaratutako sonata-musikagile ezagunena.[2] Isabella Leonarda konpositore trebea eta aldakorra izan zen, eta 200 konposiziotan, ia genero sakratu guztien adibideak daude, batez ere motete, meza eta salmoenak.[3]
Bere garaiko emakumerik emankorrena da, lan eta argitalpen asko ditu eta. Honelaxe gogoratzen da: «Novarako Musa Nagusial».[4]
Anna Isabella Leonarda, batzuetan Isabella Leonardi edo Isabella Calegari izenez ezaguna, Novaran jaio zen 1620ko irailaren 6an eta egun berean Novarako katedralean bataiatu zuten.[5][6] Piamonteko familia noble eta tradizio luzekoa izan zen, eta familia horretako kideak hiritar eta eliz funtzionario garrantzitsuak eta zaldunak izan ziren. Apolonia Sala eta Giannantonio Leonardi kondearen alaba zen, eta sei neba-ahizpa ziren.
Garai eta maila sozialeko beste gazte batzuk bezala, hamasei urterekin mojagai sartu zen Novarako Santa Ursula izeneko Ikastetxe entzutetsuan, non Leonarda familia ongilea zen eta Isabellaren bi ahizpa erlijioso sartuak ziren.[7] 1639an moja egin zen, 1686an ama superiora egin zen, 1693an ama bikario, eta 1700etik aurrera, berriz, kontseilari (ez dakigu zein den titulu horren esanahi zehatza, beharbada ohorezkoa, zahartzaroan emandakoa, urteetan emandako zerbitzu leialarengatik).[6]
Novaran hil zen 1704ko otsailaren 25ean, laurogeita hiru urte zituela.[3]
Oso gaztetatik erakartzen zuen musikak. Kapera irakaslea ere izan zen denboraldi labur batez. Urtsulatar-mojek, irakaskuntza-ordena batek, goi-mailako gazte aberatsek ikasten zuten elizaren ondoko eskola zuten. Erakunde ospetsu horretako elizako egun santuak festekin eta musika landuarekin ospatzen ziren, gehienetan organoarekin batera. Elisabetta Casatak, komentuko organo-joleak eta musika-irakasleak, emango zion, seguruenik, oinarrizko musika-heziketa.
Ez dakigu Leonardak musika ikasi zuen monasteriotik igaro aurretik, baina jatorri sozioekonomikoa zuenez, litekeena da gai horretan nolabaiteko hezkuntza izatea. Baliteke Gasparo Casati konpositorearekin (1610-1641) ikasi izana, Novarako katedralean kapilako maisu titulua baitzuen 1635etik hil zen arte.[3] Casatik, 1640ko argitalpenean, Terzo libro di sacri concenti, Leonardaren lehen konposizio ezagunetako bi sartu zituen, eta horrek nolabaiteko babesa ematen dio aurreko teoriari, garai hartan irakasleak ohitu baitziren ikasleen lanak sartzen, haiek ezagutzera emateko. Horiexek dira gaur egun Isabella Leonardaren ezagutzen diren lehen konposizioak.[7]
Isabella Leonardaren lanek elizako ia musika-genero guztiak hartzen dituzte: ahots batetik lau ahots bitarteko motete eta kontzertuak, salterio-konposizioak, erantzungailuak, magnificat, letaniak, bezperak (latinez batez ere, baina tarteka italieraz), mezak eta sonatak. Gainera, kantari bakarlarientzako eta baxu orokorrentzako musika idatzi zuen, baita abesbatza eta soketarako ere. Bakarkako abesti sakratu batzuk ere idatzi zituen, testu bernakuluekin. Sonate da Chiesa edo Opus 16, konpositore batek argitaratutako lehen sonata instrumentala izateagatik historikoa izan zen. Aipatutako eliza-sonatak Opus 16 delakoan daude, konpositore batek argitaratu duen lehena izan daiteke.
Isabella Leonardaren lanik ugariena ´motete´ bakarlaria izan zen. ´Motete´ delakoa, Frantsesetik datorren "motet" izenetik dator eta XIII. mendean sortutako konposizio polifonikoa da, elizetan abesteko sortua, eta haren gaiak biblikoak izan ohi dira. Latinez egindako 4 ahotsetarako eta "a capella" (musika-tresnarik gabe) erlijio-gurtzarako abestiak ziren.
Baina Isabellaren lorpen gehienak sonatak dira, 1, 2, 3 eta 4 instrumentutarako sonatak argitaratu zituen lehen emakumetzat hartzen da eta. Bere lanetan ahots bakarlarirako motetea da nagusi, organoa lagun, eta batzuetan, beste instrumentu batzuekin. Sonata instrumentalengatik egin zen ezagun.
Ahots-pieza gehienak ahots baterako, birako, hirurako eta/edo laurako idatzi ziren. Isabellak magnificats-ak, Ama Birjinari eskainitako antifonak ere konposatu zituen
Zaila da Leonardaren obran konpositore jakin baten eragina aurkitzea.
1etik 11ra bitarteko sonatak bi biolin, bioloi eta organorako dira. 1., 3., 4., 7. eta 8. sonatak “sonata itunduak” dira, hau da, hiru instrumentuetako bakoitzak gutxienez pasarte bat du bakarka. Etiketa horrek iradokiko luke etorkizuneko ikuspegia duten obrak direla, kontzertu hasiberri gisa, baina, berez, guztiz kontrakoa da, izan ere, lan horiek XVII. mendearen hasierako ezaugarri gehiago dituzte, 1693an, ikuspegi hori oso zaharkitua zegoen. 12. sonata da Leonardaren sonata bakarlari bakarra, eta konposizio onenetako bat da.[8]
Leonardaren sonatak ez dira ohikoak egitura formalean. Oro har, Corellik ezarritako lau mugimenduren forma “estandarra” (motel-arin-motel-arin) ikusten da, Chiesa sonataren konposizio batzuk eredu horretara egokitzen ez diren arren. Aurreko konpositoreek sekzio- edo mugimendu-kopurua zela eta, ez zuten hain trinkoak izateko joera, nahiz eta hiru, kopuru nahiko arrunta izan eta bost sekzioetatik gorako sonatak, arraroak izan. Leonardaren sonatak, ordea, lau baino ez dira aldatzen (6. eta 9. sonatak), eta hamahiru arte (4. sonata), eta lau sekziotan egindako sonatak ez datoz bat motel-arin-motel-arin ereduarekin.
Oso errespetatua izan zen bere jaioterrian, baina bere musika ez zen hain ezaguna Italiako beste leku batzuetan. Leonardaren lana Frantzian deskubritu zen, Sébastien de Brossard musikagile frantziarrak bere pieza batzuk ikusi zituenean, eta mirespenez idatzi zuen bere Catalue des livres de musique theorique et pratique (Paris, 1724) lanean:
"Isabella Leonarda eder eta paregabe honen lan guztiak hain dira ederrak, xelebreak, hain distiratsuak, eta aldi berean hain ulertuak eta hain jakintsuak... denak ez izateak min egiten didala".
Leonardaren ia lan guztiek bi eskaintza dituzte, bata Ama Birjinarentzat eta bestea garai hartako pertsonaia garrantzitsuenetako batentzat. Azken horien artean Milango artzapezpikua, Novarako apezpikua eta Leopoldo I.a enperadorea daude. Komenturako diru-laguntza bilatu beharrak, ziurrenik, eskaintza horietako asko eragin zituen. Opus 10 programarako eskaintzan adierazi zuen, halaber, atsedenaldiari esleitutako denboran baino ez zuela musika konposatzen, komentuaren barruko administrazio-betebeharrak ez baztertzeko. Horrek kontraesana sortzen du: Leonardak garai hartako beste moja batzuk baino denbora gehiago eman ahal izan zuen konposatzen, komentuaren barruko aginte-postuak zirela eta.
Gaur egun ere entzun daiteke bere musika kontzertuetan, edo erlijio zerbitzuetan.
Novarako museoa (1701), Lazaro Agostino Cottaren hitzak daude:
'Novarak lanbide guztietan gizon ospetsuak izan ditu... eta ez zaio falta izan fama egiten dioten emakume birtuosorik. Horien artean, Isabella Leonarda izena goraipa daiteke, eta, musikaren artean duen estimazio bereziagatik, Novarako Musa Nagusia dei dakioke.'
122 motete, 18 kontzertu sakratu, 17 meza, 12 sonata eta 11 salmo idatzi zituen. Haren lanak 60 urtean argitaratu ziren, 1640tik 1700era.
Bere Opus 16, 1693an Bolonian argitaratua, da orkestra-musika duen bakarra, zortzi hirunakako sonata eta bakarkako sonata bat. Aldi berean, emakume batek argitaratutako historiako lehen konposizio instrumentala da.[9] Seguruenez, Isabella Leonarda ez zen horren jakitun. Agian musika ez-testuala interesatzen zitzaion, ahots-lan askoren kontrapisu gisa, edo beharbada, hiruko sonataren genero berria probatu nahi zuen.[10]
Bere lanek XVI. eta XVII. mendeen artean Italian aktibo zeuden konpositoreen artean, inprimatutako lan ugariez gain, irudi adierazgarrienetako bat bihurtu zuten.[6]
Isabellaren abizena, Bolonian inprimatutako argitalpenetan, "Leonarda" moduan agertzen da beti; Milan inguruko inprimaketetan, non Leonardi familia oso ezaguna baitzen, "Leonarda" forma portadan zein eskaintzan eta "Leonardi" moduan erabiltzen da orri autografiatuetan.[6]