Marcelino Camacho Abad (El Burgo de Osma, Soria, 1918ko urtarrilaren 21a - Madril, 2010eko urriaren 29a) sindikalista eta politikari espainiarra izan zen.
Hamazazpi urte zituela egin zen UGT sindikatuko eta PCE Espainiako Alderdi Komunistako kide. Espainiako Gerra Zibilean, errepublikaren alde borrokatu zen. Gerra amaieran, preso egon zen Tangerren (1940-41). Ihes egitea lortu zuen, eta frantses armadan lan egin zuen 1957ra arte.
Espainiara itzultzean, Perkins motor-fabrikan hasi zen lanean, eta buru-belarri ekin zion sindikatuko lanari. Langileen Oposizio Sindikaleko (OSO) ordezkari izan zen lehenbizi, eta Comisiones Obreras sindikatua (CCOO) eratu zuen gero, Julián Ariza eta beste zenbaitekin batera.
Sarritan kartzelatu zuten frankismoaren garaian (1967tik 1972ra, 1972tik 1975era, 1976an), eta CCOOko idazkaritza nagusian jardun zuen Franco hil ostean.
Diputatu izan zen PCEko zerrendetan, Madrilen 1977an hautatu zuten Espainiako Parlamentuan, eta PCEko Batzorde Eragileko kide ere izan zen. 1987an utzi zuen CCOOko idazkaritza nagusia, eta sindikatuko presidente izendatu zuten. Bere bizitzako oroitzapenen liburua idatzi zuen 1990ean, Confieso que he luchado, Manuel Vázquez Montalbánen hitzaurrea duena.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Marcelino Camacho |